Espresionismo Abstraktua
Aaron Siskind: Chicago 8, 1948
Clyfford Still: Ph-1123, 1954
Iruzkinak
Clyfford Still: Ph-950, 1950
- Izenburua:
- Clyfford Still: Ph-950, 1950
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Gaiak:
- Depresio Handia
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua | Erregionalismoa
- Teknikak:
- Kolore-eremuko pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Still, Clyfford
Beltza eta horia aurkariak dira eremu bertikaleko borroka honetan. Horiaren argitasunak gora egiten du goialdean dagoen beltzaren leizearekin aurrez aurre topatu arte. Eta talka gertatzen den gunean hondo zuria ikus daiteke, olatuen bitsa balitz bezala, topaketa horren aztarna eta apaingarria. Goian, mihisearen ertzean, zuri hori berriro ageri da, eta gure begirada mugarantz darama.
Clyfford Stillen obra goiztiar honetako ezaugarri horiek artistaren estiloa laburbiltzen dute. Koloreen adierazgarritasunaz baliatzen zen Still, haien itxura argi eta distiratsu edo motel eta ilunaz. Koloreak aurrez aurre jartzen zituen, ongiaren eta txarraren, bizitzaren eta heriotzaren arteko oinarrizko kontraesana irudikatzen dutela oinarritzat hartuta. Eta horrekin guztiarekin transzendentziaren inguruko hausnarketa bat proposatzen zuen .
Obraren formatu bertikalak ere horixe iradokitzen digu, baita gora egiten duen pintzelkada bertikal fin hori argi distiratsuagoak ere.
Kolorea mihisean zehar zabalduta egoteak —hura emateko moduari garrantzia gehiegirik eman gabe— eta koloreak berak duen protagonismo osoak Stillen obra ekintza-pinturatik urruntzen dute eta “kolore-eremuko pintura”ra hurbiltzen.
Clyfford Stillek ibilbide luzea egin zuen kolorearen inguruko hausnarketa horretara heltzeko, gorena bezalako kontzeptuak jorratu nahirik. Urte askoan, lurra lantzen aritu zen, bere senideekin batera, Albertako, Kanadako, landa mortuetan, eta Depresio Handiarekin batera etorri zen nekazaritza ekonomiaren krisi gogorra pairatu behar izan zuen.
Hogeigarren hamarkadan, bere ibilaldi artistikoa hasi zuen, eta AEBko Erregionalismoaren arauak jarraituz margotzen zuen. Zentzu horretan, paisaia zabal eta argitsuak egin zituen, giza irudi beldurgarriekin kontrastatzen zutenak; lurrarekiko maitasunaren eta gizakiekin zeukan harreman txarraren arteko aurkaritza erakusten zuen horrela. Helduagoa zeneko lanetan ere nabari daiteke niaren eta ingurunearen arteko aurkaritza.