Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Jeff Koons

Lucía Agirre

Izenburua:
Jeff Koons
Egilea:
Lucía Agirre
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Sinbologia | Tamaina | Eskala | Guggenheim Bilbao Museoa | Animaliak artean | Landareak | Loreak | Bilbo | Frank Gehry
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Koons, Jeff

“Pieza zeharo barroko eta espirituala dela pentsatzea gustatzen zait. Dena kontrolpean dago sorreran, baina haren izateak asko zor dio zoriari, lore biziz osatua baitauka azala”1.—Jeff Koons

Alderaketa sinple bat eginda, bitxia da ikustea zer gertatzen den Michelangeloren David eskulturaren aurrean jartzen garenean —bost metro pasatxoko pieza, zeinak mehatxatzen baitu gure giza eskala, eta aldi berean hunkitu, marmolezko gorputzari darion indarragatik—, eta zer gertatzen den, aldiz, Jeff Koonsek sortutako hamabi metroko West Highland White Terrier txakurkume lorezkoaren aurrean paratzen garenean.

Eskala askoz handiagoa izanagatik, Puppyk (1992) gizaki gisa txikiago sentiarazi gabe egiten digu ongietorria Museora. Aitzitik, haren tamaina ez zaio mehatxagarri gure neurri mugatuari, lore bizi eta txikiz zatikatutako masak artelanaren pertzepzio orokorra apurtzen duelako, agian; izan ere, urrutitik baino ez dugu ikusten pieza osotasun gisa. Puntillismo-ariketa bat da, Seuraten margolan batenaren modukoa, eta 38.000 loretxo bizi-bozik forma ematen diote txakurkumeari, atzean duen titaniozko eraikina naturaz beteko balute bezala.

Pertzepzioari dagokionez, halako lanen kokapenak betetzen duen papera nabarmendu behar da. Hori argi geratzen da, esaterako, Michelangeloren David eskultura Florentziako Signoria plazan kokatuta dagoen kopiarekin alderatzen badugu, edo gogoratzen badugu Puppy ere orain duen kokapenaren oso bestelako testuinguru baterako sortu zela: hasieran, Waldecker familiaren gaztelu barrokoko ohorezko patioan instalatu zuten aldi baterako, Alemaniako Bad Arolsen hirian, Kasseletik hurbil, Made for Arolsen. Skulpturen und Projektionen ekimenaren barruan. Erakusketa hori Kasselgo Documenta 9 erakustaldiaren aldi berean egin zuten, eta, Arolsen topaketa artistiko ezagunetik ia 50 kilometrora bazegoen ere, Puppyk publikoaren arreta erakarri zuen, baita prentsa espezializatuarena ere, AEBkoarena barne. Kontuan hartu behar da Jeff Koonsen aurreko lana, Zeruan egina (Made in Heaven), estigmatizatu egin zutela AEBn, artista eta haren bikotekidea Adam eta Eva garaikide gisa ageri baitziren sail hartako irudi batzuetan, jarrera sexualki esplizituetan eta fideltasun- eta maitasun- sinboloz inguratuta; irudi horiek eragotzi egin zuten Koonsek proposatzen zuen autoafirmazio-ariketa ikustea, baita saileko beste lan batzuk antzematea ere, hala nola egur polikromatuzko White Terrier (1988) txikia, geroago Alemaniako gazteluan jarriko zuten 11 metroko Puppy txakurraren aurrekaria.

Gazteluaren eta bertako lorategien barrokismoarekin kontrastean, egurrezko egitura landugabe eta primitibo batek osatzen zuen jatorrizko txakurraren eskeletoa. Lurrez betetako poltsak sartu zituzten bertan, eta horietatik ateratzen ziren landareak, milaka loreren koloreek zipriztindutako mantu berde sarria osatuaz. Arolsengo erakusketa amaitu zenean, egitura suntsitu egin zuten, eta, gerora, Koonsek euskarri berria sortu zuen, altuagoa eta altzairu herdoilgaitzez egina. Euskarri hori Sydneyko Arte Garaikidearen Museoko patioan egon zen ikusgai 1995eko abendutik 1996ko martxora bitarte, eta 1997ko irailean Bilbora ekarri zuten: urte hartako urrian behin betiko jarri zuten Frank O. Gehryk diseinatutako eraikinaren aurrean.

