Espresionismo Abstraktua
Arshile Gorky: Loreen errotako ura (Water of the flowery mill), 1944
Willem de Kooning: Emakumea paisaia balitz bezala (Woman as landscape), 1965–66
Iruzkinak
Willem de Kooning: …Zeinaren izena uretan idatzi zen (...Whose name was writ in water), 1975
- Izenburua:
- Willem de Kooning: …Zeinaren izena uretan idatzi zen (...Whose name was writ in water), 1975
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Ekintza-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- De Kooning, Willem
Willem de Kooning-ek artelan hau egiterakoan pintzelkada bizia erabili zuen, oso enpastatua, koadroan zehar ezkerretik eskuinera doana, idazkera azkar antzeko bat balitz bezala. Lan egiteko modu hori erraietakoa zen eta Espresionismoaren oinordekoa; artistak mihisean egindako ekintza azpimarratzen zuen, eta lan amaituaren pare ezartzen. Artistak bere mihisearekin topo egin, hura ondo behatzeko apur bat aldendu eta berriro ekiten zion lanari; horrela, sortzaile eta lanaren arteko tupusteko elkarrizketa gisako bat eratzen zen. Lanketa prozesu hori Action Painting edo “ekintza-pintura” izenarekin ezagutuko zen aurrerago eta Espresionismo Abstraktuaren teknika bereizgarrienetakoa izan zen.
Oraingoan, pintzelkadaren mugimenduak bat egiten du gama kromatikoarekin: kolore hotzak, ura irudikatzeko. Bere ibilbidearen garai berantiar horretan, East Hampton-eko paisaietan inspiratu ohi zen artista, New Yorketik alde egin ostean landagunean izandako etxearen inguruko eremuetan.
Askoz lehenago hasi zuen bere ibilbidea, ordea, sorterri zuen Rotterdam-etik alde egin, polizoi gisa itsasoratu zenean eta Manhattanen porturatu zenean. Han, diseinu arloko Eastman Brothers enpresan lana aurkitu zuen, eta Rotterdameko Arte Ederren Akademian ikasitakoa bertan erabili ahalko zuela uste izan zuen artistak hasieran. Azkenean, emaitza baino gehiago, keinuaren intentsitatea eta sormen prozesua balioesten ikasi zuen bertan.
Obra honek ura dakar gogora, bere keinu eta koloreengatik ez ezik, izenburuagatik ere bai, nahiz eta zentzu ilunagoa izan: …Zeinaren izena uretan idatzi zen. Hitz horiek John Keats Erresuma Batuko poeta erromantikoaren epitafiotik hartuak dira. Haren hilobian, Erromako hilerri protestantean, honako hau irakur daiteke: “Hemen datza zeinaren izena uretan idatzi zen”. Dirudienez, hitz horiekin lurperatua izatea izan zen poetaren azken nahia. Agian, Willem de Kooningek 1960. urtean egindako Erromako bidaian ikusi zuen haren hilobia.
Obran protagonismorik eduki ez arren, mihisean zenbait letra irakur daitezke. Zirriborratuta eta itxuragabetuta daude ezkerrean, goialdean; artistaren izenari eta obraren izenari egiten diote erreferentzia. Agian horrekin, eta ura gogora dakarren irudiarekin, sortzailearen eta ekintza sortzailearen beraren izaera iragankorra eta aldakorra nabarmendu nahi du artistak.