Espresionismo Abstraktua
Adolph Gottlieb: Ilunantza (Penumbra), 1959
Joan Mitchell: Agur egiten dizut, Tom (Salut Tom), 1979
Iruzkinak
Barnett Newman: Argi profila (Profile of light), 1967
- Izenburua:
- Barnett Newman: Argi profila (Profile of light), 1967
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Kolore-eremuko pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Newman, Barnett
Urdinaren edertasun gorenak, purutasuna irudikatzen duen urdin distiratsuak, Barnett Newmanen koadro erraldoi honen izaera markatzen du. Artista horrek kolorearen funtsezkotasuna bilatzen zuen ororen gainetik, koloreak emozioak iradokitzeko zuen berezko gaitasunarekin lan egitea, pintzelkadaren forma edo keinutasuna baliatu gabe. Hori dela eta, bere obra kolore-eremuen pinturaren baitan sailkatzen da.
Ibilbide luze eta zail bat egin ostean heldu zen Newman lan egiteko modu horretara. New Yorken finkatutako immigrante poloniar eta juduen semea zen, eta bere familiak zuen arropagintza-negozioan aritu ondoren hasi zuen bere ibilbide artistikoa. Margolari-jarduera eta irakasle izateko ikasketak (inoiz bukatuko ez zituenak) uztartu zituen, bai eta idazle eta kritikari lanak ere.
1930eko hamarkadan gero erabat suntsituko zuen lan-sorta bat margotzen hasi zen, eta klariona eta argizarizko pinturarekin lan egiten jarraitu zuen. Baina 1940ko hamarkadan finkatu zen bere estiloa kolore-eremuen pinturaren baitan. Ordutik aurrera, bere lanek oinarrizko ezaugarri bat dute: beti dago, gutxienez, tonu nagusiarekiko desberdina den zerrenda bat, kolore-eremua bi zatitan edo gehiagotan banatzen duena. Normalean, Newmanen zerrenda banatzaile horiek “kremailera” izenez ezagutu dira.
Baina kasu honetan, geure buruari galde diezaiokegu: “Urdin koloreko eremu bakarra dago kremailera zuri batez bereizita?”, “edo hiru kolore-eremu daude: urdina, zuria eta urdina?”. Gure pertzepzioarekin jolasten du artistak hemen, eta koloreak konposizioan duen protagonismoa eta garrantziari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu.
Kasu honetan, koadroko zerrenden eta formatuaren bertikaltasunak lana behatuko duen ikuslearen zutiko posizioa dauka gogoan, eta munduan daukan posizioarekiko kontzientzia handitzen du harengan. Hori, era berean, tradizionalki kolore urdin eta zuriari lotu zaizkion kontzeptu sinbolikoei gehitzen zaio: espiritualtasuna, purutasuna eta bakea. Hala, baliabide minimo horiekin eta modurik sintetikoenean lan eginda, Newman gai da oinarrizkoena adierazi eta igoera eta transzendentziaren ideia iradokitzeko.