Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Fujiko Nakaya

Manuel Cirauqui

Izenburua:
Fujiko Nakaya
Egilea:
Manuel Cirauqui
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta paisaia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Mugimendua | Sinbologia | Guggenheim Bilbao Museoa | Ingurunea eta natura | Elementuak | Bilbo | Japonia | Lurrinak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Nakaya, Fujiko

Museoko urmael gainean orduro, puntu-puntuan esnatzen da Fujiko Nakayaren Laino-eskultura 08025 zk. (F.O.G.) [FogSculpture #08025 (F.O.G.), 1998] pieza, zeinak termino berezietan —hemen eta orainera zehaztasunez eta sentiberatasunez egokituta— planteatzen baitu espazioaren eta lekuaren esperientzia. Pieza hori lainozko eskulturatzat hartzeak esan nahi du, batetik, Nakayak elementu berezi bat (ur lainoztatua) erabiltzen duela material katalizatzaile gisa; izan ere, sortzaile japoniarrak bultzada handia eman zion joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan lainoa artelanerako material gisa erabiltzeko ideiari. Baina, beste alde batetik, paradoxa bat adierazten du, lainoa ez baitago ur gehiagoz osatua aireaz baino —lurretik gertu dauden likido-zatikiek arinaren arinez grabitatetik ihes egin eta haizebidetik ateratzean topatzen duten aireaz—. Edateko urarekin, eta osagai toxikorik erantsi gabe, lainoa fabrikatzen duen ihinztagailu horrek halako interakzio kolaboratibo eta lurrunkor bat eragiten du, Nakayak laino-eskultura deitzen duena, esapidearen baitan dagoen paradoxa gorabehera. Nola ikusi, ordea, artista bere eskultore rolean, inoiz ez badu bere obran formalki esku hartzen?1.

Eta, batez ere, nola eman “eskultura” izendapena segundo gutxi batzuetan bakarrik gorpuzten den bolumen suntsikor eta lurrunkor bati?2. Yuji Morioka irakasleak adierazi zuen bezala, umorez eta logikaren kontrako arrazoiz beteriko kontzeptu bat da hori, aurreko mendearen erdian Nakayaren artelana blaitu zuen neoabangoardia-giro japoniarraren eta estatubatuarraren oso berezkoa. Lurruntasuna hari gidaritzat hartuta, konexio-lerro bat marraztu genezake aireari eskultura itxura emateko Nakayaren nahimenaren eta La Monte Young bezalako musikariaren Fluxus mugimenduko ezaugarriak dituen jardunaren artean. Izan ere, haren Konposizioak 1960 sailaren bosgarren lanean, Youngek kontzertu-aretoan tximeleta bat askatzea proposatzen zuen, haren hegalen astindua entzuteko3. Nolanahi ere, esan dezakegu ur lainoztatuaren izaera ez- organikoak eta mineraltasun monokromoak Nakayaren lanen balio eskultoriko eta abstraktua areagotzen duela, fenomeno naturalaren beraren liluragarritasuna azpimarratzeaz gain.

Bere lanari buruzko testu luzeak idaztera oso emana ez bada ere, Nakayak bere asmoei eta bere praktikaren zentzuari buruzko ohar argigarriak idatziak ditu azken hamarkadotan.

Bada lilura-elementu bat ere langai duen laino hori aldi berean elementu naturala eta “artefaktua” izate horretan: “Sistema motordun baten eta berariaz diseinatutako laino-toberen bidez, laino-tanta naturalen ia tamaina bera duten tanta-kopuru handia sortzen da. Izadian, tenperatura gradu baten edo biren aldea nahikoa izaten da laino trinko hedakor bat bat-batean desegiteko edo sortzeko”4. Esan gabe doa horrek Japoniako paisaia-arteek duten ildo era berean bare eta zorrotzean kokatzen duela Nakaya, zeinetan artifizioek eta prezipitatu naturalek, ekintza gizatiarrek eta ez-gizatiarrek, elkarrekin identifikatzerainoko sinergiak sortzen dituzten. Era berean, lainoa bezalako fenomeno baten edo airea bezalako gorputz baten irudikapena eta haien gauzapena nahasi egiten dira. Artistaren ustez, pieza bakoitzak, aktibatzean, “erauzketa” bat (ingelesez probe) egiten du dagoen tokian, atmosferaren forma toki jakin batean supituan agerrarazten duen substantzia errebelatzaile bat aplikatuko balu bezala. Aipatu Moriokak “paisaia interaktibo” batez hitz egiten du ingurune berezia eta ikusleen parte-hartzea pizteko bokazio argia duten pieza horiek hizpide hartzean: “Atmosferaren arnasketa ikusgai egiten duen arren, atmosferara bertara itzultzen da azkenean… Eskultura hau materiala denaren eta immateriala denaren artean dago kokatuta, objektuaren eta fenomenoaren artean; beharbada ‘egoeren eskultura’ dei genezake, besterik gabe. […] Agian, ‘laino-eskultura’ lanaren premisa interesgarriena pertsonak, materialak eta fenomenoak laino-ingurune batean biltzeko duen gaitasun hori da; izan ere, ingurune horretan desagertu egiten da zenbait eragilerentzat ezinbestekoa den erreferentzia-esparrua, haiek harreman-paisaia berri baten zati gisa utzita”5. Erin Manning filosofoak, bere aldetik, “relationscape” terminoa sortu du, “espazioak sortzeko” erantzukizuna duten erlazioen, ekintzen eta potentzien arteko mihiztadurei erreferentzia egiteko. Nakayaren laino-eskulturaren mugimendu inguratzailera itzuliz, pentsa dezakegu hura zeharkatzeak geure burua aniztasunaren zati gisa, partikulen mihiztadura gisa ikustera gonbidatzen gaituela. Bada halako ukitu delikatu eta fresko bat erdigunerik gabeko eskultura aniztun horretan, iritsi orduko aienatzen dena. Manningek esango lukeen moduan: gorputz bakoitza, baina baita lainoa ere, berez den “bat baino gehiago” (more-than-one) delakoak osagai duen “oraindik ez” (not yet) hori6.

