Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Chris Ofili

Susan Thompson

Izenburua:
Chris Ofili
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Artea eta musika | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Edertasuna | Labar-artea | Afrika | Hip hop | Rap | Dualtasuna | Gizontasuna | Herri-kultura | Zinema-generoak | Blaxploitation filmak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Ofili, Chris

Chris Ofili-k izen handia hartu zuen laurogeita hamarreko hamarkadan, ikonografia jori behin eta berriro beltza eta elefante-simaurrezko bolak hartzen zituzten pintura nahasi eta animatuei esker. Asko hitz egin da Ofilik bere pinturetan egiten duen gorozkien erabileraz, batez ere gutxiesteari eta arraza-politikari dagokionez, baina artistak uko egin zion eztabaida horretan sartzeari, azpimarratuz behin eta berriro ezen, azken batean, obrak edertasunaren gaineko esplorazioa zirela.

1999an egin zuen Kaka Kapitainaren arima biluzia eta izar beltzen kondaira (The Naked Soul of Captain Shit and the Legend of the Black Stars) lanak Kaka Kapitain izeneko irudi bat erakusten du, pertsona errepikatua inolaz ere Ofilik garai horretan egin obran. Neurri berean superheroi, atleta eta hip-hopeko izar, Kaka Kapitaina gizon beltz erraldoia da, ilea afro eran, bizarra, giharreria mardula eta “txokolate-tableta” gisako abdominalak dituena. Kapa gorria eta horia darama soinean, eskumuturrekoak, eta zakila ateratzen den gerripeko gerrikodun bat. Gerrikoaren belarria elefante-gorozki bola bat da, brillantinaz estalia, “CS” (Captain Shit) inizialak pintatuta dituena. Kaka Kapitaina hondo berde fosforeszente batean flotatzen ari den izar beltz multzo batez inguratuta dago. Brillantinaz beteak halaber, izarrak begi pare batez daude pertsonalizatuta; emakume begiak dira, noski, aldizkarietatik ebakiak. Izar horiek kapitainaren fan, animatzaile eta koristak dira; publiko ere bazaizkio, eta asko estutzen dute jardun dezan, eta arrakastarantz bultzatzen dute, kapitainaren gorputz erdi-biluziari zuzendu begirasunen artean.

Ofiliren pinturak betetzen dituzten pertsonaia ikonikoetako asko hirurogeita hamarreko hamarkadako herri-kultura afrozentristatik zuzenean aterata daudela ematen du, eta Kaka Kapitain horretan bada, egiaz, hamarkada horretako Blaxploitation-en genero zinematografikoko protagonista, emazain eta beste pertsonaia batzuen erreferentziarik. Pinturek ere ikusizko keinuak zuzentzen dizkiete garai hartan oso zabalduta zeuden atze-argiz hornitu hesiei. “Argia itzaltzean beste pintura bat lortzen duzu —dio Ofilik—. Kaka Kapitainaren bitartez begiratzen duzu, ikusten duzu ez dela kolorezko nebulosa bat besterik, kapa mehe batez jantzia, soinu-banda baten gaineko bokal suabe baten antzera”1. Ofilik rap eta hip-hop kulturarekiko erakutsi interes sakonak eragin garbia du, halaber, hark egin lanean. Kaka Kapitaina bere buruarengan erabateko konfiantza duen aktorea da, betiere gurtzen duten “izar beltzak” inguruan baldin baditu. Ofilik heroi eta antiheroi jotzen du aldi berean. Sinpatia sorrarazten duen irudi komikoa da, eta baroi beltz ahalguztidun gorpuztua balitz bezala posatzen du, nahiz bere irudikapen estereotipatuaren zama daraman gainean.

Figura irudikatuta dagoen moduak, ingerada baitu, eta ilea eta giharreria delineatuta, ontzi greziarren gainean pintatutako irudi beltzak gogorarazten dizkigu. Arreta handiagoz ikustean, ageriko egiten zaigu lerro horiek kolore-puntu txikiz daudela osatuta, irudiaren gainazalaren beste alderdi guztiak bezalaxe. Ofilik gainazal osoa estaltzen duen puntu-motibo hori erabiltzen du sarri; 1992an Zimbabwera egin bidaia batean ikusi zituen labar-pinturek inspiratutako teknika bat da. Praktika hori sakonago jorratzen du, esaterako, Omenaldia (Homage, 1995) obran, puntu-zurrunbiloz egindako lore diseinu bat erakusten baitigu horretan. Punteatu horrek lautasuna ematen die obra horien gainazalari, eta apaingarri bihurtzen ditu; pintura eta erretxina geruzak emateak, aldiz, ikusizko sakontasuna ematen dio lanari. Omenaldia lanaren konposizioan kontu handiz kokatuta ikusiko ditugu, era berean, elefante-gorozki bola handi batzuk. Pinturetan, apainduraren indarra areagotzeko balio du gorozkiak, izan ere kontu handiz eman diote forma, eta txintxetaz eta purpurinaz apaindu dute. Bola handi gisa erabiltzen da, ez ordea mihisea inolako arretarik gabe igurtziz eta zikinduz, material fekala daukan pintura batean agian hori espero beharko bagenuke ere; eskultura da gehiago, pintura baino. Pinturak paretaren kontra daude oinarrituta bi gorozki bolaren gainean, are agerikoago eginez horien presentzia eskultorikoa. Sarritan, obren tituluaren parte bat bola horietan egoten da idatzita; Kaka Kapitainaren 1999ko pinturan, boletan Naked (“biluzirik”) eta Soul (“arima”) jartzen zuen. Obrako forma eta irudien ezaugarri grafikoekin eta ilustrazio gisakoekin konbinatuta, efektu orokorra garbia eta apaindurazkoa da.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]

Oharrak

  1. Chris Ofili, aipatua in Kodwo Eshu, “Plug into Ofili”, in Chris Ofili, Lisa G. Corrin, Stephen Snoddy eta Godfrey Worsdale (ed.), erak. kat. Southampton, Erresuma Batua, Southampton City Art Gallery; Londres, Serpentine Gallery, 1998, or. zk. gabe. [itzuli]