Espresionismo Abstraktua
Mark Rothko: Barrualdea (Interior), 1936
Willem de Kooning: …Zeinaren izena uretan idatzi zen (...Whose name was writ in water), 1975
Iruzkinak
Arshile Gorky: Loreen errotako ura (Water of the flowery mill), 1944
- Izenburua:
- Arshile Gorky: Loreen errotako ura (Water of the flowery mill), 1944
- Erakusketa:
- Espresionismo Abstraktua
- Gaiak:
- Artea eta historia | Natura
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismo Abstraktua | Surrealismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Gorky, Arshile
Arshile Gorky-ren pintura honetan, berde, okre, gorri, malba eta abarren segida baino askoz gehiago dira kolore biziak. Berdeek ibai ertzean kulunkatzen diren makalen zilarra dute. Okreek dar-dar egiten dute eguzkipean datzan urre-koloreko lurraren antzera. Gorriek etxeen teilatuetako gorriminaren bizitasuna hartzen dute. Lilak eta malbak desegin egiten dira egunsentian hodeiak zeruan bezala. Hau da Gorkyren pinturaren indar lirikoa.
Ametsezko irudi hau aipatutako elementuen irudikapena izan liteke. Artistak pintzelkada askea eta arina erabiltzen zuen mihisea osorik estaltzen zuten kolore-eremuak sortzeko, hori forma itxietan mugatu beharrean. Leku batzuetan pintzelkada finagoak baliatzen zituen edo margoa erortzen uzten zuen Surrealismoaren eragina eta itxura organikoa zuten formak iradokitzeko. Baliabide horiekin, naturan inspiratutako konposizio konplexuak eta iradokitzaileak lortzen zituen.
Arte historialariek artistak lan hau egiteko oinarri gisa hartu zuen paisaia zehazki identifikatu dute. Erortzeko zorian dagoen lantegi edo ola zahar bat da, zubi bat duena; Housatonic ibaiaren gainean dago, Connecticut-en, artista bizi zen lekutik gertu. Hala ere, Gorkyk berak onartzen zuen bere jaioterri Armeniako paisaien oroitzapenak ere baliatzen zituela bere lanetan. Honela zioen bere arrebari idatzitako eskutitz batean:
"Khorkomen, Armenian, genuen lorategiaren oroipen kutunek maiz liluratzen naute. Nire artelanetan, sarri margotzen dut gure lorategia eta haren berdetasun ederra eta haren bizitza birsortzen ditut."
Arshile Gorky AEBn jaio ez zen Espresionismo Abstraktuaren ordezkarietako bat da. Mugimenduko beste kide batzuek bezala, arrazoi politikoak zirela eta emigratu zuen Europatik; bere kasuan, herri armeniarrak autoritate otomandarren aldetik jasandako jazarpenagatik. XX. mendeko lehen erdian Europan egon ziren gatazka historikoek eta gizarte-gatazkek eragin handia izan zuten artisten bizi-esperientzian: euren lanaren izaeran eragin zuen, eta lan nostalgikoak zein existentzialistak ziren horren emaitza.