katalogoa
Willem de Kooning
Marta Blàvia
- Izenburua:
- Willem de Kooning
- Egilea:
- Marta Blàvia
- Argitalpena:
- Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
- Neurriak:
- 24,5 x 30,4 zm
- Orrialdeak:
- 99
- ISBN:
- 978-84-95216-95-3
- Lege gordailua:
- BI-1271-2022
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Konposizioa | Lerroa | Biluzia | Paisaia | New Deal | Guggenheim Bilbao Museoa | Hiria | AEB | New York | Herbehereak
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- De Kooning, Willem
“Ez dago artelan bat berez ikusteko modurik. Ez da ebidentea. Istorio bat behar du; asko hitz egin beharra dago [...] gizakiaren bizi osoaren parte da”1.—Willem de Kooning
Willem de Kooningen baieztapen horren edukiaren lekuko da Villa Borghese (1960) lana, nekez bereizten baita izenburuak adierazten duen espazioa mihisea blaitzen duten pintzelkaden artean, eta are nekezago ulertu obraren historia eta hark egilearen ibilbide artistikoaren testuinguruan duen esangura. Eta horiek dira, hain zuzen ere, entsegu labur honen xedeak.
1926an, Willem de Kooning AEBn lehorreratu zen, immigrante ilegal gisa, Herbehereetatik ihesi. Handik urtebetera, New Yorken finkatu zen, eta garai hartako itzal handieneko artistak eta erakusketak ezagutu zituen. Hogeita hamarreko hamarkadan, alde batera gelditu zen haren gaztetako lerro garbi eta errealista, artistaren maisutasun teknikoaren erakusgarri zena, abstrakziotik gero eta hurbilagoko pintura baten mesedetan, zeinetan nabarmentzen baitzen Picassoren kubismoaren, Mondrianen geometriaren, Miróren eta Arpen surrealismoaren, eta, bereziki, Arshile Gorky lagun min eta tailerreko lankidearen ideia estetikoen eragina.
AEBra iritsi zenetik, orotariko lanak egin zituen De Kooningek biziraupen ekonomikorako, harik eta 1935ean sartu zen arte Federal Art Project (FAP) ekimenean; Franklin D. Roosevelt presidenteak Depresio Handiari buru egiteko xedez abian jarritako New Deal politikaren baitan sortutako Works Progress Administration (WPA) agentziaren adar artistikoa zen hura. “[...] Bizitzeko lain ematen zigun, eta nahi genuena margotu genezakeen”2, adierazi zuen ekimen hari buruz, zeinak ahalbidetu baitzuen, nabarmenki, programara atxikitako artisten arteko elkarreragina eta ideia trukea; haien artean ziren aurrerago espresionismo abstraktua izan zeneko kideetako batzuk, hala nola William Baziotes, Phillip Guston, Lee Krasner, Jackson Pollock, Mark Rothko eta De Kooning bera.
Espresionismo abstraktua izan zen gerraondoko Estatu Batuetako lehen mugimendu artistiko handia, eta harekin bat egin zuten margolariek forma eta emozioa uztartu zituzten, arreta emanez beren nortasuna eta sentimenduak adierazteari, kanpoko estimuluak saihestuta. Mugimendu haren ordezkari nagusietakotzat hartua den arren, Willem de Kooning sekula ez zen sentitu joera harekin guztiz identifikatuta, eta, are gehiago, aurre egin zien haren diskurtsu eta estetika abstraktuetara egokitzeko presioei eta kritikei. Izan ere, errealitate behagarritik lan egin zuen beti, giza irudia eta paisaia harturik inspirazio-iturri nagusi.
Emakumeak (Women, 1950–55) lan-multzoko hirugarren saila osatutakoan, non bihurtu baitzuen emakumezkoaren gorputz biluzia paisaia, genero haren aukerak ikertzen jardun zuen De Kooningek Hiri paisaia abstraktuak (Abstract Urban Landscapes, 1955–58), Etorbideen paisaia abstraktuak (Abstract Parkway Landscapes, 1957–61) eta Artzain giroko paisaia abstraktuak (Abstract Pastoril Landscapes, 1957–61) sailetan. Hiri paisaia abstraktuak saileko marra ausart, lerro ebakitzaile eta plano gainjarriek artistak bizitoki eta lantoki zuen Manhattaneko downtowneko arkitektura eta erritmo bizia iradokitzen zituzten. Garai hartan, gozatua hartu ohi zuen De Kooningek zuhaitz eta soropilez inguratutako hiriko errepideetan barrena gidatuz, baita erdialdea bizitoki-aldiriekin komunikatzen zituzten autobide eraiki berrietan barrena ere. Hala ekin zion Etorbideen paisaia abstraktuak sortzeari, zeinetan artistak jasotzen baititu hiriaren eta eremu metropolitarraren ikuspegi iheskorrak, automobiletik ikusiak. Mihise ausartago eta sinplifikatuago horietan hasi zen, halaber, toki jakin bati atxikitzen zizkion sentsazioak erregistratzen. Horren adibide da, orobat, Villa Borghese, Erroman egindako egonaldiari erreferentzia egiten diona.
