Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Paul Chan

Katherine Brinson

Izenburua:
Paul Chan
Egilea:
Katherine Brinson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Sinbolismo erijiosoa | Ingurunea eta natura | Leonardo da Vinci | Suntsipena | Zientzia eta Teknologia
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Animazioa | Bideoa | Proiekzioa
Aipatutako artistak:
Chan, Paul

Paul Chan-en jardun balioaniztunak bideo dokumentalak, ikatz-ziriz egin marrazkiak, tipografia kontzeptualak eta proiektu komunitarioak hartzen ditu, eta artearen, literaturaren eta filosofiaren historiari buruzko aipamen kultuak eta egungo politikatik eta herri-kulturatik ateratako elementuak konbinatzen ditu. 7 argiak (The 7 Lights) 2005 eta 2007 bitartean sortutako animaziozko sei argi-proiekzioz eta collage batez osatu sail bat da, batzuetan Kreazioaren zazpi egunen alegoria psikodelikotzat interpretatu izan dena; animazio bakoitzak eguneko ziklo bat irudikatzen du, eta Chanek “argi” hitza zirrimarratzen du sailaren tituluan, obraren forma eta gaiaren isla literal gisa: “argia eta itzalia izan den argia”1.

Artistaren lehenbiziko bideo animazioek, Zoriontasuna (azkenean) 35.000 urteko zibilizazioa eta gero (Henry Darger eta Charles Fourier-en arabera) [Happiness (Finally) After 35,000 Years of Civilization (After Henry Darger and Charles Fourier), 1999–2003] eta Nire txokiak…Zaborra…Etorkizuna (My Birds…Trash…The Future, 2004) dira, kolore biziko munduak aurkezten dituzte, propio gutxi findua den estilo grafiko batez, artistak teknologia informatiko zaharkitua erabiltzen du eta horretan. 7 argiak sailak estetika murriztaile eta soilago bateranzko aldaketa irudikatzen du, horretan silueta-formen itzalak galeriako lur eta paretetan proiektatzen direla. “Hasteko hartzen dudana hartzen dudala, dagoeneko gehiegi da —dio Chanek—. Horrela, 7 argiak baino lehenagoko nire obretatiko trantsizioa beste pauso bat izan zen, ordura arte, hots, argia une horretara arte izana ez bezalako zerbait bihurtu zen arte, erabiltzen ari nintzen sortzeko modua desegiteko konpromisorantz”.

3. argia (3rd Light, 2006) lanean, kolorezko hiru argi-izpi luze lurrerantz jaisten dira, zurezko mahai handi bat neurri batean estaliz. Sagar bakarti baten silueta, sinbolismo kristauz beteriko objektua da, flotatzen ari da aurora gorrixkan, eta berehala gehitzen zaio noraezean dabilen etxeko tresna gaindidura bat: sardexkak, koilarak, mugikorrak, maletatxoak eta aulkiak. Izaki biziak, txakurrak, katuak eta txoriak nagusiki, eta mutazio motelean diren forma abstraktuak, xurgatu egiten ditu mundu desordenatu horretako zurrunbilo enigmatikoak: batzuk lebitatzen ari dira, beste batzuk, aldiz, modu dramatiko batean abaildu eta lurrera erortzen dira; horien artean giza irudiak daude, kontu zeharo asaldatzailea inolaz ere. Bideoko zenbait unetan, hegan egiten ari diren txoriek edo brida gabe korrika doazen animaliek irudiaren plano horizontala zeharkatzen dute.

3. argia horretako mahaia Leonardo da Vinci-ren Azken afaria (1495-98) lanean ageri denaren erreplika bat da, eta argi zati proiektatu horiek fresko hondoko hiru leihoen aipamen suerte bat dira. Da Vinciren koadro hunkigarriak, horretan Jesusek berehalako traizioa iragartzen die bere dizipuluei, tematika zeharkako bat eskaintzen du, Chanen hondamendi eta desegite eszenaren korolario bat, non munduaren kolapso agerikoa Apokalipsi jainkotiarrari, hondamen natural bati edo eraso terrorista bati egotz dakiokeen. Alabaina, Platonen leizeko gatibuek bezala, Chanen obra ikusten dutenek itzal islatuen sekuentzia isil baten antzera baino ez dute esperimentatzen ekintza, errealitate ilusio huts gisa. Horrela, gaiaren bortizkeria gozatu egiten da, gertaerekiko berehalako erreakzio bizia eta erraietatikoa kendurik, eta gogoeta lasaitasun horrek artistaren galdera gogorarazten digu: “Nolakoa da eta nola antzematen da hondamendia, kaosik gabe?”.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]

Oharrak

  1. Paul Chan in Daniel Birnbaum, “The 7 Lights”, in Paul Chan, erak. kat., Magasin 3, Stockholm, Stockholm Konsthall; Frankfurt, Portikus, 2006, 31. or. [itzuli]