Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Jean-Michel Basquiat

Lekha Hilleman Waitoller

Izenburua:
Jean-Michel Basquiat
Egilea:
Lekha Hilleman Waitoller
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta politika | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Gizarte-kronika | Guggenheim Bilbao Museoa | Bizitza | AEB | New York | Literatura | Hitzak | Jazz | Hizkuntza
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Basquiat, Jean-Michel

1981ean, Jean-Michel Basquiatek Public Address izeneko talde-erakusketan jarri zuen erakusgai bere lana, arte politikoa egiten duten Jenny Holzer eta Barbara Kruger artistekin batera, besteak beste. Erakusketaren antolatzaileak, Annina Nosei galeristak esan zuenez, orduan 19 urte zituen Basquiatengandik atentzio gehien eman ziona zen aurretik inoiz egin ez zen zerbaitetan ari zela lanean. “Sortzen zituen irudi guztiek gizartearekin eta bizitzarekin zuten zerikusia, berak unean uneko errealitatearekin zituen konexioekin. Nik indar ikaragarri bat sumatu nuen Jean-Michelen obran, bere bizitzarekin eta bere artista-pertsonarekin berarekin zuen lotura zuzenagatik, eta bera, artista afroamerikar gisa, 1980ko hamarkadako gizartean nola egokitzen zen edo nola egokitzen ez zen erakusten zigun moduagatik”1. Basquiaten lanaren balorazio horrek argi uzte du nolako inpaktua eragin zuen artista gazteak 1980ko hamarkadaren hasieran New Yorkeko arte-eszenan agertu zenean. Haren lana oso lan pertsonala eta politikoa zen, eta gizon beltz gisa AEBn aurre egin behar izan zien arazo mingarriak zituen kontagai, orduko gertaera lazgarri batzuk barne, hala nola poliziak hildako gizon beltz baten kasua —Desitxuratzea (Michael Stewarten heriotza) [Defacement (The Death of Michael Stewart), 1983]—, gaurkotasun handiko gaia dena, bestalde, lau hamarkada geroago ere. Basquiaten artea 1970eko hamarkadako eta 1980koaren hasierako New Yorkeko grafitiaren mugimenduan txertatuta garatu zela esan izan da askotan. Hala ere, haren grafitiak —frenetikoak baina ez sobera— nabarmen bereizten ziren metroko grafiti-egileengandik, zerabiltzan ikurrei zegokienez. Basquiatenetan agertzen ziren literatur erreferentziak eta epigrama kriptikoak egileak literaturarekiko, historiarekiko, anatomiarekiko eta hizkuntzekiko zuen interesaren adierazgarri ziren, baita gai horiei buruz zuen ezagutza sakonarena ere.

Richard Powell arte-historialariak Karibeko arteekin eta kulturarekin lotu du Basquiaten hiztegi artistiko berdingabe eta guztiz pertsonal hori, idatzia nahiz piktorikoa, zeinak eragin handia izan baitzuen artistaren garaiko New Yorken.

Basquiaten kasuan, konplexutasun kultural horiek beraren alor pertsonalean ere agertzen ziren; izan ere, Brooklynen jaioa izan arren, harro agertzen zen amaren jatorri puertorricoarraz eta aitaren haitiar etorkiaz. Powellek hau zioen horretaz: “Artearen ezaugarrietako bat idazketaren eta pinturaren arteko nahitako lerradura da, historikoki Cy Twombly bezalako artistei egozten zaien hartu-emana, baina, hiri-grafitiaren herri-praktikaren ikuspegitik begiratzen badiogu, Karibez haraindiko ingurune kultural baten barruan, zerikusi gutxi dauka abiapuntu kaligrafiko derridarrarekin, joera horretako artistek pinturaz beteriko konposizioak (kale-giroa jasotzen dutenak, baina oso kromatikoak) baliatzen baitituzte beren ikus-mezuak helarazteko”2. Ikuspegi horren arabera, Basquiaten ikurrek, hizkuntzaren erabilera malguak eta kolore idiosinkrasikoen aplikazioak Afrikako diasporan dute beren locus estetikoa.

Napoliko gizona (Man from Naples, 1982) lana Basquiatek bere lehen bakarkako erakusketaren kariaz Italiara egin zuen bidaiaren emaitza da. Pintura horretan, testu-ugaritasun oparoaren aldean, elementu figuratiboak beste lan batzuetan baino urriagoak dira. Konposizioan, hitzek zeregin obsesibo eta nabarmena dute, historiaren eta artearen hiztegian hizkuntza eta irudi herritarrak txertatuz (“Veni, Vidi, Vici” eta “The Man from Naples”, Italiako pintura errenazentista batean bezala). Haren testu-baliabide bereizgarriak agerian geratzen dira errepikapenetan, aldakuntzetan, ezabaketetan eta ortografia-akatsetan, eta horrek guztiak ohiko esanahiak errefraktatzen, azpimarratzen edo gezurtatzen ditu3. Greg Tate idazleak zioen Basquiaten obrako gauzarik beltzena ez zirela beharbada giza irudiak, artistaren hitzezko maisutasuna eta hitz-ugaritasun erabatekoa baizik: “Basquiaten lanean, hitzek kantu gisa funtzionatzen dute, sorginkeria, xarmadura, madarikazio, goraipamen, rap bateko birao gisa; hau da, Estatu Batuetako edozein auzotan eguneko edo gaueko edozein ordutan entzuten den berba-jario arrunta bezala”4. Basquiaten inprobisazioak berak berarentzat eta margolaritzarentzat lengoaia berri bat asmatzeko nahi konplexu eta anbiziotsu gisa agertzen dira. Hitzen eta margoaren nahasketak, kale-bizitzaren eta erreferentzia literarioaren arteko bat egiteak, anatomiarekiko lilurak, jazzak eta belztasunaren historiarekiko interes gero eta handiagoak, hori guztia zuen akuilu Basquiaten obrak: grafitietako baieztapen kriptikoetatik hasi eta, Napoliko gizona obran bezala, irudia eta hitzak nahasten dituzten lan konplexuetaraino. Jazzak, musika mota horretako inprobisazioa arautzen duten arauek batez ere, marrazkiaren eta idazketaren arteko zubi bat eskaini zioten Basquiati, baita berak bere-berea sentitzen zuen hizkuntzatik eta kulturatik zetorren arte-modu bat ere. Bere aholkulari eta lagun Andy Warhol artistarekin batera, Charlie Parker jazz-musikari handiaren ondareak eragin iraunkorra izan zuen Basquiaten obran.

