Espresionismo Abstraktua
Clyfford Still: Ph-950, 1950
Clyfford Still: Titulurik gabea, 1964
Iruzkinak
Clyfford Still: Ph-1123, 1954
- Izenburua:
- Clyfford Still: Ph-1123, 1954
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Still, Clyfford
Lan honetan Clyfford Stillek oinarrizko koloreen aurkaritza bat aztertu zuen: zuria eta beltza. Koloretako ukitu batzuen bidez aberastu zuen lana; esaterako, urdina ertzean, begirada mihisearen mugara eraman dezagun. Stillek, bada, ohikoa zuen ikuslearen pertzeptzioari desafio egitea.
Haren lanetan maiz agertzen den lerro mehea, mihisea bertikalki gurutzatzen duena, ere badago. Kasu honetan, laranja bizi bat da: gure arreta erakartzen du eta irudia goitik behera irakurtzea eragiten digu. Stillek margoa espatularekin zabaltzen zuenez, orban lodiak lortzen zituen, dentsitate eta trinkotasun sentsazioa sorrarazten dutenak.
Baina, oroz gain, Stillen artelanetan zuriaren, grisaren eta beltzaren arteko jolasa nagusitzen da. Hemen, beste zenbaitetan egin zuen bezala, argitasunaren eta iluntasunaren arteko aurkakotasuna proposatzen du berak. Koloreak ez zituen zerrenda erregularretan antolatu; aldiz, eremu organikoak sortu zituen. Zati batzuetan, tonu bat beste baten ondo-ondoan dago, baina ez dira bi koloreak nahasten; aitzitik, tonu batek kontrakoaren eremua hartzen duela ematen du.
Hala lortu zuen zuri eta beltzaren arteko tentsioa eta oreka gordetzea. Horrez gain, koloreen protagonismoari buruz hausnartzea eragiten digu artelan honek. Pentsa genezake kolore argiak direla hondoa eta gero, haien gainean, beltza margotu zuela artistak. Ala alderantziz egin zuen? Stillek, beste behin ere, ikuslearen pertzepzioa zalantzan jartzeko artelana sortu zuen.