Espresionismo Abstraktua
Jackson Pollock: Horma irudia (Mural), 1943
Lee Krasner: Begia da lehen zirkulua (The eye is the First Circle), 1960
Iruzkinak
Robert Motherwell: Espainiako Errepublikari elegiak 126. Zk. (Elegy to the spanish Republic No. 126), 1965–75
- Izenburua:
- Robert Motherwell: Espainiako Errepublikari elegiak 126. Zk. (Elegy to the spanish Republic No. 126), 1965–75
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Gaiak:
- Bigarren Mundu Gerra | Gerra Zibila (Espainia) | Espainiako II. Errepublika | Frankismoa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte informala | Espresionismo Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Motherwell, Robert
Forma obal batzuk daude trazu bertikal lodi batzuen ondoan, eta elementuen segida erritmiko bat osatzen dute. Kolore beltza dute, itxura sendoa eta trinkoa, eta sentipen estugarri eta zapaltzailea eragiten dute. Izan ere, artistak obra hau hileta kantu bat izango balitz bezala ulertzen zuen.
Aiene hau Espainiako II. Errepublikari eskaini zion. 1949 eta 1991 urteen artean, Robert Motherwellek lan-bilduma bat egin zuen gai horri buruz, eta 200 margo inguruko sorta bat osatu zuen. Artistak berak honela azaltzen zuen bilduma hasterakoan jarri zion izenburuaren zergatia:
Zer izen jarri pentsatzen ari nintzela, haren dimentsio publikoaren inguruan zer sentitzen nuen hausnartzean, Espainiako Errepublikaren porrotak nahigabe handia eragiten zidala okurritu zitzaidan. Garai hartan, 1949. urtean, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, aurretik gertatutako Espainiako Errepublikaren drama denbora luzez ahaztuta geratu zela iruditu zitzaidan. Jatorrizko Errepublikaren omenez elegia bat, hileta kantu bat egon behar zelako sentsazioa nuen, eta irudia bat dator horrekin.
Lehenengo obra horiek artistarentzat zaila zen testuinguru batean egin zituen: Gobernu estatubatuarrak diktadura frankista onartu zuen, alderdi komunista ilegalizatu eta bertako kideen eta Espainiako errepublika babestu zutenen aurkako jazarpena hasi zen. Motherwellen konpromisoa Gerra Zibileko garaitik zetorren eta, urte batzuk geroago, Espainiako Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordean parte hartu zuen.
Baina, gainera, Espainiako artista eta intelektualekin harremana zuen. Antoni Tàpies katalanaren eta Informalismoaren beste ordezkari batzuen laguna izan zen. Agian horregatik, erraza da artista horien eta Motherwellen estilo trinko eta funtsezkoaren arteko antzekotasunak aurkitzea.
Pieza hau, zehazki, Iowako Arte Museoko zuzendari Ulfert Wilke-k enkargatu zuen, Jackson Pollockek 1943an egindako Horma irudia artelanaren ondoan ipini zezaten, obra horren omenaldi gisa. Horrek margoaren dimentsioak zeintzuk izango ziren zehaztu zuen.
San Frantziskoko Arte Ederren Eskolan trebatu eta Standford eta Harvarden filosofia ikasi ondoren, Motherwell New Yorkera bizitzera joan zen Artearen Historia ikasten jarraitzeko. Roberto Mattarekin izan zuen harremana funtsezkoa izan zen. Harekin batera Mexikora joan zen, eta bidaia hori eta gero, 1941ean margolaritzan guztiz murgilduko zela erabaki zuen Motherwellek.