Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Jenny Holzer

Lekha Hileman Waitoller

Izenburua:
Jenny Holzer
Egilea:
Lekha Hileman Waitoller
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Arkitektura | Artea eta espazioa | Artea eta historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Erakusketak | Guggenheim Bilbao Museoa | Bilbo | Hitzak | Frank Gehry | Hizkuntza | Errealitate birtuala
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Holzer, Jenny

Guggenheim Bilbao Museoa bisitatzea esperientzia zinez gogoangarria da, besteak beste, Frank Gehryren eraikin zoragarriaren barruan eta kanpoan modu iraunkorrean ikusgai dauden artelanei esker. Pieza horietako batzuk uzkurtu egiten direla dirudi halako arkitektura ikusgarriaren aurrean; beste batzuei, berriz, mesede egiten die. Hori da Jenny Holzerren Bilborako instalazioa (Installation for Bilbao, 1997) obraren kasua. Museoaren Atrioan dago, konfigurazio organikoa duen aretoetako batean. Urrutitik erakartzen du lehenik ikuslearen arreta, izan ere, barrualdetik darion gorri eta urdin koloreko argiztapen ahula izugarri nabarmentzen da Atrio liluragarriaren eta beirazko errezel-hormaren parean. Behin instalazioa dagoen espazio horretan sartuta, mugimendu bertikal etengabean ari diren argizko hitzek xarmatu egiten dute ikuslea, eta irakurtzeko ekintzaren bidez giro horren partaide izatera gonbidatzen dute.

1980ko hamarkada amaieran eta 90eko hamarkadan zehar, Holzerrek gero eta inplikazio handiagoa izan zuen museoetako arkitekturarekiko eta, zehatzago esanda, haien espazio instituzionalarekiko; horren adibide bikaina da Bilborako instalazioa. Bertan, alde bietatik LED argiz hornituta dauden hamabi metrotik gorako bederatzi zutabez osatutako ilara batek bitan banatzen du areto zut irregularra, Museoaren hiru solairuetako hainbat tokitatik ere ikusgai dena. Sabairainoko zutabe horien geometria zurrunak kontraste handia egiten du inguruko arkitekturaren kurba organikoekin. Eraikinaren gainalde bertikal askotan ez bezala, espazio horretako zementuzko hormek (eta sabaiak) pintura distiratsuzko akabera dute, eta horrek areagotu egiten ditu instalazioko gerezi-gorri eta urdin sakon koloreko LED argien islak. Konbinazio horrek ingurune murgiltzailea sortzen du. Errotuluak, guztiz deigarriak, haien artean igaro ahal izateko moduan daude antolatuta, argizko baso batean barrena gabiltzan itxura emanez. Era berean, LED argiak zutabeen alde bietan daudenez, aretoaren sakontasunak horretarako aukera ematen baitu, bisitariek instalazioan barrena sartu behar dute obra bere osoan ikusteko.

Instalazio liluragarri hori Holzerrek hitz idatziarekiko duen konpromiso etengabearen emaitza da: hizkuntza artea egiteko modu gisa baliatzea, alegia, ez literatura egiteko modu gisa. Artistak xede hori betetzeko molde berri asko landu ditu, testuak hainbat tonutan “zizelkatuta”. Objektu fisikoen ekoizpenaren gainetik hitz soilen erakusketa lehenesten duen praktika artistikoaren ikuspegi horrek publikoaren posizioa birplanteatzea dakar, ikusle potentzialki pasiboa irakurle aktibo bihurtuz. Holzerrek hizkuntzaren izaera iheskorra eta LED errotuluen presentzia fisiko indartsua uztartzen ditu eskultura probokatzaileak —inoiz aztoragarriak— sortzeko.

Hal Fosterrek adierazi zuenez, Holzerrek “bai xede bai arma gisa tratatzen du esku-hartzeetarako erabiltzen duen espazio publiko, gizarte-irudikapen edo hizkuntza artistiko oro”1. Hori argi geratzen da ikusita nola jabetzen den komunikazio-modu eta -bide ofizialez, haietara jotzen baitu brontzezko plaketan, harrizko bankuetan, elastikoetan, preserbatibo-zorroetan, arkatzetan nahiz LED argidun errotuluetan mezu limurtzaileak aurkezteko. Holzerren artea oso gutxitan agertzen da testu autonomo gisa; gehiago da hainbat elementuren collage bat, non testuaren kokalekuak edo euskarriak nabarmendu egiten baitu hizkuntza eta, era berean, hizkuntzak berak esanahiz betetzen baititu toki edo objektu horiek.

