Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak
Julian Schnabel, Espainia (Spain), 1986
Iruzkinak
Julian Schnabel, Fakirrak (Fakires), 1993
- Izenburua:
- Julian Schnabel, Fakirrak (Fakires), 1993
- Erakusketa:
- Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak
- Gaiak:
- Artea eta emozioa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Materialtasuna | Sentimenduak
- Mugimendu artistikoak:
- Neoespresionismoa
- Artelan motak:
- Ikus-entzunezkoa | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Schnabel, Julian
Julian Schnabel pintorearentzat eta arte-zuzendariarentzat, sormenak berebiziko garrantzia du. Bere hitzetan:
“Pintatzea, niretzat, arnastea bezalakoa da. Denbora guztian egiten dut. Egunero egiten dut artea, dela margotuz, dela idatziz, dela film bat zuzenduz”.
1980ko hamarkadaren amaieran, haren artegintza plastikoari buelta eman zion: utzi zion aurreko hamarkadan garatutako lan-motak egiteari eta materia nagusi zuten zeramikazko zatidun pinturak egiteari, baita horietan oinarritutako narrazio piktorikoari ere.
Aldaketa hori nabarmena da bere artelanetan hitz idatzia eta izen bereziak sartzen hastean. Hizkuntza sartzeaz gainera, bere artelanen narratiba ere sinplifikatu egin zen; erreferentzia ikonografikoak gutxitu eta konposizioei soiltasun berria ematen hasi zen.
Ildo horretakoa da Fakirrak artelana, nahiz eta garaiko beste artelan batzuk baino kromatismo aberatsagoa eta azalera materiazkoagoa izan. Artistak hitzak sartuz eginiko lehenengo artelanak baino espresionistagoa da.
Artelanean ikusten denez, “fakirrak” hitza ageri da, diagonalean. Erabateko pobrezian bizi ziren aszeta horiek –marabutak kultura musulmanean, jatorria han baitute–, eta erresistentzia fisikoko eta mentaleko ekintzak praktikatzen zituzten.
Kevin Power arte-kritikariaren hitzetan, Schnabelen artelan honetan:
“Hitz horrek aditzera ematen du Schnabel gure onerako sufritzen duten guztiekin identifikatzen dela, oinaze hori ezin bestean bidelagun dugula. Lan hau gizatasun zikinduz zipriztindua dago, eta fakirraren erakuspenen hutsalkeria adierazten du; halere, odolez zikindutako gizabanakoaren arrakastak iraun egiten du. Sakrifizio-sentsazioa sakratuaren ezinbesteko zati da, eta irudia esanahiaren adierazpide kementsua da”.