Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Mona Hatoum

Susan Thompson

Izenburua:
Mona Hatoum
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Artea eta pertzepzioa | Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Geometria | Materiala | Sinbologia | Soinua | Erbestea | Libano | Agnes Martin | Sol Lewitt | Dualtasuna | Zentzumenak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea | Minimalismoa
Aipatutako artistak:
Hatoum, Mona

Mona Hatoum-ek eguneroko objektuei eta espazioari heltzen die, eta erosotasun- eta ezinegon-sentsazio disonanteak jasotzen ditu horietatik. Sarritan, ordena eta kaosa, ezaguna eta ezezaguna bezalako kontrako dualtasunak aztertzen dituzten ingurune makurrak sortzen ditu. Hatoumen obretako askok bere aberritik, Libanotik, erbesteratutako palestinar gisako esperientziaren eragina izan dute, eta sarritan murrizte- eta euste-egiturak eraikitzen ditu, emakumeek Ekialde Hurbilean jasaten duten zapalkuntzaren erreferentzia eginez horrela.

Hatoumen Korronte haustea (Current Disturbance, 1996) obra alanbre-sarez eta zurez egindako egitura errektangular itxia da. Material horiek konbinatu, eta lau sare-horma sortzen dituzte. Ehunka kaiolatxoek bonbilla bana daukate, horietako bakoitza denbora-tarte ausazkoei jarraikiz pizten eta itzaltzen dela; argiaren intentsitatea korronte elektrikoaren transmisioa kontrolatzen duen programa informatiko baten bitartez arautzen da. Bonbillei transmititutako korronteak soinu bat sortzen du, eta bozgorailu batzuek soinu hori anplifikatu eta igortzen dutelarik, esperientzia ikusizko eta entzunezkoa bihurtzen da: zenbat eta korronte gehiago transmititu bonbillei, soinuaren bolumena hainbat eta altuagoa izango da, eta distiratsuagoa argia; hori guztia nahiko asaldatzaile gerta daiteke. Hatoumek “zentzumenei egin erasotzat” irudikatzen du esperientzia. Honela azaltzen du: “50 Hz-ko korronte elektriko baten burrunba handiarazi nuen; horrela, klaskak entzuten dira, zarata kakofonikoak, soinu kirrinkariak espazioan. Behar beste ozen entzuten denean, fisikoki asaldatzailea den zarata bihurtzen da, gorputzean sartzen eta mehatxu erreal baten sentsazioa sorrarazten du espazioan”. Ehunka kable horiek zeharkatzen dituen elektrizitate-kantitateak behatzaileentzat erabat segurua ez den ingurune bat sortzen du, egiaz. Artistaren arabera, egiturako espazioa itxita dago jendearentzat, batez ere “kaiolatze-giroa iradokitzeko, baina babes-hesi bat ere bada, obrak sorrarazten duen tentsio altutik salbu mantentzearren jendea”.

Argi- eta soinu-aldaketa frenetikoek ezinegon-sentimendua eragiten dute, are trauma baten lekuko izaten ari garelako sentsazioarekin. Argiek ez dutenez sinkronizaturik kliska egiten, bonbillek banako izaera hartzen dute, eta bizitasuna bereganatzen, halako moduan ezen behatzailearen arreta harrapatzen baitute, hau, agian, argi horiek irudikatzen dutenaren inguruko zalantzetan dela. Kaiolak laborategi bateko jarduera esperimentala, abeltzaintzaren industria edo kartzeletako blokeak gogorarazten ditu, eta argi- eta soinu-aldaketa etengabeek urduritasuna, kaosa edo anarkia iradokitzen dituzte. Izan ere, Hatoumek Korronte haustea deitu zion obrari, zentzu bikoitza zuela gogoan: aldi berean “halako egonezin edo asaldura sozial batekiko duen esangura irudikatzeko pista bat da, eta instalazioan gertatzen denaren deskripzio literal bat, zeren eta korronte elektrikoa literalki ‘asaldatua’ izan baita eten eta intentsitate-aldaketa etengabeez”.

Bonbillek psikologikoki kargatutako espazio bat sortzen badute ere, egitura horrek minimalismoan ditu formalki sustraiak, eta esaterako Sol LeWitt eta Agnes Martin artisten obren aipamena egiten du. Hatoumek aitortzen du legatu hori “sarean, serialitatean, errepikapenean eta kuboaren forma geometrikoan”. Alabaina, artistak elementu horiek hartu, eta narrazio esangura batez jantzi ditu. Dioskunez, “kuboa kaiola bihurtzen delarik, eta egitura osoa euste-horma edo kartzela suerte bat, horrek beste leku batera zaramatza”.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]