Espresionismo Abstraktua
Jackson Pollock: Maskulinoa eta Femeninoa (Male and Female), 1942-43
Arshile Gorky: Loreen errotako ura (Water of the flowery mill), 1944
Iruzkinak
Mark Rothko: Barrualdea (Interior), 1936
- Izenburua:
- Mark Rothko: Barrualdea (Interior), 1936
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura (olio-pintura)
- Aipatutako artistak:
- Rothko, Mark
Mark Rothko-k bere ibilbideko lehen urteetan zehar egin zuen olio-pintura hau, eta aurrerago egingo zituen lanekin alderatuta, oso desberdina dirudi. Artelanaren formatu txikiak atentzioa ematen du, aurrerago egingo dituen lan handien alboan; margo figuratiboa izateagatik ere deigarria da, espazio arkitektonikoa betetzen duten zenbait pertsonaia irudikatzen baititu.
Hala ere, arretaz aztertzen badugu, aurrerago egindako lanen aldean, ikusiko dugu ezberdintasunak ez direla horren handiak ere.
Konposizioari dagokionez, simetria gailentzen da, eta bat dator margolanean ageri den arkitekturaren berezko simetriarekin. Bi solairu dituen espazio bat da. Horietako bakoitza paneletan bereizita dago zutabe klasikoen bidez. Horrek guztiak Laurenziar Liburutegia gogorarazten digu, Michelangelok Florentzian diseinatutako eraikin errenazentista, hain zuzen. Artelan hau margotu eta urte batzuetara, Rothkok berak onartu zuen eraikin hori izan zuela inspirazio iturri klaustrofobia eragiten zuten konposizioak sortzeko.
Antolamendu simetriko hori, kolore bizi eta distiratsuak dituzten bloke laukizuzenetan oinarritzen dena, behin eta berriro errepikatzen da Rothkoren ibilbidean zehar. Baina are esanguratsuagoa da, akaso, lan honek osotasunean transmititzen duen larritasun sentsazioa, giza irudiaren presentziak areagotzen duena.
Arropa ilunez jantzitako pertsona batzuk ageri dira arkitekturaren erdialde hutsalean. Ez dakigu pertsonaiak ate baten markoaren aurrean ote dauden, haren atzean bide bat duena. Pertsonen atzealdean gune ilunantz bat suma daiteke, baina ezin dugu jakin nolakoa den: zalantzaren gunea da.
Estatuen presentzia ere mehatxagarria da; harrigarria bada ere, pertsonak baino tamaina handiagoa baitute.
Lan goiztiarra bada ere, artistaren ibilbide osoa baldintzatu zuten emozioak gogorarazten dizkigu jada: tonu malenkoniatsua du eta iluna eta misteriotsua da. Rothkok berak bizitako arroztasun sentimenduaren ondorio izan litezke emozio horiek, bere bizi-historiari erantzuten diotenak.
Daugavpils hirian jaio zen. Errusiaren parte zen garai hartan, eta gaur egun Letoniaren barruan dago. Margolariaren familia komunitate judutarraren parte zen, eta jazarpen gogorrak jaso zituzten bertan. Horregatik, ihes egin behar izan zuten azkenean, eta Rothkok hamar urte baino ez zituela joan ziren AEBra lehenengoz bizimodu berri baten bila.