Espresionismo Abstraktua
[Espresionismo abstraktua]. Sarrera
Mark Rothko: Barrualdea (Interior), 1936
Iruzkinak
Jackson Pollock: Maskulinoa eta Femeninoa (Male and Female), 1942-43
- Izenburua:
- Jackson Pollock: Maskulinoa eta Femeninoa (Male and Female), 1942-43
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia | Espresionismo Abstraktua | Erregionalismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Pollock, Jackson
Margolanaren ertzetan suma daiteke Pollockek margotzerakoan zuen sumina, mihisearen aurka isuri eta gainazalaren aurka igurzten zuen kolore biziko pintzelkada bortitza, hondo urdinaren gainean. Baina apalki ikus daiteke soilik, artean ez baitzuen mihise guztia blaitzen. Urte batzuk falta ziren hori gertatzeko: Pollocken estiloa guztiz ernatzeko, Artearen Historia aldatzeko. Artelan goiztiar honetan, artista nolabaiteko asmo figuratibo bati lotuta zegoen, eta beste margolari garaikide batzuei dien mirespena agerian utzi zuen.
Margolanaren izenburuak ematen digu hori interpretatzeko giltza: “maskulinoa” eta “femeninoa”. Ezkerreko irudiaren profil lerromakurrak tradizionalki emakumeei lotutako kontzeptuak dakarzkigu burura: amatasuna, sentsualitatea, naturaren edertasuna… Zentzumenen munduari ere erreferentzia egiten dio; goiko aldean bi begi ikus daitezke, betile luzeekin.
Eskuinaldean, laukizuzen beltz luze batek irudikatzen du gizonezkoaren irudia, haren gainean zenbakiak ikus daitezke, jarduera intelektualaren ikur gisa.
Oso ezberdinak izan arren, bi irudiak konposizio simetriko batean daude eta erdialdean bat egiten dute. Hala eraiki zuen artistak alderdi ezberdinen arteko harremanaren ikurra, bateragarriak diren eta osagarriak izan daitezkeen bi alderdiren artekoa, hain zuzen.
Giza natura gogorarazten duten gorputz-ezaugarrien artean (buruak, esaterako), horiek osatzen dituzten elementuak lekualdatuta ageri dira. Emakumearen aurpegian sudurra albotik ikusita ageri da eta begiak aurrez aurre, albo batean. Bestalde, gizonezkoak ahoa alderantziz duela dirudi, keinu adierazkorraz zabalik dagoen zirkuluerdi baino ez da. Horrek guztiak Picasso gogorarazten du modu nabarian eta Pollockek Europako arte garaikidetik jasotako eraginaren isla da.
Baina eredu horiekiko interesa garatu baino askoz lehenago, artista AEBko erregionalismoan trebatu zen. Wyoming-en jaio zen Pollock, eta Thomas Hart Benton margolari erregionalistaren ikaslea izan zen. AEBko eguneroko bizimodua osatzen zuten eszenei nagusitasuna ematen zien ideologiaren jarraitzailea zen Benton, eta bere ikasleari hori helarazi zion.
Hogeita hamargarren hamarkadako azken urteetan hurbildu zen lehen aldiz abangoardismora John Graham artistaren eskutik, eta horrek honako ideia surrealista hau transmititu zion: “sormenaren eragile bat da inkontzientea, eta boterearen eta ezaguera ororen —iraganekoa zein etorkizunekoa— iturri eta biltegi”.