De Kooningek Italiako hiriburuan eman zituen 1960ko udazken eta neguko hilabeteak, dolce vita gozatzen, beste artista eta intelektual batzuk lagun zituela, hala nola Conrad Marca-Relli espresionista abstraktua, Cy Twombly, Alberto Burri eta Plinio de Martiis galerista. Hiria ezagutzen, inguruetan bidaian eta, batez ere, bertako jendea eskandalizatzen zuten ospakizun eta bilkura amaigabeetan eman zuen denbora gehien. Afro Basaldella italiar artista gaztearen estudioa erabilgarri zuen lanerako, baina garai hartako De Kooningen ekoizpena oso urria da: formatu txikiko obra zuri-beltzak osatu zituen, aurrerago koadro bihurtzeko prestaketa-marrazki gisa, bere emozio eta pentsamenduak ardatz harturik. Hain zuzen ere, ohar marraztu horiek abiapuntu hartuta margotu zuen De Kooningek Villa Borghese Erromatik itzuli eta hilabete gutxira.
Pintura horren konposizioak, Erroman sortutako marrazkienek bezala, garai hartako lagun min Franz Klineren obra zuri-beltzen tankera du. De Kooningek, ordea, alboratu egin zuen monokromia, paleta urri baina distiratsu baten mesedetan. Kolore-zerrenda zabalek Villa Borgheseko hiri-parkeko elementuak iradokitzen dituzte: berdeak, belarra eta zuhaitzak; urdinak, zerua eta urmaela; zuriak, eraikin nagusiaren arkitektura; eta horiak, eguzkiaren argitasuna. Ingurune konkretua marraztu ordez, Italiako hirian izandako sentsazioetan murgildu zen De Kooning.
Artistak Broadwayko estudio berrian finkatutakoan sortu zuen koadro hori; estudio hura izan zen margolariak ordura arte izandako handiena eta argi natural gehien zuena. Gainera, New York eta Springs —Long Islandeko East Endean— artean bizi zen, udak han igarotzen hasia baitzen 1950. urtearen hasieran. Villa Borghesen iragarri zuen argiaren tratamenduaren erregistro-aldaketa, gerora bere lanean finkatu zuena, eta sorterria hainbeste gogorarazten zion kostaldeko herri hartako zeru irekiak, soro lauek eta, bereziki, argi gardenak eragin zioten inpaktutik eratorritako kolore-paletaren erabilera. Hain zuzen ere, erromatar parkea gogorarazten duen arren, koadroaren argitasun zeharrargiak Springsekoaren antza du, berez. Alderdi horretatik, trantsizioko obra da Villa Borghese, artistaren hurrengo arretagunea seinalatu baitzuen: naturaren eta argiaren ezaugarri garbi eta oinarrizkoen ikerketa. Villa Borghese du hiri-paisaiari buruz egindako azken esplorazioetakoa, eta margolan liriko eta kontenplatiboetarako aldaketa iragartzen du, zeina nabarmendu baitzen Artzain giroko paisaia abstraktuak (1960–63) sailean, genero horretako hirugarren eta azkenekoan.
1963an, New Yorken Artzain giroko paisaia abstraktuak osatu ondoren, Springsera aldatu zen De Kooning behin betiko. Azken paisaia horietan, hamarraldi bat eskas lehenago abiatutako bidea desegiten bezala aritu zen artista. Hain zuzen ere, hiriaren eta naturaren aipamenak bere hirugarren Emakumeak saileko biluziekin bat egiten hasi zirela zirudienean; alderantziz dirudi azkenaldiko horietan, emakumezko irudia nabarmentzen dela berriro. Baina hori beste kontu bat da.
[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]
OHARRAK