Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Ellsworth Kelly

Lucía Agirre

Izenburua:
Ellsworth Kelly
Egilea:
Lucía Agirre
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Arkitektura | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Tamaina | Solomon R. Guggenheim Foundation | Guggenheim Bilbao Museoa | New York | Europa
Mugimendu artistikoak:
Espresionismo Abstraktua
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Kelly, Ellsworth

“Ez zaizkit ertzak interesatzen. Niri masa eta kolorea, zuria eta beltza interesatzen zaizkit. Formak ezin gehiagoraino baretzen direlako sortzen dira ertzak. Masek ekin eta jardun dezaten nahi dut nik”1.—Ellsworth Kelly

Kolore horiko margo leun distiratsuak horizontalki luzatutako erronbo-itxurako mihise batean marrazten duen kurba luze dotoreak lerro ahur bihurtzen du Kurba horia (Yellow Curve, 1972) lanaren gainalde zuria. Olio-pintura beilegiak horizonte-lerro betea eratzen du, mihisearen beraren deformaziotik —eta ez artistaren berariazko ekintza batetik— sortua bezala. Horrek zera galdetzera garamatza: forma hondoaren aurretikoa den, edo alderantziz den. Pintura horiak bestelako gorpuztasuna du pintura zuriaren aldean, eta bi koloreak eremua bereganatzeko lehiatzen dira elkarrekin. Miaketa xehe eta hurbilekoa egin ezean, hori ez da nabaritzen, eta Kellyk ere ez du interes handirik erakutsi horretan, bere lanak osotasun baten zati gisa ikusiak izatea nahi izan baitu, ikus-lengoaia murriztu batean; baztertu gabe ez inguruko espazioa, ez “multzo” edo “osotasun” horrek begiralearen pertzepzioan eragiten duen aldaketa.

Ellsworth Kelly artista estatubatuarraren obrak (Newburgh, New York, 1923–New York, 2015) leku nabarmena du XX. mendeko abstrakzioaren katalogoan. Haren lana ez da orduko sailkapen-grinaren arabera kokatzen erraza, baina baditu antzekotasunak garaiko zenbait mugimendurekin, batez ere Hard Edge pinturarekin eta minimalismoarekin. Kellyk bere unibertsoa sortzen du, formaren eta hondoaren arteko dikotomia tradizionala hautsiz.

Hasiera batean Bostongo Arte Ederren Museoko eskolan ikasi eta artearen historiako maisu handiak eta haien teknika aztertzen buru-belarri jardun zuen Kellyk. Gero, Parisera jo zuen gerra amaitu bezain laster. Urte haietan, figurazioa alde batera utzita, obraren nolakotasun piktoriko hutsen bilaketan murgildu zen, eta markoaren mugak ezabatu zituen, forma eta hondoa osotasun batean bildurik. Parisen zela, Europako arkitektura eta haren inguruko xehetasunak interesgune berri bihurtu ziren artistarentzat, eta funtsezko eredu edo formen esplorazioan eta esperimentazioan jarri zuen arreta. Ikerketa horrek lehen garai hartako hainbat obratan izan zuen isla, hala nola, Leihoa, Arte Modernoko Museoa, Paris (Window, Museum of Modern Art, Paris, 1949) izenekoan. Bi hamarkada baino gehiago geroagokoa da Kurba horia, haren Spencertowneko etxean lehen eta bigarren solairuen artean zegoen haizemaile itxurako gainleihoan inspiratua2. Hala ere, Kellyren obrak ezaugarri berezi bat badu hauxe da, urte haietan eta lan horietan jada nabarmena zenez: artistaren nortasunaren arrasto oro obratik desagerrarazteko nahia. Ezin da esan artista bera horren atzetik zebilenik, baina hori iradokitzen du erabili zuen teknika garbiak eta pintzelkada, marka, lerro edo “gorabehera” oro ezabatzeko ahaleginak.

