Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Louise Bourgeois

Geaninne Gutiérrez-Guimarães

Izenburua:
Louise Bourgeois
Egilea:
Geaninne Gutiérrez-Guimarães
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Erakusketak | Guggenheim Bilbao Museoa | AEB | New York | Paris | Amatasuna
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Bourgeois, Louise

“Azken berrogeita hamar urteetako nire lan guztia, nire gai guztiak, nire haurtzaroan inspiratuta daude. Nire haurtzaroak ez du inoiz galdu bere magia, bere misterioa, ezta bere dramatismoa ere”1.—Louise Bourgeois, 1994

Zazpi hamarkadaz luzatzen den ibilbidean zehar, Louise Bourgeois (Paris, 1911–New York, 2010) artista frantses-estatubatuarrak lan-corpus joria sortu zuen, zeina etengabeko eboluzioan jardun baitzen, XX. mendeko abangoardiako mugimendu garrantzitsuenetako batzuekin gurutzatuz —besteak beste, surrealismoa, espresionismo abstraktua, minimalismoa eta posminimalismoa—, baina betiere bere ikuspegi bereziari leial jarraituta. Bourgeoisek pintura, marrazkia, grabatua eta performancea landu zituen, baina batez ere bere eskultura-lanagatik da ezaguna. Eskultura horiek tamaina intimoenetik monumentaleraino hartzen dute, eta material-sorta zabal batez eginak daude, besteak beste, zura, brontzea, latexa, marmola eta ehuna. Bourgeois askatasunez mugitu zen abstrakzioaren eta figurazioaren artean, eta sinbolismoz betetako hiztegi bisuala garatu zuen, totem-formak, genero anbiguoko gorputz-zatiak eta armiarma kolosalak biltzen dituena, baita eskala publikoko bere instalazioetan txertatzen dituen objektu aurkituen ensanblajeak ere. Bere obrak zeharo pertsonalak —bere haurtzaroko oroitzapen mingarrien erreferentziez josita— eta unibertsalak dira aldi berean, eta giza existentziaren gorabehera gazi-gezei egiten diete aurre.

2001ean Guggenheim Bilbao Museoak Louise Bourgeois erakusketa aurkeztu zuen, artistari eskainia une gogoangarri batean: Museoak bere eskultura Ama (Maman, 1999) eskuratu zuen eraikinaren kanpoaldean kokatzeko, itsasadarrari begira dagoen fatxadaren ondoan. Ama, ia bederatzi metroko altuera duen eskultura, Bourgeoisen obra anbiziotsuenetako bat da armiarma gai nagusitzat duten eskala handiko bere obra-sailean. Armiarmaren motiboa 1940ko hamarkadako bere marrazkietako batzuetan agertu zen lehen aldiz, eta gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen 1990eko hamarkadako bere obran. Bere amari, familia-negozioan tapizak egin eta zaharberritzen zituenari, egiten dizkion omenaldiak dira Bourgeoisen armiarmak, eta zeharo kontraesankorrak dira amatasunaren sinbolo gisa; babesletzat aurkezten dute ama, baina baita harraparitzat ere —armiarmak kapuluak egiteko nahiz bere harrapakinak atzemateko erabiltzen baitu bere zetazko haria— eta indarraren eta hauskortasunaren sinbolo dira. Anbiguotasun horiek modu nabarmen batean ageri dira Aman, zeina zitalki goratzen den arku gotikoak diruditen bere hanken gainetik; hankek kaiola antzeko bat eratzen dute, baina aldi berean babestu egiten dute marmolezko arrautzez betetako zaku bat, metalezko bere egiturari era arriskutsuan itsatsita. Armiarmak harridura eta ikara eragiten badu ere, bere altuera handia ikusita, ia zutik egon ezinik dirudi bere hanka mehe horien gainean, eta horrek halako zaurgarritasun hunkigarri bat aditzera ematen du.

Bourgeoisen obra honen tituluak baditu beste esanahi batzuk ere. Ode à Ma Mère (Paris, Les Éditions du Solstice, 1995) liburu ilustratuan, artistak honela deskribatzen du bere ama: “nire lagun onena […] zuhurra, azkarra, jasankorra, lasaigarria, zentzuduna, sentibera, zolia, ezinbestekoa, aratza eta armiarma bat bezain langilea”, eta gaineratzen du “Ondo zekien bere burua defendatzen eta ni defendatzen […]”. Izan ere, zenbait adituk, haien artean Mieke Balek, haren amarekin identifikatu dute Bourgeoisen Ama eskultura eta artistak bere lehenaldiko pasadizoetatik eraiki zuela diote, hau da, etxearen, babesaren edo aterpearen sinbolo ugari biltzen dituzten bere oroitzapen pertsonalak gogoan zituela2. Eskulturaren monumentaltasuna bat dator habitataren ideia horrekin; izan ere, altzairuzko hanka tubular ikaragarri handi horiek bizitoki arkitektoniko antzeko bat eratzen dute, zentzu literalean. Horrez gain, armiarmak berak artistaren amaren indarrari egiten dio aipamen hari lotutako ekintzen metaforak bilduz —besteak beste, haritzearena, irutearena eta haztearena— eta ugalkortasuna eta amatasuna ere aditzera ematen ditu. Amaren bertsio bat Londresko Tate Moderneko Turbinen aretoaren inauguraziorako sortu zuen Bourgeoisek 2000an. Hala, egin zituen brontze galdatuzko sei aletatik bigarrena da Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumari dagokiona; besteak, berriz, nazioarteko erakundeetan daude, ondokoetan, besteak beste: Kanadako National Gallery, Ottawa; Crystal Bridges Museum of American Art, Bentonville, Arkansas; Samsung Museum of Art, Korea; eta Mori Art Centre, Japonia.

