Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Clyfford Still

Maite Borjabad López-Pastor

Izenburua:
Clyfford Still
Egilea:
Maite Borjabad López-Pastor
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Artea eta pertzepzioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Kolorea | Konposizioa | Lerroa | Erakusketak | New Yorkeko Eskola | Museoak | Guggenheim Bilbao Museoa | AEB | Indibidualismoa
Mugimendu artistikoak:
Espresionismo Abstraktua
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Still, Clyfford

Still edozein kategorizaziotik ihes egin nahian aritu izan bazen ere etengabe, espazioa hedarazten duten bere mihise biluziek eta bere kolore-aztarna materikoek eragin handia izan zuten espresionismo abstraktuko artistengan, Mark Rothko eta Barnett Newmanengan, besteak beste. Titulurik gabea (1964) lanean, Stillek pintura nola aplikatzen zuen antzeman daiteke; mihise inprimatu gabean paleta zuzenean aplikatuta, ezohiko funtzio bat ematen zion euskarriari —batzuetan hondoa da euskarria baina, beste batzuetan, pinturarik ez duenez, bera da geruza protagonista—. Joko bat ezartzen da horrela, non trukatu egiten diren kolorearen, testuraren, formaren eta materialtasunaren rolak, pertzepzioaren logikei desafio eginez, Stillek berak idatzi zuen bezala: “Ez nuen inoiz kolorea kolore izaterik nahi. Ez nuen inoiz testura testura izaterik nahi, ezta irudiak forma bihurtzerik ere. Hori guztia espiritu bizi batean elkar zedin nahi nuen”1. Bere garaikide askok bezala, Stillek interes handia zuen sublimearekiko eta metafisikoarekiko, eta bere pinturen bitartez, errepresentazio-saialdi oro saihestea ez ezik, eremu zeharo bisualetik berez transzendentala izango zen esperientzia bat sortzea zen bere nahia. Bizitasunaren aldarrikapen horretatik, bere konposizioen bertikaltasuna lengoaia errepikakor bilakatzen da, “bizitzaren lerroak”2 deitutako horiek zeharkatua. Horietako bat da Titulurik gabearen lerro gorria, ertzak errespetatu gabe mihisearen mugetatik harantz lekualdatzen dena bisualki, arrail amaigabe bat irekiz.

Izan ere, sailkapen estilistikoetatik aldentzeko bere ahaleginak gorabehera, Still funtsezko artista gisa aipatu izan da gaurdaino espresionismo abstraktu iparramerikarraren kanonaren eraikuntzan, eta bere garaikideek ere halakotzat hartzen zuten, esaterako, Robert Motherwellek, Barnett Newmanek eta Mark Rothkok; testigantza argiak utzi zituzten haiek Stillek beren obretan izandako eraginari buruz. 1940ko hamarkadaren bukaera aldera, bere ibilbidearen helduaroan, mugimendu horretako beste artista adierazgarri asko bezala, New Yorken ezarri zen Still, hiria pentsamenduaren abangoardiari harrera egiten ari zitzaion hartan. Still, espresionismo abstraktuko sortzaile adierazgarri gehienak bezala, “Odolberoen” argazki ikonikoan agertu zen, New Yorkeko Metropolitan Museumek antolatutako erakusketa baten aurka protestan. Erakusketak pintura garaikide iparramerikarraren ibilbide bat jasotzen zuen, eta bere ikuspegia guztiz kontserbadoretzat hartu zuten artista haiek guztiek.

Argazkia, Life aldizkarian argitaratua, protesta haren erregistro bat ez ezik, pintore-talde baten erretratu kolektiboa ere bazen; “New Yorkeko Eskola” izena hartu zuen taldeak eta Still zen haren kide finko eta txalotuetako bat. Still leku aproposean zegoela esan genezake, kritikak eta bere garaikideek aitortu egiten baitzuten bere lana; bere zirkuluan bizitasun handiko giro intelektuala islatzen zen, eta bertako autoreetako bakoitzak bere lengoaia propioa garatzen zuen. Hala ere, argazkia atera zen urte berean, 1950ean, eszena artistiko horren goren unean, New York utzi eta Marylanden ezartzea erabaki zuen Stillek, eta hil arte bizi izan zen han. Hala, hiria atzean uzteaz gain, zirkulu horrekin zituen lotura guztiak eten zituen; hautsi egin zuen Peggy Guggenheim eta Betty Parsons bere galeristekin zuen harremana eta, aldi berean, liskartu egin zen bere kideetako batzuekin, haien artean Rothkorekin3. Urruntzea ekarri zion bizi-proiektu bat hasi zuen horrela, eta ordutik aurrera ez zion sekula muzin egin. Are gehiago, harrezkero, buru-belarri jardun zuen proiektu horretan. Hala, banantzearen eta aldentzearen testuinguru horretan garatu zituen Stillek bere helduaroko pinturak, Titulurik gabea, haien artean.

