katalogoa
Marina Abramović
Susan Thompson
- Izenburua:
- Marina Abramović
- Egilea:
- Susan Thompson
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
- Neurriak:
- 27 x 23 cm
- Orrialdeak:
- 207
- ISBN:
- 978-84-95216-67-0
- Erakusketa:
- Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
- Gaiak:
- Gizakia | Giza gorputza | Heriotza | Sorkuntza artistikoa | Espiritualtasuna | Gogoeta | Beldurra | Herri-kultura
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Bideoa | Performance
- Aipatutako artistak:
- Abramović, Marina
Marina Abramović-en jardun artistikoa performancearen artearen abangoardian dago hirurogeiko hamarkadaren hasieraz geroztik, une horretan hasi baitzen eraldaketa fisiko eta espiritual bati ekitea ahalbidetuko zioten erresistentzia probak sortzen eta jorratzen. Giza gorputza hartzen duelarik bere obretako gai eta materiatzat, Abramović bere mugetara iristen da etengabe, eta horrela jokatzen duelarik, gogamenaren beraren azken mugak aztertzen ditu.
Ispilua garbitzen 1. zk. (Cleaning the Mirror # 1, 1995) performancerako, Abramovićek eroapen eta arreta handiz garbitu zuen giza hezurdura bateko hezurretako zikinkeria, eta bideoz jaso zuen ekintza. Eginkizuna gorputzeko bost atalen arabera banatu, eta gero bideoa editatu zuen, bost monitoretan erakustearren, monitore bana baitzen ataleko, bata bestearen gainean jarrita, hezurdura bertikalean birsortuz horrela. Gorenean dagoen bideoan, Abramović burezurra ari da garbitzen. Gorputz-enborrak, eskuek, pelbisak eta oinek hartzen dituzte hurrengo pantailak, beheranzko ordenan. Eskultura-erako aurkezpen horrekin, gehiegizko altuera bateraino altxatzen da hezurdura, gaitzesgarriki mehatxatzen duela ikuslea.
Beste obra batzuetan Abramovićek animalia-hezurrak garbitu ditu, erritu gisa; oraingoan, baina, giza gorputzaren erabilera oso garrantzitsua da, artistak heriotzaganako hurbilketa bereziki gizatiarra ezartzen baitu. “Bizitzan zehar, gizakion beldur handienak minari dioguna, sufrimenduari dioguna eta heriotzari dioguna dira —diosku—. Horiexek dira, hain justu, nire obran heltzen diedan beldurrak”. “Ispilua”, tituluan aipatzen dena, “metafora bat da. Hezurdura bat garbitzea, hezurrak garbitzea da norberaren azken isla”.
Abramovićentzat, horren ekintza intimoaren eta zeremoniazkoaren esperientzia espirituala gogoetazkoa eta atsegingarria izan zen. “Hezurrak igurzteak eragin garbitzailea du gogoan eta kontzientzian —dio—, eta errepikapena alderdi garrantzitsua da prozesuan”. Eskuen mugimenduarekin zikinkeria kentzen du, bai hezurretakoa bai bere psikekoa berekoa. Artistak dioenez, hilkortasunari eta fisikoaren mugei era zuzen eta denbora luzez aurre egitean, gogoa aska daiteke heriotzari diogun beldur horretatik.
Abramovići izugarri interesatzen zaizkio zenbait kulturatan hildakoei negar eta agur egiten dietenean zertzen dituzten errituak. “Niretzat, tibetarrek bere hildakoak lurperatzen dituzten modua inspirazio-iturria da. Gorputzak zatitu egiten dituzte, eta mendi bateko tontorrean jartzen, saiak libreki hurbildu eta jan ditzaten. Erabateko birziklatzearen ideia —hil ondoren ere besteentzat onuragarri izan ahal izatekoa— garrantzitsua da”. Ispilua garbitzen 1. zk. horretan, eskaintzaren balioaren gaineko uste sendo horrek bultzatuta naretasunez ekin zion beste giza gorputz bati eskaini zerbitzu-egintzari.
[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]