Espresionismo Abstraktua
Clyfford Still: Titulurik gabea, 1964
Iruzkinak
Willem De Kooning, Villa Borghese, 1960
- Izenburua:
- Willem De Kooning, Villa Borghese, 1960
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Gaiak:
- Bigarren Mundu Gerra
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia | Arte Abstraktua | Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- De Kooning, Willem | Pollock, Jackson | Rothko, Mark
“Kaleetan zehar, tokiren batetik, berriz pasatzea, eta horren zati baten sentimendua izatea, natura-zati batena, hesi batena, adibidez, bidean dagoen zerbaitena; hori nahi dut. Eta benetan asko pozten naiz zerbaiti berriz begiratzean, berriz ikustean zerua urdin dagoela, belarra berde dagoela”.
Abstrakzioa, keinuetan eta espresioan oinarritutakoa, nagusi izan zen AEBn Bigarren Mundu Gerra amaitu osteko urteetan, bereziki New Yorken. Europak abangoardiako artearen erdigune izateari utzi zion gerra garaian eta New Yorkek hartu zuen txanda. Talentu handiko artistak agertu ziren bertan, hala nola Jackson Pollock, Mark Rothko eta Willem de Kooning.
De Kooningek mundu erreala hartu zuen haren margolan abstraktuetarako inspirazio-iturri gisa, beste artista espresionista abstraktu batzuek ez bezala —horiek ez zuten errealitatea irudikatu nahi, eta haien artearen alderdi espiritualean jartzen zuten arreta—.
Emakumeak (Women) serie ezagunaren ostean (1950 eta 1955 artean margotu zituen lan horiek), De Kooningek paisaiak islatzen pasa zuen hurrengo hamarkada; hasieran Manhattan erdialdean zuen estudiotik hurbil zeuden inguruak margotu zituen, eta ondoren New York estatuko kostaldekoak.
Villa Borghese lanerako inspirazioa Erromako parke ezagun batek eman zion, De Kooning bertan bizi izan baitzen bost hilabetez 1959ko amaieraren eta 1960ko hasieraren artean.
Margolan honetan erabilitako paleta sutsuak Mediterraneoko eguzkia, zerua, ura eta belarra ekartzen dizkigu gogora.
De Kooningek ez zuen in situ margotu lan hau, New Yorkeko haren estudioan baizik, Italiatik itzuli zenean; beraz, Erromako lorategi horietara egindako bisitaren oroitzapenak ziren. Koadro hau, beraz, paisaia jakin baten irudikapena beharrean, oroitzapen horien irudikapen subjektiboa da.
Margolan hau De Kooningen lanak baldintzatzen zituen nahi baten adibide da: espazioaren eta materiaren artean elkarreragina sortu nahi zuen; irudikatzen zuen ilusioaren eta oihaleko bi dimentsioko errealitate lauaren arteko elkarreragina bilatzen zuen; eta, halaber, marraztutako irudiaren espresibotasuna eta kolorearen berehalakotasun gartsua orekatzen saiatzen zen etengabe. Hori guztiaren erakusle da Villa Borghese.