Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Sarah Lucas

Susan Thompson

Izenburua:
Sarah Lucas
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Generoa eta sexualitatea | Artea eta identitatea | Artea eta umorea | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Dualtasuna | Herri-kultura
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Argazkia | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Lucas, Sarah

Eguneroko objektuekin egiten dituen mihiztaduretan bufoi-keinuak erabiltzen ditu Sarah Lucas-ek, eta bikote urratzaileak egiten, identitate soziala eta sexuala eztenkari ikertzeko. Egiten dituen proposamenek, lotsagabeak eta tolesik gabeak, genitalen zuzeneko aipamenak eransten dizkiete eskultura eta argazkiei. Herri-kulturan generoa eraikitzen eta taularatzen den moduekin dago interesatua Lucas, eta gutxieneko izendatzaile komunaren ikuspegitik heltzen dio gai horri.

Untxitxoa jokogai 10 zk. (Bunny Gets Snookered #10, 1997) lanak bi pare galtzerdi bete erakusten ditu, aulki baten bizkarrean sartuta, bertatik zintzilik dauden beso eta zango ahulduak, zainilduak, balira bezala. Obra hori, hasiera batean, snooker edo billarreko mahaiaren inguruan antolatutako “untxitxo” bilduma baten parte gisa erakutsi zuten; “untxitxoek” bola bakoitzaren koloreko galtzerdiak zeramatzaten. Snookered terminoak, jokoaren testuinguruan, “tantotik alde egitea eragozten dizutela” esan nahi du, baina, jargoian, mozkortuta egotea edo sexu anala ere aipa ditzake. Horren inguruan, Lucasen esana dugu honakoa: “snooker-aren metafora dibertigarri eta poetikoa iruditu zitzaidan. [...] Instalazio honetarako bikaina zen. [...] Tituluak obraren parte ikusten ditut, benetako material gisa, eta gustatzen zait elementu materialek eta kontzeptualek kokapena elkarrekin trukatzea”.

Lucasen obra sexualitatearen ikuspegi freudiarretik eta sexu politiketatik abiatuta irakurri ohi da, hau da, irentzearen larritasunetik, fetitxismotik eta “zakilarekiko inbidia femeninoagatiko” konfrontazio asaldatzaileetatik. Eta gai horiek berariaz aipatu nahi ez baditu ere, Lucasek forma eta material probokatzaileen erakarmena sentitzen du, horri aurre egin ezindako moduan, sukaldeko armairu gainean gordeak zituen “galtzerdi beteen kasuan esaterako. Bota egingo nituen, baina bereziki erakargarri zitzaizkidan. [...] Gauza sexyren baten bila ari nintzen, eta orduan gogoratu nituen”. Irudiaren jarrera, eroria baita, hankak zabal eta laxoak, eta besoek sumisioa erakusten dutela, limurtzailea baina ahula da. Untxitxoak biktima edo banpiresa ikus ditzakegu erraz asko, delikatu eta otzan batzuetan, gogorrak eta bere buruaganako erabateko segurtasunez hornituak beste batzuetan. Eta dituzten poseek Lucasek laurogeita hamarreko urteen erdialdean egin autorretratu-sail baterako hartu zituenak gogorarazten dizkigute: zangoak zabalik eta bizkarra konkortuta, maskulinotasun kasual bat irudikatzearren.

Herenegun gauean whiski botila batekin mozkortu nintzen, badakizu ondo sentitzen naizela (The Night Before Last I Got Loaded on a Bottle of Whiskey, You Know I Feel Alright, 1992) lanean, Lucasek argazki-sorta bat erakusten du, gurpilez gora jarrita dagoen bizikleta bateko pneumatikoen gainean orekan den zurezko habe baten gainean ipini baitu. Argazkietako gizonak zenbait objekturi eusten die, tartean garagardo-lata bati, bere genitalak estaltzeko edo ordezkatzeko baitauka. Lucasek honela argitzen du: “nire neure gorputza [eta] frutak eta barazkiak erabili izan ditut sexu-organoak, maskulinoak zein femeninoak, sinbolizatzeko”, baina “nolabait, emaitzak gogobetegarriegiak ziren”. Egina duen obraren parte handi batek genero-rolen fluktuazioarekin jokatzen duenez, argazkietarako subjektu maskulino bat erabiltzea erabaki zuen oraingoan. “Nik uste horixe zela giltza. Askoz jakin-min handiagoa eragiten zuen, nik gizakume baten jarrerak hartzen nituenean baino, horiek indartsuagoak [baitziren] edo, behintzat, beste indar bat baitzuten”. Untxitxoekin bezala, obrak areagotu egiten du kritikaren indarra, anbiguotasuna berariaz erabiliz horretarako.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]