Espresionismo Abstraktua
Philip Guston: Itsasbehera (Low tide), 1976
Sam Francis: Uda, 2. Zk. (Summer No. 2), 1957
Iruzkinak
Helen Frankenthaler: Europa, 1957
- Izenburua:
- Helen Frankenthaler: Europa, 1957
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Gaiak:
- Artea eta mitologia
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Dripping
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- De Kooning, Willem | Frankenthaler, Helen | Pollock, Jackson
Helen Frankenthaler-en obran, esperimentazio teknikoak eta Artearen Historiaren arretazko ikasketak estilo oso pertsonala definitu zuten, erraz antzeman daitekeena. Mihise hau aipatutakoaren adibide ona da: itxuraren aldetik, erakusketako gainerako lanengandik oso desberdina da, eta samurtasun apur bat iradokitzen du, izaera liriko bat; oinarrizko tonu bat dauka, primitiboena gogorarazteko gai dena.
Frankenthaler Espresionismo Abstraktuaren bigarren belaunaldiko partaidea zen. Manhattango Upper East Side-en jaio zen, familia dirudun baten altzoan, eta Rufino Tamayo, Paul Feeley, Wallace Harrison eta Hans Hofmann margolariekin ikasi suen. Besteak beste, Pollock eta De Kooning-en eragina izan zuen; hala ere, pintzelkadaren espresioa apur bat haratago eraman nahi izan zuen berak. Pollockek bezala, pintzeletik margoari tantaka erortzen uzteak zekartzan aukerak aztertu zituen; edo mihisearen gainean igurtzean gertatzen zena. Baina, horrez gain, inprimaziorik gabeko mihiseekin egiten zuen lan, eta era horretan margoa ez zen azaleran geratzen, ohiko moduan; aitzitik, ehundura blaitu eta bertan integratzen zen. Bere beste berrikuntzetako bat mihiseak bi aldeetatik lantzea izan zen. Hala, tonu bereziki finak, lausotuak eta argiak lortzen zituen, bere lanei bereizgarri lirikoa ematen ziotenak.
Margolaritzari buruz zeukan ezagutza Paleolito garaira arte heltzen zen. Eta egia da, honako hau bezalako lanek kobazuloetan margotutako esku primitibo horien itxura edo pintura neolitikoko zeinu hermetiko eta abstraktuak ekartzen dituztela gogora.
Baina bere sorkuntzak kondaira klasikoak ere bazituen oinarri. Kasu honetan, artistak bera baieztatzen zuen bere lanetik atera zen margo orbandunak zezen baten forma iradokitzen zuela. Horregatik jarri zion Europa titulua, Europaren bahiketaren kondairari erreferentzia egiteko. Zezen itxura baliatuta Zeusek Europa gaztea nola bahitu zuen kontatzen du kondaira horrek.