Jasper Johns-etik Jeff Koons-era: Broad Bildumen artearen lau hamarkada
Cy Twombly, Ilium (goiz batean hamar urte ondoren) [1. zatia], 1964
Roy Lichtenstein, Rouen katedrala (eguneko bost aldi ezberdinetan begiratuta) III. multzoa, 1969
Iruzkinak
Roy Lichtenstein, Ba... Barkatu, 1965‑66
- Izenburua:
- Roy Lichtenstein, Ba... Barkatu, 1965‑66
- Erakusketa:
- Jasper Johns-etik Jeff Koons-era: Broad Bildumen artearen lau hamarkada
- Gaiak:
- Emakumea artean | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa
- Mugimendu artistikoak:
- Pop Artea
- Artelan motak:
- Inprimaketa | Komikia | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Lichtenstein, Roy
Roy Lichtenstein-ek nolabaiteko arrakasta izan zuen 1950eko hamarkadan egin zituen lehenengo lanetan, baina 1960ko hamarkadaren hasieran lortu zuen benetako ospea, Pop Art mugimendu berriaren abangoardian. Pop Art mugimenduak irudi errentagarri eta merkeak goraipatzen zituen; eta Lichtensteinek berehala aurkitu zuen bere bidea mugimendu honetan. Horren erakusgarri dugu honako hau, komikietan oinarritua. Elkarrizketen bunbuiloak ere baditu, eta neurriz gaineko eskalan, komikiak ekoizteko erabiltzen zen inprimaketako teknika merkeak eragiten zuen puntu bilbea irudikatzen du.
Lichtensteini, bere haurrekin sortu zitzaion komikienganako interesa. 1960an, bere semeek gogokoen zituzten marrazki bizidunetako pertsonaien irudiak egiteko eskatu zioten; Donald ahatea eta Mickey Mouse sagua ziren pertsonaiok. Hainbat marrazki bizidun kopiatu zuen, oso emaitza onekin. Eta ordu arte egindako lanak baino interesgarriagoak iruditu zitzaizkion emaitzak. Baina laster utzi zituen marrazki bizidunetako pertsonaia identifikagarriak. Komikiekin lan egitea erabaki zuen, batez ere Bigarren Mundu Gerrako heroismoari buruzkoekin edota erromantikoekin. Halako erromantzeetako pertsonaia tipikoa maitasunean zorigaitzekoa den emakumea da, gehienetan ilehoria. Lichtensteinek emakume ilehori horiei buruzko serie bat egin zuen. Ba... Barkatu lanean, emakumea negarrez dago; baina ez dago argi zerk kezkatzen duen. Agian, guztia amaitu dela esaten ari zaio mutil lagunari, edota itzultzeko erregutzen.
Lan honi behatzen badiogu, Lichtensteinek komikietako irudiak erreproduzitu baino ez zuela egiten pentsa dezakegu. Egia esan, kontu handiz berrantolatu eta konposatzen zituen. Lan honetan, emakumearen eskua bunbuiloaren gainean dago, hitzak irudira ekartzeko bezala. Eta margotu zuen moduak erakusten digunez, garai hartan, mugimendu modernista interesatzen zitzaion artistari. Begiratu, adibidez, zuhaitzaren enborreko uhinei eta emakumearen blusaren aurrealdeko itzalei.