Jasper Johns-etik Jeff Koons-era: Broad Bildumen artearen lau hamarkada
Ed Ruscha, Industria astuna, 1962
Andy Warhol, Aulki elektriko handia, 1967
Iruzkinak
Andy Warhol, Bi Marilyn, 1962
- Izenburua:
- Andy Warhol, Bi Marilyn, 1962
- Erakusketa:
- Jasper Johns-etik Jeff Koons-era: Broad Bildumen artearen lau hamarkada
- Gaiak:
- Artea eta komunikabideak | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Erretratua eta autorretratua | Marilyn Monroe
- Artelan motak:
- Pintura | Serigrafia
- Aipatutako artistak:
- Warhol, Andy
Bi Marilyn lanean, Marilyn Monroe Hollywood‑eko izarra azaltzen da.
1960ko hamarkadaren hasieran, Marilyn Monroeren aurpegia munduko ezagunenetariko bat zen. Warhol-entzat, glamour‑aren pertsonifikazio gorena zen. Glamour‑ak eta edertasunak liluratu izan zuten betidanik Warhol, bai eta ospeak ere. Marilyn 1962an hil zen, gaindosiz. Orduan, Warholek haren erretratuen serie bati ekin zion: ilehori famatu batek beste ilehori bati egindako ordaina.
Baina Bi Marilyn monumentu aztoragarria da. Hein batean, benetan bi Marilyn daudelako. Warholek, ezagutu berri zuen serigrafia-teknika erabili zuen. Hala, Marilyn bi aldiz azaltzen da, bietan ia berdin‑berdin. Izan ere, Warhol irudiak kopiatu eta errepikatzeko moduen bila aritu zen; «muntaketa katearen» efektua lortu nahi zuen. Eta Marilynen erretratuen seriean, errepikatze horrek, egun hartako egunkarietan behin eta berriz, ad nauseam, azaltzen zen Marilynen aurpegia ekartzen digu gogora. Marilynen nortasun pertsonala ezkutatuta zegoen, komunikabideek arreta handiz aukeratu eta kaleratu zituzten irudi publizitarioen atzean. Warholek, nortasunaren galera hori nabarmentzeko, kolore argi eta irrealak erabili zituen. Aurpegiak maskara itxura du, azal arrosa lazgarriarekin eta oso kolore biziz margotutako ezpainekin. Ile horia ileordearen antzekoa da. Hain zuzen, Warholek berak zituen berrehun ileordeetako bat dirudi. Gainera, Warholek nahita lausotu zuen Hollywoodeko perfektutasunaren irudia. Eskuineko Marilyn ezkerrekoa baino nabarmen lausoagoa da. Begiak itzaliagoak dira, modu hunkigarrian; eta ezpainetako gorria falta da. Glamour‑ezko maskara galduz doa, eta tragedia arrastoa uzten du atzean.