katalogoa
Jorge Oteiza
Maite Borjabad López-Pastor
- Izenburua:
- Jorge Oteiza
- Egilea:
- Maite Borjabad López-Pastor
- Argitalpena:
- Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2022
- Neurriak:
- 24,5 x 30,4 zm
- Orrialdeak:
- 99
- ISBN:
- 978-84-95216-95-3
- Lege gordailua:
- BI-1271-2022
- Erakusketa:
- Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte
- Gaiak:
- Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Geometria | Konposizioa | Lan-prozesua | Materialtasuna | Sinbologia | Guggenheim Bilbao Museoa | Euskal Herria | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Oteiza, Jorge
1950eko hamarkadan Oteizak Laborategi esperimentala (Laboratorio experimental) deitu ziona garatu zuen maketa txikiak erabilita, berarentzat eskulturaren izateko arrazoia zena bilatu nahian. Saiakera haiek Helburu esperimentala (Propósito experimental) izeneko harrizko eta altzairuzko pieza-multzo batekin zehaztu ziren 1957an; Oteizak proiektu hura aurkeztu zuen São Pauloko IV. Bienalean, eta harekin eskuratu zuen Lehen Eskultura Saria. Dena den, Helburu esperimentala harago zihoan eta ikusgai jarritako pieza-sailari testu bat, txosten moduko bat, gehitu zion Oteizak. Bertan 15 printzipio artikulatu zituen, espazioa desokupatzeko zuen asmo handi hura, berarentzat eskulturaren izateko arrazoia zena ezartzeko. Erakusketa horretako pieza-multzoa eta haien ondorengoak Azkena emateko obrak (Obras conclusivas) izenekoak dira, eta Oteizaren praktikaren muina osatzen dute; bi urte geroago, 1959an, artistak berak amaitutzat eman zituen.
Egindako lanaz aritzen zenean “nire eskultura” aipatzen zuen Oteizak; xedetzat zuen obra erabateko eta handinahi hori aipatzeko, ordea, “estatua” izaten zuen hizpide. 1957an, artistak gutun batean hauxe idatzi zuen Brasildik, São Pauloko IV. Bienalean aurkeztuko zuen lanari buruz: “Irudikatzen dut hemen nagoela, eskatu zizkidaten 10 eskulturekin. Egia esan, bakar bat da. Pentsamendu bakar bat, unitate ireki formalak elkartzetik Estatua espazioaren Desokupazio aktibo gisa proiektatzeko”1. Hain zuzen ere, kontzeptu horiek hedatzen dituzte Oteizaren proiektuaren oinarriak. Bertan, piezek ez dute elementu bakar gisa funtzionatzen; horren ordez, multzo gisa sortzen dira, espazioaren desokupazioa xedetzat duen esplorazio horren emaitzazko familia gisa, alegia. Bidean aurrera egin ahala esperimentuak sendotzen dituen lan-metodologia baten moduan ia, Oteizaren piezak continuum moduan har daitezke, hutsaren bila, ezerezaren bila aurrera eginez. Izan ere, Oteizak beti adierazi zituen bere erreparoak arte-objektuekiko, behatuak izateko objektu soiltzat hartuta. Horregatik, behin eta berriz aurkeztu izan ditu bere lanak multzoan, nolabait ere, atzean zegoen pentsamenduaren eta lanaren prozesua ikusarazi ahal izan zezaten2.
Hala, Oteizak São Pauloko erakusketan parte hartu eta urtebetera sortutako Azkena emateko obrak multzo horretakoa da Bi triedroren batze bidezko kutxa metafisikoa. Leonardoren omenez (Caja metafísica por conjunción de dos triedros. Homenaje a Leonardo, 1958), bere eskultura-lana amaitutzat eman eta aktibismo-, kultura- eta heziketa-jardunari bete-betean ekin baino urtebete lehenagokoa. Azkena emateko pieza horiek oso lengoaia geometrikoa dute ezaugarri eta hutsa da ariketa eskultorikoaren muina, espazioaren presentzia gisa agertua. Txomin Badiolak azaltzen duenez, obra horiek Oteizaren haurtzaroko sentsazio bat birsortzen dute, zeinak umetan “bortitz eta beldurgarritzat hartzen zuen errealitatea, eta Orioko hondartzako zulo handi batzuetan sartu ohi zen barrualdetik zeruaren inguru hutsa behatzeko, horrek seguru eta babestua sentiarazten zuelako”3. Hala, espazio hutsaren —espazio negatiboaren— eta materiaren babes existentzialaren arteko erlazio hori azkena emateko bere obra guztietan dago presente, baina oso bereziki kuboa lantzen duten Kutxa hutsak (Cajas vacías) eta Kutxa metafisikoak (Cajas metafísicas) sailetan.
