katalogoa
Paul Pfeiffer
Susan Thompson
- Izenburua:
- Paul Pfeiffer
- Egilea:
- Susan Thompson
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
- Neurriak:
- 27 x 23 cm
- Orrialdeak:
- 207
- ISBN:
- 978-84-95216-67-0
- Erakusketa:
- Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
- Gaiak:
- Artea eta gizartea | Artea eta kirola | Artea eta pertzepzioa | Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Soinua | Ingalaterra | Filipinak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Bideoinstalazioa
- Aipatutako artistak:
- Pfeiffer, Paul
Bere eskultura, bideo, argazki eta instalazioetan, ikuslearen begirada desbideratzen saiatzen da Paul Pfeiffer, hain zuzen ez dadin erdiko puntu bakar batera muga, eta maiz askotan helburua lortzen du, obren erdigunea hutsik lagatzen duelarik periferian abiatzera bultzatzen baitu behatzailea. Norbanakoaren, taldeen eta masen psikologiarekiko duen interesa kultur historiako dokumentu mediatikoetatik elikatzen diren obretan islatzen da.
Santuak (The Saints, 2007) lanean, ikuslea gela handi batean sartzen da; hor ia-ia ez dago batere ikusizko pizgarririk, baina jendetza baten zalapartak betetzen du guztia. Zarata hori, hamazazpi kanaleko soinu-sistema baten bitartez igorria, 1966ko Munduko Futbol Txapelketaren finalaren emanaldian hartu zuten; Londresko Wembleyn izan zen, eta Ingalaterrak Mendebaldeko Alemaniari irabazi zion. Ingalaterrak txapelketa hori irabazi duen aldi bakarra izan da eta, horrenbestez, partida hori kultur ikono eta harrotasunerako motibo bihurtu da britainiarrentzat. Gainera, are emozio handiagoa piztu zuen talde bi horiek lehendik gerran etsai izandako herrialdeak ordezkatzeak. Santuak lanean, jatorrizko hitzak soinutik kendu eta beste audio-pista batez ordezkatu zituzten; horretarako, Pfeifferrek jendez bete zuen antzoki handi bat Filipinetan (artistak bere haurtzaroaren parte handi bat herrialde horretan eman zuen), partidaren bideo bat proiektatu zuen jendea Wembleyko burrunba hura imitatzera bultzatuz, eta emaitza filmatu zuen. Filipinarrek ez dutenez ez Ingalaterrarekiko lotura historikorik ez futbol-kulturarik, haien zoramenak ez zuen, inondik ere, jatorrizko publikoarenaren indar bera.
Areto hondoko paretan pantaila txiki bat dago. Partidako irudi alteratuak ematen ditu, baloi guztiak eta jokalari guztiak, bat izan ezik, kenduta baitaude. Irudian dagoen jokalari bakar hori publikoarentzako arretagunea da, eta alferrik dabil zelaian zehar gora eta behera korrika, keinu arraroak eginez eta inolako arrazoirik gabe erortzen dela. Aretoko txoko txiki batean bi pantaila eta proiekzio dual bat daude. Horietako batek partidaren emanaldi osoa eskaintzen du, jokalari guztiak eta baloia agerian, eta besteak, berriz, Filipinetako jendetza harekin egin bideoa, zalaparta entseatu eta guztikoa. Entzunareto batean daude eserita, pantaila bat ikusten dute, eta ikusleak uste du pantaila hori partida ematen ari dela. Geroago, ageriko egiten da oihuen ahoskatze fonetikoa baino ez dela erakusten pantailan (esate baterako, ingelesez, “ENG-LUND”), haiei egiten ari diren antzezpenean laguntzeko.
Santuak lanean, funtsean masen portaera eta psikologia jorratzen duen obra horretan, Pfeifferrek ikuskizun eta performance bihurtzen du audientzia. “Uste dut estadio ingurua ingurune sozial orokorraren isla dela. Agertoki ikonikoa eskaintzen digu, masa-kontsumoa nolakoa den ikus dezagun. Esango nuke estadioko pertzepzioa distraitua dela, gorputz gabea, murgiltzekoa, egundokoa eta ikusgarria, gainkarga sentsorial batera iristeko punturaino. Jende pilaren barnean galtzeko esperientzia da”. Pfeifferrek dinamika horren alderanztetzat ikusten du museoko espazioa. “Erakusketa-espazioko kubo zuriak behaketarako giro kontrolatuagoa sortzen du, pertzepzioaren laborategi suerte bat, era abstraktuagoan kontzentratu ahal izateko bertan, pertzepzioaren izaeraren beraren kontzientzian sakonduz. Esperientzia bakartia da, [pertsona] baten behaketa, milioi bat pertsonarena beharrean, distrakzioen ordez nork bere buruaren gaineko kontzientzia handiagoa duela behatzeko, informazioa prozesatzeko eta esangura sortzeko ekintzan”. Santuak lanean, estadioko hotsak espazio zuri eta hustu batera eramaten direla, ikusleak berehala sentitzen du komunitatearen eta bakardadearen arteko disonantzia.
[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]