Napoliko gizona Basquiaten italiar mezenas Emilio Mazzoli de Modena arte-merkatariaren kritika zorrotza da. Basquiatek haren galerian egin zuen bere lehen banakako erakusketa Italian. Konposizioaren erdian dagoen komiki-estiloko txerri-buruak koadroaren gaia nabarmentzen du. Honelako esaldiak agertzen dira mihisean, errepikaren errepikaz obraren tonu kaustikoa azpimarratuz: “Merkantili di prosciutto” (urdaiazpiko-salerosleak), “pig selling” (txerri- salmenta), “big pig sandwiches” (txerri-ogitarteko handiak), “pork chops” (txerri-txuletak) eta “loin” (solomoa). Basquiaten obran behin eta berriz agertzen diren gaietako asko agertzen dira hor: pertsona eta ondasuna, jabetza eta esklabotza, aberastasuna eta pobrezia, merkataritza eta kontsumo-ondasunak. Artea komertzializatzearen eta artista kontsumo-ondasun bihurtzearen errealitatea agerian geratzen da lan horretan, diruari buruz idatzitako erreferentzien bidez.

Basquiatek garbi esana zuen Mazzoli “txerriki salerosle” bat besterik ez zela, eta bere haserrea erakutsi zuen berak bere obraren ustiapen komertzialtzat hartzen zuenaren aurrean, besteak beste ustiapen horrek beraren obra ulertzen ez zuen merkatu zuria zuelako helburu5. Mazzolik gero eta pintura gehiago eskatzen zituenez, Basquiatek esan zuen esperientzia hori “lehoiei jaten ematea bezalakoa [zela]. Hondorik gabeko putzu baten antzeko zerbait. Egun osoa egon zaitezke haiei haragia botatzen, eta hala ere ez dira inoiz asetzen”. Iritzi hori “Fed Lions” (Elikatu lehoiak) hitzen bidez adierazten da mihisean. Obra mota horien inguruan hau esaten zuen Greg Tatek: “Beltza bazara eta historiaz badakizu, ezinezkoa da Basquiaten lana ikustea eta ez hunkitzea artistak gorputz beltz maskulinoa jabetza gisa, haragi xehatu gisa eta entretenimendu herrikoi gisa hartua izatearen historiarekin duen obsesioak.

Ezinezkoa da ez gogoratzea lintxamenduak eta minstrel ikuskizunak (antzezle zuriek aurpegia belztuta interpretatzen zituzten musika-ikuskizunak) puri-purian daudela oraindik supremazismo zuriaren irudimenean, gizonezko beltzen gorputza dagokion lekuan kokatzeko lehia horretan”6. Basquiaten lanak —basatia, benetakoa, probokatzailea eta ironia garratzez betea— harrera ona izan zuen bere garaiko jendearen artean, eta eragin sakona eta iraunkorra izan zuen ondorengo sortzaile-belaunaldietan. Haren ibilbidea etenda geratu zen arren, Basquiaten arteak indar izugarria erakusten du artistaren ibilbidearen hasieratik, eta kategorizazio oro saihesten duen corpus bat sortzen du, haren inspirazio eta asoziazioen batuketara edo haren belaunaldira ere mugatu ezin den originaltasun bati esker7.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRAK

  1. Annina Nosei, “Recollections”, Basquiat’s Defacement: The Untold Story, Guggenheim Museum, New York, 2019, 105. or.
  2. Richard J. Powell, “Colorstruck! Painting, Pigment, Affect. Part 5: Chromatic Dispatches: Télémaque, Basquiat”, The 71st A. W. Mellon Lectures in the Fine Arts, National Gallery of Art, 2022ko apirila, https://www.nga.gov/research/casva/ meetings/mellon-lectures-in-the-fine-arts/powell-2022.html (2022ko uztailaren 1ean kontsultatua).
  3. Sheldon Nodelman, “Jean-Michel Basquiat”, Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, eta TF Editores, Madril, 2009, 172. or.
  4. Greg Tate, “Black Like B.”, Basquiat’s Defacement: The Untold Story, Guggenheim Museum, New York, 2019, 93. or.
  5. Shledon Nodelman, ibid.
  6. Greg Tate, “Flyboy in the Buttermilk”, The Village Voice, 1989ko azaroaren14an argitaratua,  https://www.villagevoice.com/2019/07/29/ jean-michel-basquiat-lonesome-flyboy-in-the-80s-art-boom-buttermilk/
  7. Ibid.