Parisen eta, oro har, Europan, haren obrak aitorpen handirik jasotzen ez zuela ikusita —nahiz eta, bitxiki, haren lana Santanderren ikusgai jarri zuten, 1953an, Arte Garaikidearen Museoak antolatutako taldeko erakusketa batean—, Kelly New Yorkera itzuli zen 1954an, espresionismo abstraktua gorenean zegoen garaian. Bere lanaren estiloa mugimendu heterogeneo eta gailen horren postulatuen kontrako norabidean bideratua zegoen erabat; hala, New Yorkeko Coenties Slip kalean finkatu zen artista, non ezagutu baitzituen antzeko kezka artistikoak zituzten hainbat artista, besteak beste Robert Indiana, Agnes Martin, James Rosenquist eta Jack Youngerman. AEBra iritsita egin zituen pinturek ez zuten ikusteko handirik Europako etapan egindakoekin, eta norabide berria markatu zuten haren ibilbidean. Hori oso garbi ikusi zen 1956an Betty Parsonsen galerian egin zuen erakusketan, Atlantikoaren bi aldeetan sortutako lanak aurrez aurre erakusgai jartzean. Margolan berriak Parisekoak baino dinamikoagoak ziren, eta forma irregularrak zituzten, kurbatuak edo ertz askokoak, euskarri berean integraturik; izan ere, artistaren hitzetan, ordurako “agortuak [zituen] panel gaineko pinturen aukerak”3. Baina, dena dela, inoiz ez zion erabat utzi panelekin lan egiteari, eta, aurrerago, gogotsu heldu zien berriro. Etapa horretan, Kellyk mihisean zehar “bultzatu” nahi izan zuen pintura, hondorik gabeko forma handia pintatu; eta interes horrek objektu eskultorikoa lantzera ere eraman zuen: forma lauak gainazal leuneko konfigurazio tridimentsional bihurtu zituen.

Hirurogeiko hamarkadan, Solomon R. Guggenheim Museumen antolatu zuten Abstract Expressionists Imagists talde-erakusketan parte hartu zuen, non AEBko azken joera artistikoak aztertu ziren H. H. Arnason ospetsuaren gidaritzapean. Hamarkada horren erdialdean sortu zuen Kellyk, halaber, bere lehen mihise formaduna (“shaped canvas”), Pieza horia (Yellow Piece, 1966) hain zuzen. Pieza horia akrilikoz moldatu zuen baina baliabide hori denbora-tarte labur batean erabili zuen bakarrik, berriro olio-pinturara itzuli aurretik. Hain zuzen, akrilikoari esker lortu zuen berak hain gogoko zituen frontaltasun eta lautasun anonimo horiek adieraztea. Kellyk berak Kazimir Malevichen obrarekin lotzen zituen ezaugarriok, eta, ondorioz, Errusiako ikonoekin —hala nola ikasle garaian Bostonen ezagutu zuen Andrei Rublioven Hirutasuna (1425) ospetsuarekin—; izan ere, Kellyren aburuz Malevichen pintura suprematistek antzekotasun “estrukturalak, formalak eta are metafisikoak ere” baitituzte haiekin4.

1970ean, New Yorkeko Spencertownera aldatu zen, antzoki bat alokatu zuen, estudio gisa erabiltzeko, eta horrek formatu handiagoekin lan egiteko aukera eman zion. Garai horretakoak dira tamaina handiko Kurba horia (1972) mihisea, Kurba gorria II (Red Curve II, 1972, Stedelijk Museum, Amsterdam) eta Kurba urdina III (Blue Curve III, 1972, Los Angeles County Museum of Art). Haizemaile-itxurako gainleihoaren forman inspiratuta dauden obra horiekin, forma arkitektonikoetara itzuli zen Kelly, hasierako Leihoa, Arte Modernoko Museoa, Paris lanaren ildotik. Era berean, hiru lan horietako bakoitzean protagonista diren koloreek gogora ekartzen dizkigute Mondrianen obra —hura ere Argiaren Hirian ezagutu zuen Kellyk— eta hark oinarrizko hiru koloreak (gorria, horia eta urdina) erabiltzeko zeukan modua. Hala ere, Kellyk ez du inolako harremanik ezartzen erabiltzen dituen koloreen artean, etena garbia da; ez ditu, Mondrianek bezala, lauki edo erretikulu beltzen bidez mugatzen, baizik eta bere purutasun osoan adierazten. Aipatutako hiru pinturetatik Kurba horia da, hain zuzen, luzera txikiena duena: zabaleran bi aldiz handiagoa da luzeran baino, eta obalo biribilagoa sortzen du konposizio gorrikoarena baino, zeinaren zabalera altuera halako lau baita ia. Hala, bolumen horiak haizemaile baten itxura dauka, eta bolumen zuriak, berriz, adarrak beherantz dituen parabola batena. Horrek guztiak Gaudiren edo Le Corbusierren arkitektura gogorarazten digu, baina baita, esaterako, Istanbuleko Santa Sofiako kupula zoragarriko petxinak ere.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRAK

  1. Ellsworth Kelly, hemen aipatua: Ellsworth Kelly: A Retrospective, erak. kat., The Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 1996, 11. or.
  2. Ellsworth Kelly, ibid., 35. or.
  3. Elkarrizketa hemen argitaratu zen: Artstudio, 24. zk., Paris, 1992ko udaberria.
  4. Artist’s Choice: Ellsworth Kelly, Fragmentation and the Single Form, erakusketaren eskuorria, Museum of Modern Art, New York, 1990, or.