Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Kutlug Ataman

Susan Thompson

Izenburua:
Kutlug Ataman
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Gizakia | Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Kalifornia | Istanbul | Küba | Indarkeria | Zinema
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Bideoartea | Bideoinstalazioa
Aipatutako artistak:
Ataman, Kutluğ

Kutlug Ataman-ek formatu dokumentalaren izaera subjektiboa esploratzen duten filmak sortzen ditu, fikzioaren eta ez-fikzioaren arteko muga lausotuz horretan. Sarritan irudi bakar batean ari delarik —artistak “buru hiztun” gisa deskribatzen du hori—, pertsonek istorioak kontatuz bere nortasuna eraikitzen duten moduekiko interesa erakusten du Atamanek.

Küba (2004) lanak berrogei pertsonaren kontakizun biografikoa aurkezten du; den-denak Küban bizi dira, Istanbuleko aldirietako txabola-auzo batean, oso ezaguna berau errebelde eta gizarteko marjinatuen gordeleku izateagatik. Elementu komun bakarra outsiderrak izatea dutela, pertsona horiek ez dute komunitate bat osatzen duen ezaugarrietako bat bera ere partekatzen, ez arrazarik, erlijiorik, hizkuntzarik edo iritzi politikorik. Horiek guztiek harro diote Küba moldakaitz hori dutela etxe, aginteari erronka jotzeko espirituak batu egiten ditu eta horretan. Ataman Kübako jendearen artean bizi izan zen bi urtez, zenbait etenaldi tartean, eta haiek ezagutu eta haien konfiantza bereganatu zuen. Gero filmatzen hasi zen, beren bizitzei buruz hitz egiten zutenean; bizitza horietako gehienak miseriaz eta zailtasunez lepo zeuden, eta etxerik eza, delinkuentzia, drogak, poliziaren tortura, etxeko bortizkeria eta kartzela zituzten argudio.

Istorio bakoitzak bere monitorea dauka, aulki bana pantaila aurrean. Instalazio bakoitzerako, erakusten den tokian bertan erosten dituzte bigarren eskuko telebistak, euskarriak eta aulkiak, eta horrek halako familiartasun-sentsazio bat ematen dio piezari, egongela giro bat nolabait. Hori garrantzitsua da Atamanentzat, zeren eta horrela “aurrez aurreko harremana” mantentzen baita, eta horren bitartez “ikusleak subjektu bakoitzari bisita egin eta haren istorioa jaso” baitezake, zuzenean. Harreman zuzen horrek halako hurbiltasun bat sortzen du subjektuaren eta ikuslearen artean, hurbiltasun nabarmendu bat bakarrizketen aitortza izaeragatik. Norbanakoetako askok, partekatzen dituzten esperientzia eta jarrerak direla-eta, errepresalia latzak paira litzakete Turkian, herrialdeko kontserbadorismo sozial eta erlijioso zorrotzarengatik, baina Ataman harri eta zur geratzen da Kübako pertsonen zintzotasunaren aurrean. “Uste dut bizimodu zailak dituztenek gehiago irekitzera eta partekatzera jotzen dutela”, diosku. Alabaina, eta zuhurtziaz jokatzearren, agintzen die inoiz ez duela Küba Turkian erakutsiko.

Dena den, obra honen testuinguruaren barnean, Atamani gehien interesatzen zaiona ez da istorioen edukia, baizik eta “subjektuek istorio horiek eraikitzen eta aurkezten dituzten modua, dagokien rola sinesten baitute eta besteak konbentzitzen baitituzte”. Bere obraren parte handi baten bitartez, Atamanek ikertu egiten du “norbanakoek nola idazten duten, gertatu ahala, bere bizitzaren historia”, eta gero, narrazio horiek nola azaltzen dizkieten beste batzuei. “Une oro artifizioa bilatzen dut bizitza barnean —egiten du gogoeta—, pertsonek nola sorrarazten dituzten eguneroko mitologiak bere pertsonaien inguruan, eta nola azaltzen dituzten irudi horiek”. Küba egitean Ataman harriturik geratu zen, ikusirik dinamika hori nola ageri zen identitatearen eraikuntzan, ez baitzen soilik pertsonen identitatea, baizik eta komunitate osoarena. “Bat-batean konturatu nintzen ezen, mitologia pertsonalez gain, identitate berezien inguruan ere antolatzen direla gizarteak —identitate komuna—, eta egunez egun sortzen dituztela horrelakoak, eta jendeak horien arabera diharduela eta horien arabera bizi dela”.

Küba laudatua izan da jende marjinatuari ahotsa eman diolako, baina, Atamanen iritziz, hori obraren okerreko interpretazioa baino ez da. “Nire helburua hori balitz, telebistarako dokumentalak egingo nituzke”. Istorio komunak garatzen diren moduari dagokionez interesatzen zaion kontzeptua azpimarratzearren, pieza bat sortu zuen oraingo honen lagungarri, Paradisua (Paradise, 2007) titulukoa, Kalifornia hegoaldeko urbanizazio bateko biztanleei buruzkoa. Auzotarrak oso “dinamikoak eta sormen handikoak” baziren ere, “idealista eta optimista pila bat baitzegoen”, Atamanek Kübakoen antzeko joerak antzeman zituen haien lekukotasunetan. “Errealitatea eraikitzeko eta erreproduzitzeko moduari dagokionez bi komunitateen artean benetan alderik ez dagoela ikusteak harritu ninduen. Beti diot alde bakarra, niretzat behintzat, dela Kübak kanpotik eta Paradisuak, berriz, barrutik deskribatzen dutela komunitatea”.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]