Truismoak (Truisms), 1977tik 1979ra bitartean sortuak, Holzerren lehen lan idatzia dira. Hasiera batean, karteletan inprimatu eta New Yorkeko kaleetan itsasten zituen modu anonimoan; 1983an LED errotuluetan agertzen hasi ziren eta, azkenik, arkitekturaren aurrean erantzun bat emateko prestatutako esku-hartzeetan erabili zituen artistak, hala nola Bilboko instalazio honetan. Truismoek mendebaldeko zibilizazioaren “egia” ideologiko eta psikologikoen kartografia maltzurra eskaintzen dute. Hurrengo hogei urtean, Holzerrek testu-multzoak ekoizten jarraitu zuen, amatasunetik hasi eta gerrara bitarteko gaiei buruzko ahotsak eta ikuspegiak eskainiz. 1966an, argi-proiekzioak erabiltzen hasi zen bere hitzak paisaietan eta eraikuntzetan kokatzeko: izaera iragankorreko grafiti saioak, haren lehen kartel urbanoak gogorarazten zituztenak.

Bilborako instalazioa lanak Arno izeneko obran du jatorria. Arno hiesari buruzko ikerketa-proiektu baterako egindako idazkia zen berez, baina 1996an haren egokitzapen bat egin zuten Florentzian aire zabalean proiektatzeko.

Hiesaren izurritearen inguruko hausnarketak berehalako testuinguru tragikoa dakar berekin, baina proiektuko zenbait esaldik —NIRE LARRUAN ADITZEN DUT ZURE USAINA, edo ZURE ARROPA GORDE DUT— intimitatea, maitasuna, heriotza, galera eta antzeko gai unibertsalak ekartzen dizkigute gogora. Holzerren arteak kaletik museora egin zuelarik jauzi, oinezko sinesberez besteko publiko batengana bideratu behar izan zuen artistak bere sormena. Hala ere, haren lanaren zati handi batekin gertatzen den bezala, Bilboko instalazioak eremu publikoa eta pribatua bereizten dituen muga mehe eta tirabiratsu hori saihesten jarraitzen du. Testuen solemnitateak, ingurune murgiltzailearekin batera, esperientzia indartsua eskaintzen du, Fosterrek espazioa xede eta arma gisa ulertzeaz egin zuen aipamena gogorarazten duen esperientzia, alegia.

Holzerren lanak aspaldidanik betetzen du leku garrantzitsua arte publikoaren baitan, sarritan aldi baterako proposamen gisa, esaterako formatu handiko proiekzio ikaragarriak eginez, edota, duela gutxitik hona, bere testuak erakusgai dauzkaten publizitate-hesi digitalez hornitutako ibilgailuen bidez. Hainbat hamarkadaz, kementsu aditu da haren ahotsa, eta, jendaurrean jartzen dituen testuetan, inplikatzera adoretzen ditu ikusleak. 1997az geroztik, hau da, Holzerrek Bilborako instalazioa sortu zuen urteaz geroztik, haren lan berriagoak ere sartu dira Museoaren Bilduman. 2019an, gainera, Guggenheim Bilbao Museoak, artistarekin lankidetza estuan, haren ibilbide osoaren atzera begirako erakusketa bat antolatu zuen: Jenny Holzer. Deskribaezina.

Etengabe bitarteko berriak erabiltzen dituela erakutsiz, Holzerren LIKE BEAUTY IN FLAMES (2021) lanak errealitate areagotua (EA) baliatzen du artistak hitzetan oinarrituta egiten duen arte berezia ikusgai jartzeko. Guggenheim Bilbao Museoaren funtsetara gehitu berria da obra hori, eta gailu mugikorretarako diseinatutako aplikazio baten bidez ikus daiteke. Errealitate areagotuko hiru esperientzia dakarzkigu: horietako bi kokapen zehatzekoak dira, eta Guggenheim Bilbao Museoaren arkitektura dute solaskide; hirugarrena, berriz, munduko edozein tokitatik aktiba daiteke. Errealitate areagotuko esperientzia horiek artistaren zenbait Truismo biltzen dituzte, bai eta beste egile batzuen testu hautatuak ere.

Obraren izena, LIKE BEAUTY IN FLAMES, Anna S´wirszczyn´ska poloniarraren “Edertasuna hilzorian” (ingelesez, “Beauty Dies”) poematik hartuta dago, eta Holzerrek ikuskizun ez-material bihurtu dituen esaldi iradokitzaile ugarietako bat da. LIKE BEAUTY IN FLAMES lanean teknologia berriak erabiliz, Holzerrek jarraipena eman dio berak hobekien egiten dakienari, hau da, modu demokratiko eta ulergarrian hausnarketa pizten duten testuak eremu publikoan kokatzeari.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRA

1. Hal Foster, “Subversive Signs”, Recodings: Art, Spectacle, Cultural Politics, Bay Press, Seattle, 1985, 99–115. or. (aipua 100. orrialdean dago).