Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak
Sarrera
Willem de Kooning, Villa Borghese, 1960
Iruzkinak
Mark Rothko, Titulurik gabea, 1952–53
- Izenburua:
- Mark Rothko, Titulurik gabea, 1952–53
- Erakusketa:
- Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak
- Gaiak:
- Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Kolorea | Tamaina | Espiritualtasuna | Bigarren Mundu Gerra
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte informala | Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Horma-pintura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Rothko, Mark
“Zerbaitez fidatu behar banu, behatzaile sentiberen adimenaz, ulermenari buruzko konbentziorik ez dutenenaz, fidatuko nintzateke. Ez nuke ezinegonik sentituko pertsona horiek margolan hauek haien behar espiritualetarako erabiliko balituzte. Biak badaude, beharra eta espiritua, benetako elkartrukea gertatzen da”. [Rothko-ren esana]
Mark Rohko-rentzat, arteak balio espirituala eta sinbolikoa eduki behar zuen eta ezaugarri horiek zituen arte geometrikoan jarri zuen arreta. Rothko lanean ari zen garaian, Bigarren Mundu Gerra ostean, Espresionismo Abstraktua eta Informalismoa ziren nagusi. Hala ere, beste joera batzuk ere sortu eta garatu ziren. Horietako bat izan zen geometria oinarritzat hartutako mugimendua; gerra-aurreko Europako arte abstraktuan errotuta zegoen, eta artista batzuek zientzian eta teknologian bilatu zuten justifikazioa, baina beste batzuek, aldiz, balio espiritualean.
1950eko eta 1960ko hamarkadetan, toki jakin batzuetarako muralak egiteko enkargua egin zioten Rothkori. Proiektu horietako bat ezagun egin zen: Rothko Kapera zen, eta Houston-en (Texas-en) zegoen.
Hemen ikusgai dagoen margolana ez zuen toki jakin baterako egin. Lanaren eskala izugarria ohiz kanpokoa da artistaren gainerako lanekin alderatuta, haren horizontaltasuna dela eta. Plano piktorikoa ikuslearen alboko ikus-eremuaren mugez harago ateratzen du, eta margolanak muga espazialak zabaltzen eta gainditzen ari dela ematen du.
Indar hedakor hori sendotzen dute tonu epel eta sutsuek; horrela, hedatzen ari den unibertso oso baten aurrean jartzen gaitu ikusleok. Sekulako unibertsoa da, gu bertara erakartzen eta harrapatzen gaituena.
“Agian ikusi duzue nire margolanetan honako bi ezaugarri hauek daudela: haien azalerak hedakorrak dira eta kanporantz bultzatzen dute norabide guztietan edo haien azalerak uzkurtu eta barrurantz zuzentzen dira bizkor norabide guztietan. Bi polo horien artean aurki dezakezue esan nahi dudan guztia”. [Rothko-ren esana]