Frank Gehry, arkitektoa
Sarrera
206 aretoa [Frank Gehry, arkitektoa erakusketa]
Atalak
205 aretoa [Frank Gehry, arkitektoa erakusketa]
- Izenburua:
- 205 aretoa [Frank Gehry, arkitektoa erakusketa]
- Erakusketa:
- Frank Gehry, arkitektoa
- Gaiak:
- Artea eta emozioa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Lan-prozesua | Materiala
- Artelan motak:
- Arkitektura
- Aipatutako artistak:
- Gehry, Frank
Gehry-k arkitekturaren estalkien inguruan egin zituen lehenengo ikerketek formen eta materialen konbinazio konplexuak sortzera eraman zuten, arkitekturaren tradizio modernoa behin-betiko baztertzeraino. Keinua gehiago azpimarratzen duen estetika landu nahian, gauza arruntetan oinarritutako berezko sentsibilitatea garatu zuen. Berak dioen bezala: “Xehetasunak beste edozeinek bezalaxe zaintzen baditut ere, nire lanak espontaneoa ematen du beti, eta horixe da hain zuzen bilatu nahi dudana”. Etxeen proiektuek, bereziki Santa Monicako bere etxearen lehenengo birmoldaketa-lanak (1977–8), aukera paregabea eskaini zioten bere ideiak aztertzeko eta bere hiztegi arkitektonikoa garatzeko. Horren emaitzaz bere ibilbidearen lehenengo etapako lan berritzaileenetako batzuk sortu ziren. Enkargu haietan, Gehryk berriro asmatu zuen arkitekturaren estaldura eta, aldi berean, zurezko egituren eta etxebizitzen eraikuntzan oso ohikoak ez diren materialen ahalmen espresiboa aztertu zuen, horiek guztiak bere obraren bereizgarri izanik orain.
Etxeen proiektu hauetan agerian geratzen da Gehryrentzat bezeroarekiko harremanak duen garrantzia, tartean sartzen baitu diseinuan aurrera egin ahala hobekuntzak egiteko. Besteren artean inplikazio horretan datza bere ibilbidearen hasieratik proiektu instituzionaletan eta komertzialetan izan duen arrakasta. Esate baterako, Los Angeleseko Loyola Law School fakultatean (1978 orain arte), bezeroaren premiei erantzun zien existitzen ez zen lekuan testuinguru bat sortzean. Ingurunearen eta bezeroaren premien ulermen hori agerian geratzen da Kaliforniako Venice auzoko Chiat/Day eraikinean (1985–91) bai eta enpresa desberdinetarako egin dituen ondorengo proiektu berritzaileetan ere.