Frank Gehry, arkitektoa
Nationale-Nederlanden eraikina
Praga, 1992–6
Experience Music Project (EMP)
Seattle, 1995–2000
Atalak
Der Neue Zollhof
Düsseldorf, 1994–9
- Izenburua:
- Der Neue Zollhof
Düsseldorf, 1994–9 - Erakusketa:
- Frank Gehry, arkitektoa
- Gaiak:
- Artea eta teknologia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Espazioa | Forma | Gainazala | Geometria | Kolorea | Lan-prozesua | Materiala | Mugimendua | Tamaina
- Artelan motak:
- Arkitektura
- Aipatutako artistak:
- Gehry, Frank
Düsseldorf-eko erdialdean hirigintza-prozesu berri bati ekin zitzaion, eta prozesu horren barruan Rhin ibaiertzean bulegoen eraikin bat diseinatzeko Gehry-k egitura handi baten ordez hiru sortzea erabaki zuen, Rhin ibaiaren ikuspegia eta oinezkoentzako sarbidea mantentzearren. Bere proiektuak ibaiaren ondotik doan pasealeku bat eta orubearen inguruko kaleak barne hartzen zituen, bulego gehienak ibaira begira kokatzeaz gain. Eraikin horietako bakoitzak berezko identitatea zuen, errazago alokatu ahal izateko. Blokeak mailakatuak daudenez ez dute estutasun sentsaziorik ematen, inguruko eraikin asko baino askoz ere altuagoak izan arren, eta portualdean nagusi den horizontaltasuna eteten dute.
Materialen hiztegiak. Egitura bakoitzak bere nortasuna du formari eta materialari dagokienez. Mendebaldean dagoen eraikina adreilu gorriz estalita dago; erdian dagoena, ispilu baten antzera leundutako altzairu herdoilgaitzez; eta ekialderantz dagoena, igeltsuz. Beren geometriek aldi berean erantzuten diete kanpoaldearen akaberan erabilitako materialen ahalbide eskultorikoei, adreiluzkoa izanik hiruetatik erregularrena eta altzairu herdoilgaitzezkoa arinena. Lehenengo begiratuan desberdinak ematen badute ere, hiru eraikinek elkarlotuak dauden antzeko dorreak eta oso leiho nabarmenak erakusten dituzten kanpoalde eskultorikoak dituzte. Xehetasun urbanistikoengatik, berrikuntza teknikoengatik eta gune komertzialari buruzko bere birplanteamenduagatik, Düsseldorfeko Gehryren proiektu hau bulegoen eraikin batetik espero duguna baino askoz ere gehiago da.
Azalera: 28.000 metro karratu
Materialak: hormigoia, altzairua, beira, igeltsua, altzairu herdoilgaitzezko panelak
Proiektu-taldea: Frank O. Gehry, Randy Jefferson, Craig Webb, Terry Bell, Tomaso Bradshaw, Brent Miller, Lisa Towning, Kristin Woehl, Jim Dayton, John Goldsmith, Jeff Guga, Michael Jobes, Naomi Langer, Jorg Ruegemer, Charles Sanchez, Bruce Shepard, Rick Smith, Eva Sobesky, Todd Spiegel, Tensho Takemori, Laurence Tighe, Scott Uriu, Flora Vara, Jeff Wauer, Nora Wolin
Berrikuntza teknikoa. Düsseldorfeko eraikin-multzo honi Gehryk Pragako Nationale-Nederlanden (1992–6) eraikinean jadanik erabili zituen ideia eta soluzio tekniko ugari antzematen zaizkio. Elkartutako bolumenek eta leihoen lerro dinamikoek Pragako eraikinaren bi dorreak gogorarazten dizkigute. Eraikin uhindun honetan garrantzizkoena baliteke hormigoizko bloke prefabrikatuen gainean erabilitako altzairu herdoilgaitza izatea, lehendik Pragako proiektuan erabili ziren moduan.
Hormigoizko bloke prefabrikatuak. Metalezko estaldura duen erdiko dorrea hormigoizko bloke prefabrikatuekin eraikia dago. Bloke horiek estruitutako poliestirenozko moldeekin eginak daude, moldeak ordenagailuz eta material birziklagarriez sortuak egonik. Diseinuaren maketatik ateratako ordenagailuko datuak estruitutako poliestirenoz egindako tamaina naturaleko blokeak moldeatzeko erabiltzen dira; ondoren, produktu batez inpregnatzen dira desmoldatzeko, eta gero hormigoiz betetzen dira. Bloke desberdinak muntatzean, hobeto antzematen da kanpoaldearen forma uhinduna. Piezak oso ondo sartzen dira beren geometria konplexua izan arren. Hala ere, prozesu hau zurezko egiturak dituzten forma lerrozuzenen eraikuntza-prozesua baino garestiagoa da.