Jasper Johns-etik Jeff Koons-era: Broad Bildumen artearen lau hamarkada
Charles Ray, 91ko udazkena, 1992
Cindy Sherman, Titulurik gabea 143. zk., 1985
Iruzkinak
Cindy Sherman, Titulurik gabeko fotograma 6. Zk, 1977
- Izenburua:
- Cindy Sherman, Titulurik gabeko fotograma 6. Zk, 1977
- Erakusketa:
- Jasper Johns-etik Jeff Koons-era: Broad Bildumen artearen lau hamarkada
- Gaiak:
- Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artea eta identitatea | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Feminismoa
- Artelan motak:
- Argazkia
- Aipatutako artistak:
- Sherman, Cindy
Zuri‑beltzeko argazki hau Cindy Sherman-en lehenengo lan sailetik dator, hau da, Titulurik gabeko fotogramak izeneko serietik. Eta horrexen itxura du argazkiak lehenengo begiratuan: 1950.eko eta 1960.eko hamarkadetako B mailako filmetatik ateratako fotogramen erreprodukzioen itxura, alegia. Hemen dakusazun lanean, postaleko neska ilehori eder bat etzanda dago, edredoi leun baten gainean. Haren txabusina irekita dago, azpiko arropa herabe samar, bat ez datorrena, erakutsiz. Neskaren begiak gorantz begira daude, apaltasunez edo estasian; eta haren ezpainak pixka bat irekita daude.
Argazki honek, serieko gainerakoek bezala, hainbesteko dokumental sinesgarritasuna dute, zeina kritikariei denbora puska bat kosta baitzitzaien benetan filmetatik atereak ez zirela konturatzea. Egiaz, Shermanek berak konposatu zituen argazki guztiak. Eta, are aipagarriagoa, Shermanek berak posatu zuen guztietarako. Haren aurpegia behin eta berriz azaltzen da, emakumezko rol estereotipatuetan.
Shermanen lanak interes itzela piztu du arte-kritikari feministen artean, «gizonezko‑begiratua»ren gai feminista garrantzitsua esploratzen duelako. Kritikari feministen idatzien arabera, gizartearen erdi maskulinoak egituratu du emakumeek euren burua nola ikusten eta sentitzen duten adierazten duen hizkuntza osoa. Argumentu hori aplika dakioke «goi mailako» arte tradizionalari. Konparazio batera, Errenazimentuko artista gizonezkoek emakumea erakusteko bi modu zituzten: edo debozio elizkoiaren objektu gisa, edo sexu-desiraren objektu gisa. Madonnak edo venusak. Eta estereotipo horiek bere horretan jarraitu dute zineman, telebistan, iragarkietan eta aldizkarietako erdialdeko posterretan. Shermanen irudiek iruzkin liluragarria eman dute, gai horren inguruan. Hemen, rol bat jokatzen ari da behatzaile batentzat; eta behatzaile hori kamera da. Eta, hala ere, kamera emakume batek kontrolatzen du, Shermanek berak. Hori jakiteak nola eragiten dio irudi hori ikusten dugun moduari? Shermanek alde batera uzten du gizonezko‑begiratua, ala nahita eragiten du begiratu hori?