Handik aurrera, New Yorkeko Eskolatik urrun mantentzeaz gain, Harry Cooper historialariak azaldu bezala, Stillek “ezezkoa ematen die erakusketak egiteko gonbidapenei; gaitzetsi eta mehatxatu egiten ditu prentsa, museoak eta unibertsitateak; ezkutaleku urrun batera erretiratzen da; eta bere katalogoak berak idatziko dituela eta bere erakusketen komisarioa bera izango dela azpimarratzen du. Azken batean, bere obraren eta dituen esanahien hedapenaren gaineko erabateko kontrola eduki nahi du”4. Egoera horrek izugarrizko inpaktua izan zuen bere jardunean, eta bere obren zirkulazioan eragina izan zuen, baita orain ere. Bere produkzioa erakutsi eta komunikatzeko modua ahal bezainbeste kontrolatu nahi izate horrek, lotura guztiak apurtzeko zeukan proiektu horren testuinguruan, erakusketa ugariri uko egitera ez ezik, bere obra saldu nahi ez izatera eta katalogoetan ez erreproduzitzera ere eraman zuen Still. Oso zorrotzak ziren eskatzen zizkien baldintzak bai erakundeei bai bere piezak eskuratu nahi zituzten bildumazaleei, eta ez ziren baldintza ekonomikoak bakarrik. Hala, berak egindako 975 inguru pinturetatik 750 artistaren Estate edo ondarean geratu ziren bera hil ondoren, marrazki eta paper gaineko obra ia guztiarekin batera. Leku bat aurkitu zuten 225 margolan haietatik gehienak Stillen borondatez eman zitzaizkien dohaintzan San Francisco Museum of Modern Art —bere hastapenetan urte batzuk eman zituen hiri hartan— eta Buffaloko (New York) Albright-Knox Art Gallery erakundeei5. Stillen nahiaren arabera, artistaren jabetzan geratzen ziren gainerako obrek (ia guztiak) bere Estate delakoa osatuko zuten, eta Estatu Batuetako hiri bati dohaintzan eman behar zitzaion hura.

Hala, hiri hori museo monografiko bat eraikitzeaz arduratuko zen artistaren ohoretan, eta haren bitartez hasi ahalko zen mugitzen Stillen obra, mailegu, dohaintza eta salmenten bidez. Hori, beharbada, Stillek ezaugarritzat zuen indibidualismoaren gorespen-keinu itzela izan zen, paradoxikoki, indibidualismo estatubatuarra hain ondo islatzen zuena.

Bere heriotzaren ondoren, artistaren pintura gehienak Marylandeko bere etxean egon ziren ia 25 urtez, bere alarguna, Patricia, Stillek ezarritako baldintzak onartuko zituen hiri bat aurkitzen saiatu bitartean. Xede hori, Still 1980an hil zenean ekindakoa, ez zen lortu 2004ra arte; urte hartan Denver hiriak Clyfford Still Museum eratzea onartu zuen. Hala ere, luze jo zuen artistari eskainitako museoak publikoari ateak zabaldu zizkion arte, 2011n hain zuzen. Stillen nahi handi horren hedadura faraonikoak, batetik, zirkulazioan jarritako bere pinturak 2004ra arte oso urriak izatea eragin zuen eta, bestetik, guztiz ezinezkoa zen haietara guztietara iristea; izan ere, historialariek eta kritikariek bakarrik azter zitzaketen obrak, oso gutxi baitziren bilduma publikoetan zeudenak. Testuinguru horretan, 1996an Titulurik gabea eskuratu izana Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarako oso aparteko zirkunstantzia da, ia anekdotikoa, garai hartan Stillen obra ez baitzegoen zirkulazioan, eta argi eta garbi adierazten du, beste behin ere, Stillek artista gisa espresionismo abstraktuan egin zuen sarraldia. Izan ere, Titulurik gabea New Yorkeko Eskolako ikonoen beste obra batzuekin batera —Rothkorenak eta De Kooningenak, besteak beste— gehitu zen Museoaren funtsetan, eta garaiko arte-arduradunen txostenetan eta zegozkien prentsa-dosierretan irakur daitekeenez, artista horiek guztiek, oro hartuta, Museoaren Bildumak espresionismo abstraktuaren inguruan garatu duen ardatzetako bat osatzen dute. Berriro ere, urrun mantendu nahi izan zuen testuingurura itzuli zuten Still narratiba historikoek.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRAK

  1. Clyfford Still, hemen: Katherine Kuh, “Foreword”, Clyfford Still: Thirty-Three Paintings in the Albright-Knox Art Gallery, Albright-Knox Art Gallery, Buffalo, New York, 1966, 10. or.
  2. “Life-lines”, David Anfam, Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, eta TF Editores, Madril, 122. or., 15. zk., aipua hemen: Thomas Albright, “A Conversation with Clyfford Still”, Artnews 75, 1976ko martxoa, 34. or.
  3. Naomi Polonsky, “The Life of Clyfford Still, the Most ‘Irascible’ Abstract Expressionist”, Hyperallergic, martxoak 12, 2020.
  4. Harry Cooper, “Still Against Himself: Clyfford Still in Retrospect”, Artforum, 2001eko uda.
  5. Ibid.