Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

katalogoa

Cristina Iglesias

Geaninne Gutiérrez-Guimarães

Izenburua:
Cristina Iglesias
Egilea:
Geaninne Gutiérrez-Guimarães
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
Neurriak:
24,5 x 30,4 zm
Orrialdeak:
99
ISBN:
978-84-95216-95-3
Lege gordailua:
BI-1271-2022
Erakusketa:
Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
Gaiak:
Arkitektura | Artea eta pertzepzioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Espazioa | Forma | Materialak | Materialtasuna | Oreka | Eskala | Erakusketak | Guggenheim Bilbao Museoa | Ingurunea eta natura | Euskal Herria
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Iglesias, Cristina

“Ikusleek, ideiekin ez ezik, beren oroitzapenekin ere konekta daitezen egiten dut lan […] Arteak gure zentzumenak piztu eta gauzak hautematen ditugun modua alda dezake”1. —Cristina Iglesias

Cristina Iglesias artistak (Donostia, 1956) eskala handiko obra minimalistak sortzen ditu. Eremu fisikoaren eta bisualaren arteko oreka fin bat biltzen dute, eta atxikita dituzte espazioarekin, testurarekin, materialtasunarekin eta memoriarekin lotutako gaiak. Forma eta espazioa naturan diren bezala interesatzen zaizkio Iglesiasi, eta elementu arkitektonikoak erabiltzen ditu irudimenezko munduak paisaia eskultoriko bihurtzeko. Zakarki tailatuak baina sentikortasunez modelatuak dauden bere eskultura exentu gehienak giza eskalan eginak daude; bere eskultura arkitektonikoek, berriz, elkarrizketa bat sortzen dute inguruko espazioarekin, eta behatzailea eskultura inguratzera bultzatzen dute.

Iglesiasek dio: “Espazioan jarritako piezatzat hartzen dut arkitektura, eta arkitekturaren baliabideak erabiltzen ditut beste gai batzuei buruz hitz egiteko. Arkitekturarekin lan egin beharrean, espazioarekin eta espazioarentzat lan egiten dudala esango nuke. Sortzen ditudan lekuak, haietan egon ahal izateko sortzen ditut”2. Hala, haren lanek hormigoizko, burdinazko edo aluminiozko berealdiko formak dituzte, grabatu tapituz betetako gainazalekin —zeinak sarritan argizari eta patina lodiez landuta baitaude—; beira, alabastro edo tapizak bezalako luxuzko materialekin uztartuta.

Titulurik gabea (Sareta II) [Sin título (Celosía II), 1997] instalazio bat da, saretaz estalitako gela bat irudikatzen duena. Gelak horma karratuak ditu, eta ikusmenak zeharka ditzake bertako panelak, ikusleak barnealdea begiztatzeko moduan. Panel horien forma Iglesiasen herentzia kulturaletik eratorria da; izan ere, eliza katolikoetako aitorleku antzeko bat da, eta jeloskortasuna bekatuarekin lotuta dagoela ematen du aditzera.

Artistak berak aipatu izan duenez, jatorrizko gaztelaniazko tituluaren “celosía” hitzak, leiho bat estaltzeko balio duen egitura edo sareta izendatzeaz gain, “jelosiaren” aipamena ere egin dezake3. Argia sar ez dadin erabiltzen diren sareta apaingarriak direnez, gela arkitektoniko honetan Iglesiasek erabiltzen dituen elementuek espazio intimo horren pertzepzio mugatu bat bakarrik —ia domestikoa— jasotzeko aukera ematen diote ikusleari. Gelaren esparru fisikoak hesi probokatzailea sortzen du, baina agerikoa da aldi berean babesteko egitura bat ere badela. Iglesiasen obra ugaritan gertatzen den bezala, sartu ezin den espazio bati aurre egitean, barrualdetik gauzak nolakoak izango ote diren galdetzen dio ikusleak bere buruari. Argiak ere garrantzizko zeregina betetzen du, saretetako zuloek argiari sartzen utzi eta itzalak sortzen baitituzte zoruan; horrela, lanaren gorpuztasunean gorputzaren absentzia iradokitzen da.