Pasabide horretan bada zientzia atmosferikoetan jantziak ez direnentzat guztiz harrigarria den zerbait: laino naturalaren partikulak eta bitarteko mekanikoen bidez sortutakoak tamainaz desberdinak direla ohartzea. Orduro-orduro Museoko urmaelaren gainean altxatzen eta kiribiltzen ikusten duguna ez da, beraz, “laino” izeneko objektu naturala, haren irudikapen bat baizik, lagundutako birsortze bat. Horrek are bikainago egiten du, beharbada, Nakayaren obra atmosferikoa, zeinaren bokazio ekologikoarekin lotu baititzakegu Luce Irigarayren eta Michael Marderren gogoetok: “Zalantzarik gabe, airea da lurreko bizitzarako funtsezko elementua, baita materiaren egoera desberdinen arteko bitartekaritza bermatzeko elementu boteretsuena ere, bai gure baitan, bai gure baitatik kanpo. Aldi berean gorputza eta arima izateko aukera ematen digu, eta dentsitate- eta tenperatura-aldaketak eragiten dizkio atmosferari”7. Nakayaren laino-eskulturek airearen gorabeherak eta mugimenduak erakusteko bertute funtzional eta kontenplatiboa badute ere, Bilboko instalazioaren ezaugarriek eta egiturak —bi tobera-ilara Museoko urmaela eta itsasadarra banatzen dituen pasabidearen azpian— izaera berezia ematen diete bere adierazpenei, hainbat arrazoirengatik. Egun haizetsuetan, haize aldakorrek laino- zurrunbilo handiak sortzen dituzte pasabidean, eta inoiz “tunel” ikusgarri bat eratzen dute, oinezkoek zeharkatzeko modukoa.

Bestalde, esan beharra dago Laino-eskultura 08025 zk. (F.O.G.) hau museo-bilduma batean modu iraunkorrean ikusgai dagoen Nakayaren lan bakanetakoa dela. Artistak sarritan adierazi duenez, atseginez adierazi ere, Bilboko instalazioak ez du argi- edo soinu-gehigarririk egunean zehar, baina ilunabarrean, urmaelean dagoen Su-iturria (Yves Klein) du bizikide. Egia esan, ikuskizun paregabea eskaintzen dute biek ala biek, aire, ur, su eta lur elementuak elkarrekin solasean jarrita.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRAK

  1. Alexandra Munroe eta Ikuyo Kakagawa, “Fujiko Nakaya”, hemen: Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, eta TF Editores, Madril, 2007, 370. or. eta hurrengoak.
  2. Yuji Morioka, “Interactive Landscape”, hemen: Anne-Marie Huguet (ed.), Fujiko Nakaya. Fog / Brouillard, Anarchive, Paris, 2012, 16. Or.
  3. “Turn a butterfly (or any number of butterflies) loose in the performance area./ When the composition is over, be sure to allow the butterfly to fly away outside./ The composition may be any length but fan unlimited amount of time is available, /the doors and windows may be opened before the butterfly is turned loose and the composition may be considered finished when the butterfly flies away”. La Monte Young, Composition 1960, #5.
  4. Fujiko Nakaya, “Notes” (1990), hemen: A.-M. Huguet, op. cit., 7. or.
  5. Yuji Morioka, hemen: A.-M. Huguet, op. cit., 16–17. or.
  6. Erin Manning, Relationscapes, MIT Press, Cambridge, 2012, 13. or.
  7. Luce Irigaray eta Michael Marder, Through Vegetal Being, Columbia University Press, New York, 2016, 27. or.