katalogoa
Mona Hatoum
Lucía Agirre
- Izenburua:
- Mona Hatoum
- Egilea:
- Lucía Agirre
- Argitalpena:
- Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
- Neurriak:
- 24,5 x 30,4 zm
- Orrialdeak:
- 99
- ISBN:
- 978-84-95216-95-3
- Lege gordailua:
- BI-1271-2022
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Gizakia | Emakumea artean | Artea eta gizartea | Artea eta emozioa | Interpretazioa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Materialak | Guggenheim Bilbao Museoa | Erbestea | Palestina | Berdintasuna
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Hatoum, Mona
“Irakurketa desberdin asko egon litezke, baina, funtsean, lan hauekin elementu nolabait disruptiboa txertatu nahi dut, fisikoa edo psikologikoa, ingurune osoa zalantzan jartzera eramango gaituena”1.—Mona Hatoum
Gaztelaniako hogar hitzak latineko focus (hoguera) du jatorri, eta Espainiako Errege Akademiaren hiztegian jasota dagoen lehen esanahietako bat hauxe da: “sukalde, tximinia, galdategi-labe eta abarretan sua egiten den lekua”; hau da, euskarazko sutondoa, etxearen erdigunea nolabait ere. Eta horixe irudikatzen du Mona Hatoumen Gure etxea (Home, 1999) lanak: sukaldeko mahai bat da, lanabesez betea; tresna horiek korronte elektrikoz kargatuta eta zenbait argiz hornituta daude, eta, nahi izanda ere, ezin gara horietara hurbildu, baina alanbre-hesiaren beste aldean egongo bagina ere ezingo ginateke haiengandik aldendu ezta ere. Harrapatu egiten gaituen etxe bat, edo eskuraezina dena. Ideia horrek lotura du artistaren bizi-esperientziarekin, baita beren etxeetan, bereziki euren “eremu” tradizionala omen den sukaldean, itxita egon diren emakume askoren bizipenekin ere, edo gorabehera krudelen ondorioz etxera itzuli ezin duten gizon-emakume askoren bizitzekin, zein are lau horma horien artean konfinatuta egon direnen edo inguruko araudien mende harrapatuta sentitzen direnen bizimoduekin.
Gure esperientziak eraman gaitzake obra etxe bat eskuratzeko ezintasun gisa sentitzera, eta desplazatuta egoteak munduko milioika pertsonarentzat duen esanahiaz hausnartzera; bizipen hori modu pertsonalean adierazi zuen Mona Hatoumek —1952an Beiruten jaio arren palestinar jatorria eta britainiar pasaportea ditu artistak— Distantzia-neurriak (Measures of Distance, 1988) lanean, non erbesteaz hitz egiten baitigu ama protagonistatzat hartuta. Aitzitik, obrak etxe baten barruan harrapatuta sentiarazi gaitzake, gizarte jakin batzuetan emakumeongandik espero den zeregina betez, eta gai hori ere jorratu zuen Hatoumek 1996ko Inolaz ere (No way) lanean, sukaldeko tresna bat erabiliz. Artistak Jerusalemen aurkeztu zuen pieza hura, bitsadera txiki bat; objektu bitxi, eder eta anbiguo bihurtuta erakutsi zuen, haren funtzionaltasuna ekintza sinple baten bidez aldatuta, hots, zulo guztiak azkoinez estalita, ia arma bat bihurtzeraino: etxera eta hark dakartzan zametara ainguratzen gaituen arma bat.
Gure etxea lanean bat egiten dute bi ideiek, eta, hortaz, ikusleak aukera du bere bizipenek iradokitzen dioten hura esperimentatzeko. Artistak 1996an Sabbathdayko (Maine, AEB) shaker komunitatean egindako zenbait hilabeteko egonaldia dute jatorri pieza osatzen duten sukaldeko tresnek. XVIII. mendearen bukaeran AEBn ezarri zen kristau-talde horren bereizgarriak zelibatua eta “berdintasuna” dira, azken hori lidergoari dagokionean. Zelibatuaren ondorioz ezinezkoa denez kide berririk jaiotzea, gaur egun kongregazioak ozta- ozta dirau bizirik, sartzen diren kide berriei esker egin ere.
Gizonen eta emakumeen arteko lotura tradizionalari uko egiten diotenez, ezkontza ez da existitzen; horrenbestez, interes-komunitatea bikoteaz haraindi doa, eta kongregazio osora hedatzen da. Sabbathdayn bizitakoak bultzatuta, Mona Hatoumek hausnarketa egin zuen familia-kontzeptuari buruz, erlazioei buruz eta etxearen nozioari buruz; baita kidetza- zein sustraitze-sentsazioari buruz ere, bere deserrotze- eta nomadismo-bizipenekin kontrastean.
