Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Louise Bourgeois

Katherine Brinson

Izenburua:
Louise Bourgeois
Egilea:
Katherine Brinson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Emakumea artean | Giza gorputza | Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Sinbologia | Sufrimendua | Voyeurismoa
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Bourgeois, Louise

Gerra aurreko Paristik XXI. mendeko New Yorkeraino iristen den karreran zehar, tartean izan direla joan den mendeko abangoardiako mugimendu garrantzitsuenetako asko, Louise Bourgeois-ek eutsi egin zion, konpromiso tinko batez, bere sortze-ikuspegi bereziari, eta lan berritzaileak egin zituen laurogeita hemezortzi urte zituela hil zen arte. Abstrakzioaren eta figurazioaren artean askatasunez mugitzen zelarik, aipamen sinbolikoz betetako hizkuntza artistikoaren bitartez ikusizko forma ematen zien oroitzapen eta emozioei, esangura unibertsal batez oihartzuna egiten zuten bere esperientzia pertsonaleko alderdiak erakusteaz batera.

Bere inguru domestikoko leku inprobisatuetan eskulturak sortzen emandako denbora luzearen ondoren, 1980an estudio handi batera aldatu zen Bourgeois, Brooklyngo ehun-fabrika abandonatu batera; horrela aukera izan zuen bere obrari segida koherentea emateko, are asmo handiagoko eskala batez, ordea, orain. Hurrengo hamarkadetan zehar, egongela gisako espazio gogorarazle zenbait sortzera bideratu zuen bere energiaren parte handi bat, egin zituen lehen obretan nagusi zen ikonografia arkitektonikoaren adierazpen gisa. Instalazio horiei buruz ari zenean, artistak Cells [“Zelulak” edo “Gelak”] deitzen zien; termino horrek kartzelatzearekiko edo monasterioko begiespenarekiko asoziazioak dakarzkigu gogoa, oinarrizko unitatearekikoak, hots, giza gorputzarekikoak, bezalaxe. Egitura horiek ez dute aukerarik ematen bere barnealde bakartietan sartzeko, baina gonbidatu egiten dute ikuslea, bere barnean begiratu eta mundu pribatu baten ikuspegi intimoa lor dezan. Gelen bitartez, “voyeurraren plazera, begiratzearen eta begiratua izatearen plazera” kapsulatzea lortu nahi du Bourgeoisek1.

Eskultura-obrak objektu aurkituekin konbinatuz, Bourgeoisek bizitza osoan zehar bildu baitzituen horrelakoak, Gelak narratiba psikologiko indartsuen errezeptakuluak dira, eta artistak bere historiari aurre egiteko, bere historia eraldatzeko egin artistaren ahalegina erakusten dute, bizitasun emozional itzel batez. Baina mihiztadurek gainditu egiten dituzte, halaber, haren printzipio autobiografikoak, giza izaeraren nahigabeen materializazio bihurtzearren. “Minaren gaia da nik jorratzen dudan kontua –esan zuen Bourgeoisek behin—, frustrazioari eta sufrimenduari esanahia eta forma ematea. Nire gorputzarekin gertatzen denak itxuraketa formal abstraktu bat eduki behar du. Horrenbestez, mina formalismoaren prezioa dela esan genezake. [... ] Gelek min mota desberdinak irudikatzen dituzte: min fisikoa, emozionala eta psikologikoa, eta mentala eta intelektuala”.

Gela IX (Cell IX, 1999) lanak formaren soiltasuna du ezaugarri, sail bereko lan konplexuago batzuekin kontrastea eginez. Kaiola baten antzeko egitura errektangular baten barnean, hiru beso sortzen dira, esku eta guzti, baldarki landutako marmol-bloke batetik; horretan, taillaren naturalismo bertutetsuak eta harriaren melokotoi-tonu finak leuntasun haragitsu bat ematen diete formei. Esku pare bat zabaldu egiten da, kontsolamendu edo erregu keinu batez, eta beste pertsona baten, agian haur edo maitale baten, eskuarekin egiten dute topo. Hiru ispilu handik zeharkatzen dituzte Gela IX egiturako paretak, kanporantz biratuta daudela, barnealdeko eszenaren ikuspegi zatikatu anitz aurkeztearren. Sarritan, Bourgeoisek ispiluak sartzen ditu bere obretan, zeharo liluratzen zuten apaintze erritual femeninoen aipamen gisa, baina baita bere islaren irudikapen literal gisa ere, horixe baita egiten duen artearen azpian dagoena. Hemen, baina, horien presentziak zuzenean murgilarazten du ikuslea obraren historian, eta hirugarren protagonista bat gehitzen dio obrak biltzen duen interakzio emozionalki anbiguoari.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]

Oharrak

  1. Louise Bourgeoisen aipu guztien iturria honakoa da: Robert Storr, Paulo Herkenhoff eta Allan Schwartzman, Louise Bourgeois, Londres, Phaidon Press Limited, 2003, 132. or. [itzuli]