Espresionismo Abstraktua
Robert Motherwell: Espainiako Errepublikari elegiak 126. Zk. (Elegy to the spanish Republic No. 126), 1965–75
David Smith: Hudson Ibaiaren paisaia (Hudson river landscape), 1951
Iruzkinak
Lee Krasner: Begia da lehen zirkulua (The eye is the First Circle), 1960
- Izenburua:
- Lee Krasner: Begia da lehen zirkulua (The eye is the First Circle), 1960
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia | Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Ekintza-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Krasner, Lee | Pollock, Jackson
Pintzelkada arin eta azkarrek mihisea guztiz estali, eta erritmoz eta dinamismoz betetako sinfonia bat osatzen dute. Ekintza-pinturaren ezaugarri bat denez, pintzelkadaren keinua ikusi daiteke eta hautematen dugun irudia definitzen du. Kasu honetan, lerro makur edo ebakidura zirkularren multzo bat da. Zeharka eta aurkako norabidean mozten dituzte kurbadura gehiago edo gutxiago duten eta handiagoak edo txikiagoak diren beste lerro batzuek. Errepikatzen diren antzeko trazuen segida horrek mugimendu sentsazioa sortu, eta, aldi berean, osotasun orekatu eta bakarra osatzen du.
Baina, keinu-trazu horiek arretaz behatzen baldin baditugu, erraz topatuko ditugu guri begira dauden begiak. Lee Krasnerrek ez zuen soilik ekintza-pinturaren berezko keinuzkotasunaz margotzen; aitzitik, inkontzientetik ere egiten zuen lan. Automatismo surrealistaren oinordekoa zen, aldez aurretik finkatutako ideiarik gabe egiten zuen lan mihisean, eta horrela, ekintzak berak irudia sor zezan baimentzen zuen. Kasu horretan, prozesua amaitu eta emaitza behatu zuenean, lanari titulua jarri zion. Honela azaldu zuen bere aurkikuntza:
Margolanari amaituta zegoenean jarri nion izenburua, une horretan ikusi bainituen nik ere begi horiek. Orduan etorri zitzaidan burura Zirkuluei buruzko saiakeraren esaldia eta haren hasierako esaldia: “begia da lehen zirkulua”; aspaldi hunkitu ninduten hitzak.
Krasner Ralph Waldo Emerson filosofoaren Zirkuluak saiakerari buruz ari da; gaztetan irakurri zuen lana. Testu horretan, filosofoak ikaskuntza bultzatzeko eta ezagutza handitzeko esperientziak duen garrantzia azpimarratzen du. Hemen, mihisetik begiratzen gaituzten begi anitzen bitartez irudikatuta dago ikusmenaren zentzumena, eta esanahi berezi bat du Krasnerrentzat, barne-ikaskuntzarako erreminta gisa.
Garai hartan, Jackson Pollock senarraren eta amaren heriotzei aurre egin nahian zebilen Krasner. Artistak orduan erabilitako kolore-gama hainbat okre tonutara mugatzen zen. Horregatik, urte horietan egindako bilduma bati Umber titulua jarri zion, hau da, “okre iluna”. Krasnerrek kolorea erabiltzea saihesten zuen, gauez lan egiten baitzuen, argi elektrikoen azpian.
Krasner izan zen Espresionismo Abstraktuko lehen belaunaldian aitormen publikoa jaso zuen emakume bakarra. Fenomeno iparramerikar horren eta modernitatearen urrutiko jatorri europarren arteko lotura izan zen Krasner; izan ere, ikaslea zenean, Alemanian jaio eta Parisen ikasi zuen Hans Hofmann abangoardistaren eskoletara joan zen.