Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Mark Dion eta Robert Williams

Susan Thompson

Izenburua:
Mark Dion eta Robert Williams
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Artea eta filosofia | Artea eta zientzia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Kosmologia | Michel Foucault | Ramón Llull | Robert Fludd
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Aipatutako artistak:
Dion, Mark | Williams, Robert

Mark Dion eta Robert Williams 1998an aritu ziren aurreneko aldiz elkarrekin, Lancasterren (Erresuma Batua) egin zuten proiektu batean. Han ikusi zuten biak zeudela zientziaren historian eta ideien historian interesatuta. Horien elkarrekiko jardunaren muinean ikerkuntza bat dago, zehazki gizabanakoak eta erakundeak, historian zehar eta gaur egun arte, mundu berez konplexuan eta kaotikoan egitura ezartzen saiatu diren modu aldakorren gaineko ikerkuntza. Dionek, bere proiektua definitzen duelarik, “esangura sortzearren gauzak antolatzen ditugun metodologien entziklopedia bat sortzea” aipatzen du.

Theatrum Mundi: Armarium (2001) lanerako, bi kosmologoren, hots, Ramon Llull-en (1232–1315) eta Robert Fludd-en (1574–1637) mundu-ikuskerak bereganatu zituzten Dionek eta Williamsek. Artistek bere sinesmen-sistemak irudikatu zituzten, gauza miragarrien ganbera bat gogorarazten zuen kokapen batez. Konpartimentu bakoitzeko apalategiak objektuz beterik zeuden; aipatu teoria kosmologikoek planteatutako kategorien geruzak sinbolizatzen zituzten objektu horiek. Kabinete biek apalategi huts bana zeukaten, Deus-i gordea, Jainko guztiahaldun bat badelako premisatik abiatu ziren eta teorialari biak. Hortik aurrera, baina, taxonomiak aldendu egiten dira. Llullek naturarantz bideratu zuen bere egitura-sistema, adibidez Planta (landareak), Homo (gizakiak) eta Lelum (airea) kategoriak bereiziz; Dionek eta Williamsek esaterako pinaburuak, burezurrak eta tximeletak erabiltzen dituzte horiek ilustratzeko. Fluddek kultur gaietan oinarritu zuen bere teoria, Imaginatio (erlijioa eta sinesmena), Intelligensus (artea eta musika) eta Verbum-en (hitzak eta literatura) kasu, eta artistek totem erlijioso, musika-tresna eta liburu sorta askotariko baten bitartez erreproduzitzen dituzte. Kategoria bakoitza irudikatzen duten objektuak biltzean, “museo zaharretan dagoen espezimen gaindiduran” jarri zuten arreta, “konplexutasuna irudikatzeko printzipio gidaritzat”.

Beira-arasa biak, berdinak ia-ia, konektatuak daude konpartimentu bakarreko beste modulu era berean kristaldu batez; honen barnean hezurdura bat dago, aipatzearren alegia teorialari biek giza ikuspegi mugatutik formulatu zutela unibertsoaren egitura. Armairuek “elkarrekin lehian ari diren munduaren bi kontzepzio erakusten dituzte, modu osagarri batean, halako moduan ezen gizakiak produzitutako modelo bihurtzen eta, horrenbestez, zeharo akastunak baitira. Museo unibertsal bat izateko xede zintzo baina ezinezkoei buruzko gogoeta bat da, eta agian baita horiei egin omenaldia ere”. Obrak arreta bideratzen du, erakustearren museoetako agintariek nola moldatzen duten publikoak existentzia ulertzen duen modua, eta taxonomiaren izaerari buruzko analisi zuzena eskaintzen du horretarako, kritika hutsetik harago. Artistek aintzat hartzen dute mundua biltzen duen nozioa diseinatzeko beharrezko ausardia, eta horrelako sistemek dituzten akatsak adierazi nahi dituzte. Dionek azaldu moduan, “existentzia azaltzen ahalegintzeko, mikrokosmosa haragitzen duen eta dakiguna nolatan dakigun azaltzen duen obra bat sortzeko ausardia hutsak erakarrita” sentitu ziren.

Michel Foucault-ek sailkapenaren historia konplexuari heldu zion bere Hitzak eta gauzak (1966) lan ospetsuan; testu horren oihartzunak agerikoak zaizkigu Dionengan eta Williamsengan. Foucaultek bezala, horrelako sistemek berezko duten zentzugabea onartzen dute, baina ironiarik gabe ikertzen dute gaia, onartuz ezen, arazo-iturri badira ere, sistema horiek ezinbesteko eta beharrezkoak direla. “Kategoriak dinamikoak eta kondizionalak dira beti eta, sistematikarik gabe, ezinezkoa izango litzateke kontzientzia hartzea”. Obra hau “sistema aniztasunaren esploraziotzat” ikusten dute, “ez baina ikuspegi postmodernotik edo erlatibistatik, baizik eta ideologiak munduaren deskripzioa kutsatzen duen moduari buruzko ikerkuntza gisa”.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]