Frank Gehry, arkitektoa
EMR komunikazio- eta teknologia-zentroa
Bad Oeynhausen, Alemania, 1991–5
Der Neue Zollhof
Düsseldorf, 1994–9
Atalak
Nationale-Nederlanden eraikina
Praga, 1992–6
- Izenburua:
- Nationale-Nederlanden eraikina
Praga, 1992–6 - Erakusketa:
- Frank Gehry, arkitektoa
- Gaiak:
- Artea eta teknologia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Forma | Gainazala | Lan-prozesua | Materiala | Mugimendua | Tamaina
- Artelan motak:
- Arkitektura
- Aipatutako artistak:
- Gehry, Frank
Bulegoen eraikin apal honentzako diseinua zehaztuko zuten gakoak definitzerakoan, Gehry-k, ohi duen bezala, arreta berezia jarri zuen eraikinaren kokapenaren testuinguruan. Moldava ibaiaren ondoan, Pragako hirigune historikoan dagoen eraikin honek, kontuan izanik bertako eraikin berriek arau zorrotzak bete behar dituztela, leku pribilegiatua hartzen du plaza publiko batera eta zubi handi batera begira dagoen izkina batean. Kokaleku hau, baita Gehryk Pragan topatu zituen "dorre-etxeak" eta inguruko eraikinen xehetasun arkitektonikoak ere, faktore erabakitzaileak izan ziren proiektu honetan.
Fatxada dinamikoa. Ibaira begira dagoen fatxada nagusiaren arintasunak bere zazpi solairuko altueraren eta inguruko eraikinen bost solairuko altueraren arteko trantsizioa leuntzen du. Leihoak era mailakatu batean gorantz eta beherantz mugitzen direla eta fatxadatik irten beharrean daudela ematen du, eta Santa Monicako Gehryren etxearen 1977–8ko lehenengo birmoldaketa gogorarazten digute. Lerro bihurgunetsuek hormigoizko fatxadaren efektu erritmikoa nabarmentzen dute.
Hiri-estrategia. Bi dorreen artean ezartzen den “gorputz-hizkuntza" dela-eta dorreei “Fred eta Ginger” (Fred Astaire eta Ginger Rogers) goitizen ezaguna jarri zaie. Kristalezko dorrea, zutabe lerden eta dinamiko batzuk euskarritzat dituela, dorre zilindrikorantz makurtzen da erdialdean estutuz. Honela, alboetako eraikinek ibaira begira jarrai dezatela ahalbidetzen du. Hirigintzaren planoan, dorre hauek garrantzizko funtzioa betetzen dute zubiaren eta plaza publikoaren arteko lotura gisa.
Azalera: 58.000 oin karratu
Materialak: altzairua, beira, hormigoizko bloke prefabrikatuak igeltsuzko akaberarekin
Proiektu-taldea: Frank O. Gehry, James M. Glymph, Marc Salette, Edwin Chan, Douglas Giesey, Masis Mesropian, Eva Sobesky, Thomas Stallman, Lisa Towning, Philip Rowe, Kristen Woehl, Nora Wolin
Arkitekto laguntzailea: Studio Vlado Milunic
Ibaira begira dagoen fatxada. Fatxada dinamikoa, Gehryren bulegoan “uhina” deitzen diotena, hormigoizko bloke prefabrikatuekin eginda dago. Bloke horien moldeak banakako eredu digital batetik lortutako datuetan oinarrituta egin ziren. Txekiar Errepublikako eskulan merkeak aukera eman zuen moldeak, ordenadorez egin beharrean, arotz espezializatuek eraiki eta aldatzeko. CATIA programa fatxadako blokeen geometriak beren kurbaduraren arabera sailkatzeko erabili zuten. Kategoria jakin bateko bloke bat sortu eta gero, zegokion moldea eskuz aldatzen zuten datu digitaletan oinarrituta, ondorengo panelaren berariazko formara moldatzeko, hain zuzen.
“Ginger”. Barruan hitzaldi-aretoak biltzen dituen kristalezko dorrea beirazko bi geruzez estalia dago. Kanpoaldeko geruza altzairuzko armazoi batek eusten du eta soineko garden uhindu bat ematen du. Efektu kurbatua kanpoaldera zabaltzen diren beirazko panel lerrozuzenak gainjarriz lortzen da. Egitura Pragatik kanpo fabrikatu eta muntatu zuten, eta ondoren zatikatu egin zuten garraiatu eta bertan muntatzeko. Lerro bihurgunetsuak ibaira begira dagoen fatxadaren efektu ildaskatuaren jarraipena dira. Barrualdeko geruza egiturazko pareta hermetiko bat da, beiraz eta hormigoiz egina.