Espresionismo Abstraktua
Franz Kline: Titulurik gabea, 1952
Mark Rothko: Titulurik gabea, 1960
Iruzkinak
Mark Rothko: Titulurik gabea, 1952-53
- Izenburua:
- Mark Rothko: Titulurik gabea, 1952-53
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Rothko, Mark
1950eko hamarkadako hasieran, Mark Rothkoren estiloa guztiz finkatuta zegoen. Oinarrizko ezaugarri batzuetatik abiatuta, ordutik aurrera egin zituen lanak identifikatzea erraza da.
Ezaugarri horietako bat erabiltzen zituen mihiseen tamaina handia da. Aztertzen ari garen obrak formatu horizontala du, eta hori ezohikoa da artistaren ibilbidean. Koadroaren lau metrotako zabaleran alboko ertzak ikuslearen ikuseremutik kanpo geratzen dira, eta ikusleak bere burua koadroan guztiz murgilduta ikus dezake. Hitzaldi batean, mihise erraldoi horiek egiterakoan ikuslearengan eragin nahi zuen efektua azaldu zuen artistak:
Koadro txiki bat margotzeak zure esperientziatik kanpo geratzen zarela esan nahi du, hau da, esperientzia estereoptiko edo mikroskopio batekin antzematen duzula. Bestalde, koadro handiak margotzean, zu ere barruan zaude. Ez da zuk inposatzen duzun zerbait.
Kolore kartsuak erabiltzea da Rothkoren beste ezaugarrietako bat. Itxura argitsu hori lortzeko, margo geruza finak baliatzen zituen eta horietan azpiko geruzak ikus daitezke. Era horretan, ertzak guztiz definitu gabe dituzten bloke laukizuzenak sortzen zituen, itxuraz bata bestearen gainean flotatzen dutenak. Figuren itxura ezegonkorrak eta muga lausoek isiltasunari eta bakartasunari buruz hitz egiten dutela dirudi. Emozio horiek gogora ekartzearekin batera, Rothkok ukatu egiten zuen bere obrak izan zezakeen apaingarri izaera. Artistak berak esaten zuen bezala…
Kolore edo formaren arteko harremana edo bestelakorik ez zait interesatzen. Oinarrizko giza emozioen transmisioa soilik interesatzen zait: tragedia, estasia, zorigaitza. Eta nire koadroak ikustean jende asko lur jota geratzeak eta nire koadroen aurrean negarrez hasteak argi uzten du emozio horiek transmititzeko gai naizela.