Hartara, berez Versaillesen inspiratuta dauden XVIII. mendeko gaztelu aleman bateko lorategietarako sortutako lana kareharrizko zabaldegi batean kokatuta dago orain, Museora daraman kalean gertatzen denari begira, aurrean Federico Ugalde bilbotar arkitektoak XX. mendearen hasieran egindako eraikin bat duela, eta atzean, aldiz, Frank O. Gehryk XX. mendearen amaieran sortutako ikono dekonstruktibista. Puppyk bizia ematen die zementuari, harriari eta titanioari, bai lorategi bertikala delako, begoniaz, baltsaminaz, lobeliaz, petuniaz, Indiako krabelinez eta ageratumez betea, bai izaki bizidun bat irudikatzen duelako.

Bilborentzat eta Museoarentzat ikonoa izateaz gain, Jeff Koonsen artelan enblematikoenetako bat ere bada Puppy. Koonsek lan berdingabea, identifikagarria eta berritzailea garatu du, eta horrek gure garaiko artearen figura handietako bat izatera eraman du. Haren obrak ez du eskuraezintasun-kutsurik, erakargarria eta ezaguterraza da publiko orokorrarentzat, eta, era berean, artearen historiako iturri ugaritatik edaten du. Koonsen estiloa parerik gabea da, eta antagonikotzat jo litezkeen kontzeptuak elkarrekin harmonian ageri dira bertan.

Hala, ikonografiaren eta materialen bidez fusionatu egiten dira bizitza eta heriotza, iragana eta oraina, betierekoa eta berria, sexualitatea eta xalotasuna, publikoa eta pribatua, industriala eta artisaua, femeninoa eta maskulinoa, luxua eta soiltasuna, edo kontrola eta anarkia; Puppyren kasuan ere halaxe gertatzen da. Koonsek bere ibilbide profesionalean egin dituen urrats guztiak koherenteak izan dira, eta, hala ere, txundidura eragin digute ezustekoak izan direlako. Jeff Koonsek bere burua berresten du bere lanetan, eta gure esku uzten ditu bere pinturak eta objektu eskultorikoak, geu ere berrets gaitezen eta gizartearen barruan zokoratu eta lerrokatzen gaituzten zenbait tabu eta muga apur ditzagun. Puppyri esker, Bilboko kaleetan dabilen edonoren esku-eskura dago printze-printzesen eta errege-erreginen lorategietako arte topiarioa; artea pizgarritzat planteatzen du, gizartea aldatzeko motortzat. Artistak luxu faltsua sortzen du material industrial nobletuak erabiliz: altzairu herdoilgaitz hotza lore-mantu goxo batekin estalita lortzen du hori Puppyren kasuan, beste lan batzuetan, aldiz, patina findu eta distiratsuzko akabera batekin, zeinak, harrigarria badirudi ere, bere ikusgarritasunagatik eta azpian duen kontzeptuagatik kikilarazi beharrean, gure historia kulturalarekin eroso sentiarazten gaituen, erraz ezagut ditzakegun arketipoak erabiltzen baititu. Preziosista da egikeran, baita Puppyren urtaroz urtaroko landaketan eredu jakin bat markatzeko orduan ere, eta artelana eratzeko tresna garrantzitsu bihurtzen du bottega edo arte-tailerra. Koons sortzaile zorrotza da, eta, ondorioz, haren ekoizpen-prozesuak behar beste luzatzen dira, harik eta lanak behar duen xalotasun konplexuaren tankera hartu eta artistaren edo artisauaren eskua agerian utziko duen gorabehera oro desagertu arte. Koonsentzat, Puppy edo bere beste edozein lani begiratzean obrarekin erraz konektatzea da funtsezkoa; izan ere, artistaren ekoizpenak auto-onarpenaz hitz egiten digu nagusiki, baita inguruan dugun mundua onartzeaz eta norbere burua artearen bidez berresteaz ere. Bere lanaren bidez, Puppyren bitartez, munduan lehen eguna bagenu bezala egotera gonbidatzen gaitu Koonsek.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRA

  1. Jeff Koons, hemen: José Antonio González Carrera, “‘El arte es cuestión de fe’, dice el escultor Jeff Koons”, El Correo, Bilbo, maiatzak 14, 1998.