Guggenheim Bilbao Museoak 1998an artistari eskainitako atzerabegirakoan jarri zuen lehen aldiz ikusgai Titulurik gabea (Sareta II). Carmen Giménez arte-historialaria komisario izan zuen erakusketa hartarako hautatu ziren obrak 1991 eta 1997 bitartean sortuak ziren, eta espazio irisgarrien eta bizigarrien inguruan Iglesiasek egindako ikerlana jasotzen zuten.

Katalogoan, Giménezek hau idatzi zuen: “Bere obraren ezaugarri diren alderdi sinbolikoen eta forma zehatzen arteko intersekzioak eraginda, bere nolakotasun ugariak deskubritzeko ikuspegirik egokiena izateko, uko egin behar zaio atzera begirako hurbilketa bati. Horrela, ikusgai jartzen diren espazioekin zuzenean erlazionatzen diren obrei so egin behar diegu, haietako batzuk erakusketa honetarako propio sortuak”4. Material organikoak eta industrialak uztartzeak, beren konposizio desberdinak eta bere eskulturen eskalak elkarrizketa bat sortu eta haien inguruan ibiltzera gonbidatzen dute ikuslea, eta zenbaitetan baita haien barnealdean sartzera ere. Atzera begirako hura New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumen inauguratu zen 1997an eta, ondoren, Bilbora iritsi aurretik, Chicagoko Renaissance Society (1997) eta Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía (1998) erakundeetan izan zen.

Iglesias laurogeiko hamarkadaren hasieran hasi zen bere lanaren erakusketak egiten, eta harrezkero lengoaia eskultoriko berdingabea osatu du bere ibilbidean zehar. Sortzen duten esperientzian oinarritutako ingurune murgiltzaileek instalatzen diren lekuko arkitektura, literatura eta eragin kulturalak uztartzen dituzte, eta arlo horiei guztiei buruzko erreferentziak jasotzen dituzte. Pabiloi flotatzaileak eta panel sareztatuak, pasabideak eta labirintoak sortzeko erabiltzen dituen material desberdinekin landutako forma eraikien eta naturalen hizkuntza baten bidez, Iglesiasek poetikoki birdefinitzen du espazioa; barnealdea eta kanpoaldea, organikoa eta artifizioa nahasten ditu, ikuslearentzat leku sentsorial berriak eta ustekabekoak sortzeko helburuz material industrialak eta elementu naturalak elkartuta.

Arte garaikidearen funtsezko erreferentea den aldetik, Iglesiasek museo ugaritan jarri du bere lana ikusgai Europan, Ipar Amerikan eta Asian. Nabarmentzekoa da 1986ko Veneziako Bienalean, baita 1993koan ere, Espainiako pabilioian izan zuen presentzia, baita 2012ko Sydneyko Bienalean ere. Horrez gain, erakusketa ugaritan parte hartu du, besteak beste, leku hauetan: Bernako Kunsthalle (1991), Stedelijk Van Abbe Museum (1993) eta Pittsburgheko Carnegie Museum of Art (1995). Azken hamar urte hauetan banakako erakusketa handiak eskaini dizkiote erakunde hauek: Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía (2013), Bruselako BOZAR (2014), Musée de Grenoble (2016) eta Santanderreko Centro Botín (2018).

Bere gain hartu dituen azkenaldiko enkargu publikoen artean daude Erreka ahaztuak (Forgotten Streams), Bloomberg etxearen Londresko egoitza nagusian (2017); kokapen iraunkorreko Hiru Ur – Toledorako proiektua (Tres Aguas – Proyecto para Toledo, 2014) kolosala; eta Hondalea (2021), Donostiako Santa Klara uhartean egindako dimentsio handiko eskultura. 2020an Londresko Royal Academyren Arkitektura Saria jaso zuen.

[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;

Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

OHARRAK

  1. Cristina Iglesias, ikus hemen: Jan Garden Castro, “Place as Threshold: Conversation with Cristina Iglesias”, Sculpture, 37. lib., 8. zk., 2018, 30. or.
  2. Ibid., 34. or.
  3. Nancy Princenthal, “Recuerdos encubridores”, Carmen Giménez (ed.), Cristina Iglesias, erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, eta Ediciones El Viso, Madril, 1998, 26. or.
  4. Carmen Giménez, “Introducción”, Carmen Giménez (ed.), Cristina Iglesias, erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, eta Ediciones El Viso, Madril, 1998, 14. or.