Bi triedroren batze bidezko kutxa metafisikoa. Leonardoren omenez altzairu polikromatuzko bi triedro dira, elkar ukitzeko zorian eta eskuz egindako bi inskripzio agertzen dituzten marmolezko oinarri batean bermatuta daudenak. Lehenengo inskripzioak titulua eta sortze-data adierazten ditu, eta hau dio: “LA ANUNCIACIÓN – HOMENAJE A LEONARDO – 1958”. Bere praktika artistikoa prozesutzat hartua izateko eta bere lan-mekanismoa jasota uzteko Oteizaren ahalegin horretan beti da interesgarria piezen tituluak arretaz behatzea, sotiltasun poetiko batez zerrendatzen baitituzte bere sorkuntzaren elementu primarioenak. Kutxa metafisikoen familia bi triedro elkartzetik edo, hobeto esanda, erkatzetik sortzen da. Hiru planoz osatuta daudenez, esan daiteke triedroak espazioa nolabait eduki edo mugarriztatzen duten unitateak direla, kontuan hartuta gainera bi triedro elkartzean kubo bat era daitekeela, potentzialki itxia, espazio kapsulatu bat litzatekeena. Hala ere, ariketa esperimentala bi triedroak elkarri hurbiltzeko une horretan zetzan, espazio hori bere osotasunean ixtea eragotziz. Horrela, bi triedroak bata bestearen gainean labaintzen dira, ez ordea elkar ahokatzeko, irekiguneak uzteko baizik, barnealdearen eta kanpoaldearen artean arrakala moduko batzuk era daitezen.
Sail horretan guztietatik itxiena delako bereizten da Bi triedroren batze bidezko kutxa metafisikoa. Leonardoren omenez. Bertan, minimoak dira triedroen arteko arrakalak eta horrek oso ageriko tentsio espaziala sortzen du, irudikatu egin daitekeelako ia kubo perfektua, baina ez da berez existitzen. Voyeur ekintza baten tentsioa bezala, arrakalek aukera ia minimo eta zeharo kontrolatua, ia ezinezkoa, irekitzen dute barnealdera begiratzeko. Hala, barnealde horretara heltzeko ia ezintasun horrek espazioa sekretua, misteriotsua, begiratzeko desegokia dela pentsarazten du, eta halako enigma kutsua ematen dio, Oteizari gogora ekartzen ziona berak “Leonardoren obra ilun eta enigmatikoetan” antzematen zuen “bihozkada” hura4.
Marmolezko oinarrian ageri den bigarren inskripzioak hau dio: “ZORIONAK KOLDO – 88-2-25 gure adizkide onari – Jorjek”. Txomin Badiolak azaldu duenez, Oteizaren lan esperimental horretan, Azkena emateko obrak bokazio transzendental etengabe batek eragindakoak dira, non espazio mistikora iristeko bide antzeko bat den materialtasuna.
Hala ere, interesgarria da nahi horiek pieza existitzen den egunerokotasunaren logika trantsakzionalenekin kontrajartzea, horrek nolabait ere lurrekoaren eta espiritualaren artean bizi den ente gisa kokatzen baitu. Bigarren inskripzioa 1988an egina da, obra sortu eta 30 urtera, eta artistaren estudiotik atera zen unea adierazten du, lagun handia zuen Koldo Martinez Urionabarrenetxeari urtebetetzeko opari gisa eramateko unea. Hala, praktika artistikoaren arrastoak pilatzen dira marmol gainean, baina baita artistaren lotura pertsonalak ere.
Erakusketa-areto batean ikuslearen eta eskulturaren artean izaten den elkarraldiak hedadura ia mistiko bat hartzen du, non horixe gertatzeko koreografiatu den espazio osoa.
Baina hainbat ekintza ere badaude atzean, erakusketako espazio zuriaren araztasunetik urrun. Garbiketa, kontserbazioa, enbalajea, garraioa… ekintzen errenkada luzea da eta, ikusezin izanagatik ere, ezinbesteko azpiegitura osatzen dute elkarraldi aratz eta interferentziarik gabeko hori gerta dadin. Eta, une horretan, Leonardoren omenez enbalatzeko momentuan, pieza babestu eta egonkortzea ez den beste nahirik ez dagoenean, orduan geratzen dira agerian espazioa husteko artistaren nahi eta keinu guztiak. Poliespan-tako zuriak, urregintzako ariketa baten moduan eskuz ebakiak, piezaren arrakaletako bakoitza betetzen doaz, zuzena ez den angelu bakoitza osatzeko, eta horrela kutxa hustu hori betetzeko, enbajalearen kaxaren kubo perfektuan ia doi-doi egokitzeko. Pieza babesteko keinu hori espazioa betetzea baino ez da, bere egonkortasuna desorekatuko duen hutsunerik gera ez dadin, eta keinu hori da beharbada ondoen adierazten duena Oteizak garrantzi handiko proiektu horretan lortutako helburua: hutsarekin berarekin lan egiteko gai izateraino espazioa desokupatzeko nahi bizia.
[Itzultzailea: Bitez eta Rosetta Testu Zerbitzuak;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]
OHARRAK