Bere nerabezaroan Bourgeoisek tapizak zaharberritzeko gurasoek zuten tailerrean laguntzen zuen; marrazkiak egiten zituen zer konponketa egin behar ziren erakusteko haiek ehundu behar zituztenei. 1932ko irailean ama hil zitzaion; 21 urte zituen Bourgeoisek eta arrasto sakona utzi zion haren galerak. Parisko Lycée Fénelon famatuan Filosofian graduatu arren eta ondoren Matematika ikasteko Sorbonan sartu eta gero, Bourgeoisek prestakuntza hori bertan behera utzi eta arte-sorkuntzan jardun zuen bete- betean. 1930eko hamarkadaren erdialdetik amaiera aldera arte, Fernand Légerren aprendiza izan zen eta aldi berean ikastegi desberdinetara joaten zen eskolak jasotzera, besteak beste, Académie de la Grande-Chaumière, École des Beaux-Arts eta École du Louvrera. 1938an, Robert Goldwater arte-historialariarekin ezkondu eta New Yorkera joan zen bizitzera.

Hara iritsi eta gutxira Art Students League ospetsuan matrikulatu zen Bourgeois, eta grabatua lantzeari ekin zion bertan. 1945ean bere aurreneko banakako pintura-erakusketa egin zuen New Yorkeko Bertha Schaefer Galleryn, eta Whitney Annualen parte hartu zuen, ondoren Whitneyko Bienala izango zen horretan. Berrogeiko hamarkadaren erdialdetik amaiera aldera bitartean, Atelier 17n lan egin zuen, Stanley William Hayterren grabatu-tailerrean. Bertan ezagutu zituen André Breton, Le Corbusier, Marcel Duchamp, Joan Miró eta beste hainbat europar, Bigarren Mundu Gerragatik erbesteratuak.

Aldi hartako bere lana figuratiboa zen, halako kutsu abstraktu batekin, eduki psikologiko eta sinbolikoz blaitua. Taldeko erakusketetan ere parte hartu zuen Espresionismo Abstraktuko artistekin, besteak beste, Jackson Pollock, Mark Rothko eta Willem de Kooningekin.

Aita 1951n zendu izanak depresio sakon batean murgildu zuen Bourgeois, eta baitaratua egon zen garai batez. Artista hamaika urte geroago suspertu zen. 1964an, New Yorkeko Stable Galleryk eskaini zion banakako erakusketan obra berria aurkeztu zuen, igeltsuz eta latexez egina eta prozesu artistiko organikoago baterako norabide aldaketa agerian uzten zuena. 1966an, Lucy Lippard arte-historialari estatubatuarrak Bourgeoisen lana gehitu zuen New Yorkeko Fischbach Galleryn egin zen Eccentric Abstraction garrantzi handiko erakusketan, sortzaile gazteagoen obrarekin batera, haien artean Eva Hesserena eta Bruce Naumanena. 1982an, New Yorkeko Museum of Modern Artek inoiz museo batek egin zion lehenengo atzerabegirako handia eskaini zion Bourgeoisi eta harrezkero hasi zen haren proiekzio internazionala. Sari eta aintzatespen ugari jaso zituen, besteak beste: National Endowment for the Artseko fellowship bat (1973); kide izendatu zuten American Academy of Arts and Sciencesen (1981); Frantziako Kultura Ministerioaren Eskultura Sari Nagusia (1991); Filadelfiako Pennsylvania Academy of the Fine Artsen Ohorezko Domina (2005); National Organization for Womenek ematen duen Intrepid saria (2006); Nazio Batuen Woman Award eta Women Together (2007). Bourgeois, 98 urte zituela New Yorken zendua, arte moderno eta garaikidearen figura nagusietako bat da, betiereko arrastoa utzi duena XX. mendeko estetikan, hain zuzen ere abstrakzioa uztartzen duen moduagatik bere lehenaldian eta oroitzapenetan oinarritutako emozio sakonekin.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRAK

  1. Louise Bourgeois, Louise Bourgeois: Album, Peter Blum Edition, New York, 1994, or. gab.
  2. Ikus: Mieke Bal, “Narrative inside out: Louise Bourgeois’ Spider as Theoretical Object”, Oxford Art Journal, 22. lib., 2. zk., 1999, 101–26. or.; eta Mieke Bal, “Autotopography: Louise Bourgeois as Builder”, Biography, 25. lib., 1. zk., 2002ko negua, 180–202. or.