Espresionismo Abstraktua
Mark Rothko: Titulurik gabea, 1960
Jackson Pollock: Horma irudia (Mural), 1943
Iruzkinak
Mark Rothko: Titulurik gabea (Beltza grisaren gainean) [Untitled (Black on gray)], 1969/1970
- Izenburua:
- Mark Rothko: Titulurik gabea (Beltza grisaren gainean) [Untitled (Black on gray)], 1969/1970
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua
- Aipatutako artistak:
- Rothko, Mark
Mark Rothkok bere bizitzako azken urtean egin zuen artelan hau. Garai bereko beste margo batzuk bezala, mihise honen ezaugarriek artistak helduaroan egindako bestelako lanen ohiko estilotik bereizten dute. Hori eta artelan honetan gris eta beltzera mugatzen den gama kromatikoa haren bizi-egoerari erantzuteko modua izan liteke, depresioak jota baitzegoen. Hala ere, koadro horietan esperimentatzeko nahia eta ikusleari zuzendutako zenbait erronka suma daitezke, aurretik aipatutakoaren aurka.
Obra hau antzeko ezaugarriak dituzten 18 koadroko bildumaren parte da. Bertan, Rothko ez zen olio-pinturaz baliatu, pintura akrilikoz baizik. Ez dira antzematen artistaren keinua ia hautemanezina duten kolore geruza fin horiek: hemen Rothkoren pintzelkada ikus dezakegu. Gainera, mihiseak gama kromatiko murriztua du, ez du ohiko kolore aberatsik. Artistak uko egin zion bere aurreko produkzioaren distira eta atseginzaletasun guztiari, eta hizkuntza zuzenagoa, lehorragoa eta funtsezkoagoa erabili zuen.
Konposizioa ere aldatu da: orain ez dugu hondoaren gainean flotatzen duten kolore blokerik ikusten, eremu lau, trinko eta simetrikoak baizik. Ez dago figurak lehen planoan dituen hondorik: bi koloreak maila berean daude eta horizonte antzeko batek bereizten dituela dirudi, paisaia klasiko bat izango balitz bezala. Gainera, mihisearen ertzean arreta jartzen badugu, ikusiko dugu margoa koadroaren perimetro guztia hartzen duen lerro zuri fin baten barruan sartuta dagoela. Modu horretan, badirudi koadro baten barruan sartuta dagoen koadro baten aurrean gaudela. Beste behin ere, artista gure pertzepzioarekin jolasean dabil.
Historialariek ñabardura horren ustezko jatorria identifikatu dute. Margo multzo hori egin baino hilabete batzuk lehenago, gaixo zegoela, tamaina txikiagoko obrak paperean margotzen egon zen Rothko. Lau ertzetan zinta itsaskorra jartzen zuen, lan egiten zuen taulan papera finkatzeko.