Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak
Anselm Kiefer. Berenize (Berenice), 1989 eta Ekiloreak (Tournesols), 1996
Cy Twombly, Komodori buruzko bederatzi gogoeta (Nine Discourses on Commodus), 1963
Iruzkinak
Gerhard Richter, Itsas paisaia (Seestück), 1998
- Izenburua:
- Gerhard Richter, Itsas paisaia (Seestück), 1998
- Erakusketa:
- Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak
- Gaiak:
- Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Tamaina | Itsas paisaia | Bigarren Mundu Gerra | Alemania
- Mugimendu artistikoak:
- Errealismo kapitalista
- Artelan motak:
- Argazkia | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Polke, Sigmar | Richter, Gerhard
Gerhard Richter artista alemaniarra Bigarren Mundu Gerra ondoko artearen figura nabarmenetakoa da. Konrad Lueg-ekin eta Sigmar Polke-rekin batera, Errealismo Kapitalistaren sortzaile izan zen, eta garai hartan komunikabideek sortutako ikonografia ugaritzearen aurka agertu zen.
Hala ere, artista honen artelanetan sarri agertzen dira: komunikabideetatik zein berak ateratako argazkietatik hartutako irudiak.
1998ko pieza honetan, itsas paisaien gaia landu zuen berriz ere, hogei urte lehenago egin bezala. Tenerifen egin zituen argazki batzuetan oinarritu zen. Lanaren monumentaltasunak eta irudikatutakoaren handitasunak artelana gorena denarekin lotzen du. Beraz, erromantizismo alemanaren artisten lanekin ere zerikusia du, besteak beste, Caspar David Friedrich-en lanekin: gizakiaren eta naturaren espiritualtasunaren arteko topaketa islatzen dute lan oroitarazle eta sentimental horiek.
“Neure burua pinturaren aberastasun kultural handiaren oinorde gisa ikusten dut; oro har, artearena, galdu den arren, betebeharrak ezartzen dizkigu horrek”. [Richterren esana]
Friedrichek paisaiak xehetasunez irudikatzen zituen, eta Richterrek, berriz, zehaztasunik gabe. Zehaztugabetasun hori teknika jakin baten bidez lortu zuen: pinturaren gainean pintzelaren aztarna ezabatu zuen gomazko eskuilaz. Irudia laino antzeko batean murgildua dagoela ematen du. Teknika horrek Errenazimentuko sfumato teknika gogora ekartzen digu.
Sfumatoak bezala, artista alemaniarrak erabilitako teknikak ingerada zehaztugabeak sorrarazten ditu, eta lanak antzinako itxura, urrunekoa, hartzen du eta sakontasun sentsazioa eragiten du. Aldi berean, baliabide horrek argazkiak oinarri moduan erabili zituela ahaztarazten digu eta irudia argazkia edo pintura den asmatzea zailtzen du.
Azken batean, Richter gaur egungo artista da, baina behin eta berriz tradizioari begira ari zaio, hura hausnartzeko eta eraldatzeko. 1970ean galdetu zioten zergatik hasi zen paisaia errealistak margotzen eta zera erantzun zuen:
“Zerbait ederra margotu nahi nuen”. [Richterren esana]