Espresionismo Abstraktua
Helen Frankenthaler: Europa, 1957
Hans Hofmann: Estasia ezer hartu gabe (In sober ecstasy), 1965
Iruzkinak
Sam Francis: Uda, 2. Zk. (Summer No. 2), 1957
- Izenburua:
- Sam Francis: Uda, 2. Zk. (Summer No. 2), 1957
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Gaiak:
- Bigarren Mundu Gerra
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Francis, Sam | Rothko, Mark | Still, Clyfford
Zeru-koloreko urdina gailentzen da Sam Francisen margolan honetan. Kolore distiratsu hori lan askotan baliatu zuen eta haren ezaugarri nabarmenenetako bat da. Kolorea emateko moduagatik ere gailentzen da Francis. Artistak “istripu kontrolatuak” sortzen zituen: pintzelkadaren keinuak mihisearen gainazalaren aurka talka egin eta margo tantak erortzean, ñabardura aldaera txikiak eragiten zituzten.
Urdina osatzeko, beste kolore batzuk erabili zituen, esaterako, okrea, malba eta gorrimina. Hala, tonu beroen kontrastearen eraginez, urdinez margotutako guneak argitasun eta distira gehiago dutela ematen du nolabait. Kontraste horiek urriak izanik ere, haiekin oreka sentsazioa lortzen du artistak: urrean jarritako bitxi bat bezalakoa da margolana, non ez metalak ezta harribitxiak ere ez dioten batak besteari protagonismorik kentzen.
Gauza bera gertatzen da mihisearen gainazal zuriarekin ere: isilunezko zonalde handi horiek uztean, batez ere eskuinaldean, Sam Francisek lasaitasun eta bakearen irudi hauskor bat eraikitzen du, batere gainkargatuta ez dagoena.
Edertasunaren zentzu harmoniatsuaren bilaketa horrek ezaugarri mediterraneo eta klasikoen kutsua du, eta Sam Francisen artelana mugimenduaren gainerako artistengatik urruntzen du, XX. mendeko erdialdeko estutasuna irudikatzeagatik bereizten baitziren horiek. Alde horren arrazoiak izan daitezke Francis Mendebaldeko Kostan bizi zela eta bertan lan egiten zuela, eta Espresionismo Abstraktuko bigarren belaunaldikoa zela.
Bigarren Mundu Gerran, Francis gerrako hegazkinen pilotua izan zen. Ospitalean eri zegoela hasi zen margotzen, bere gelatik ikus zitzakeen argi jokoak irudikatzeko saiakeran. Gerra ondoren, Rothko, Clyfford Still eta mugimenduko beste artista batzuen eragina jaso zuen, Kaliforniako Arte Ederren Eskolara klaseak ematera joan zirenen egileenak, hain zuzen. Kaliforniak, bere jaioterriak, argitasun hori zuen; bere edertasun bareagatik ezaguna zen lurraldea, eta Francisek bere margolanetan irudikatu izan zuen.