Gaur egun, shaker terminoa jatorrizko talde horretatik haratago doa, eta diseinu garaikideari lotutako adierazpen bilakatu da, forma sinpleak dituzten kalitate oneko altzari praktikoak, hots, kongregazioan hasieratik egin izan dituztenen tankerakoak ezaugarri dituen diseinu-ildoa deskribatzeko erabiltzen baita. Sukaldeko tresnak ere —hala nola aipagai dugun Hatoumen obra honetan abiapuntutzat erabilitako iragazkia, birringailua edo xehagailua— eskuz eginak ziren, eta 1880az geroztik erabiltzen zituzten shaker komunitatean. Artistak matrize gisa baliatu zituen haien arrastoa tipula-paper gainean grabatzeko; etxearen irudi zehaztugabe edo lauso moduko bat lortu zuen horrela, eta, ondoren, objektu bitxi eta arriskutsu bihurtu zuen emaitza hori.
Hatoumek ia-ia “objektu exotiko eta ederrak” balira bezala hartu izan ditu beti sukaldeko tresnak, erabat ezezaguna zitzaion errealitate baten parte baitira; izan ere, haiekiko izan zuen harremana baldintzatuta zegoen: tresna horietatik urruntzeko edo haiek erabiltzeari uko egiteko beharra izan zuen, eta, horrenbestez, baita beragandik espero zenari kontra egitekoa ere, kozinatzen ikasteari, adibidez, ezkontzeko prest zegoela esan nahiko baitzukeen bere kulturan. Shaker komunitatea utzi ondoren sortu zuen artistak Gure etxea, San Antonioko Arts Pace galerian egindako egonaldi batean; estreinakoz, objektuak korronte elektrikoz kargatu, eta potentzialki arriskutsu bihurtu zituen bertan, eta korrontearen argiak eta burrunbak utzi zituen deserosotasuna eragiteko eta arriskuaz ohartarazteko. Nolanahi ere, Hatoumek lehendik ere erabiliak zituen elektrizitatea eta haren energia ikusezina objektuak eraldatzeko; ikasle-garaian, gai horrek ikaragarri erakartzen zuen, baina Gure etxea lanarekin haratago joan zen, alanbre-hesi sotil batean zehar aurrez aurre begiratuta bakarrik ikus daitekeen espazio itxi eta iritsezin batean jarri baitzuen pieza. Alanbre-hesia bera ere elektrifikatuta egon liteke, edo hori pentsarazten digu soinuak; hortaz, instalazio osoan dagoen indar baten ideiarekin jolasten da artista, nondik igarotzen den eta minik eman ote diezagukeen jakiterik ez dugun indar arriskutsu baten ideiarekin alegia.
Hatoumen obra interpretazioz, sentsazioz eta bizipen pertsonalez josita dago, baina ez soilik artistarenez, baizik eta, bereziki, obraren aurrean jartzen garenonez, ikusle gisa modu zuzenean inplikatzen baikara, aurrez aurre, gugan erantzun bat eragiten duelako. Artistaren nahia da lanak gu fisikoki eta psikologikoki konprometitzea, zalantzan jar dezagun munduan dugun posizioa, alanbre-hesiaren alde batean ala bestean —presoa ala presozaina, konfinatua ala erbesteratua—; ariketa itxuraz erraza da, baina emozionalki konplexua eta gure gizartearekiko kritikoa, nagusiki. Artistaren kasuan, gizarte bateko kide izatearen sentimendua nahasia da zeharo, errefuxiatu askori gertatzen zaien moduan, eta horrek bide ematen dio zalantzan jartzeko beti gizarte berean bizi izan garenontzat eztabaidagai ere ez diren zenbait hierarkia edo egoera; ez dugu horiekiko zalantza-izpirik ez gogoetarik egiten. Hatoum haratago doa bere begiradan, eta, desnaturalizatu izatea tragikoa bada ere, bizipen horren alderdi positiboari erreparatzen dio, eta horri buruzko testigantza ematen du: “Izugarri pribilegiatua naizela uste dut, beti izan ditudalako gutxienez bi ikuspuntu egoera bakoitzari buruz, eta horregatik iruditzen zait tokian tokiko baldintzak gainditu ditzakedala eta gauzei buruzko ikuspegi zabalagoa izan dezakedala beti”.
[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]
OHARRA
1. Mona Hatoum, “The John Tusa Interviews”, BBC Radio, Londres, irailak 4, 2005.