Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Thomas Hirschhorn

Susan Thompson

Izenburua:
Thomas Hirschhorn
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: The Solomon R. Guggenheim Foundation New York eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Gizakia | Artea eta espazioa | Artea eta filosofia | Artea eta politika | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Sinbologia | Gogoeta | Platon | Berdintasuna | Herri-kultura | Kobazuloak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Hirschhorn, Thomas

Bere proiektuetan, Thomas Hirschhorn-ek material apalak erabiltzen ditu, esaterako zinta itsaskorra, paper fotokopiatua eta kartoia, irudiz eta informazioz blaitutako eskulturak eta low-tech egiturak sortzeko. Sarritan ikusleak gonbidatzen ditu, obrak aktiba ditzaten, eta uste du elkarrekintza horretatik sortzen diren trukeak direla garatzen duen jardueraren alderdirik garrantzitsuena.

Hirschhornen Kobazulogizakiagizakia (Cavemanman, 2002) obra instalazio hedakorra da; kartoiz eta enbalatzeko zintaz egin kobazuloa da, txokoz eta barrunbez betea. Lurrean, aluminiozko latak eta enbalatzeko zintaz egin arroka faltsuak daude sakabanatuta. Herri-kulturako irudiak dauzkaten kartelak ikusten ditugu itsatsita, nonahi, paretetan eta sabaian, eta denetako testu politiko eta filosofikoen fotokopiek betetzen dituzte korridoreak. Hobietako batek munduko zenbait hiritako ordua ematen duten erlojuen irudiekin dauka estalita pareta bat; beste hobiko paretan, berriz, hori aerosol batez dago pintatuta ustekabe, mantra baten antzera ikusiko dugu “1 Man = 1 Man” (gizaki bat berdin gizaki bat) leloa, ekitate unibertsalaren berrespen eta hierarkiak desegiteko dei gisa. Hirschhornek “justizia, unibertsaltasun, egia eta berdintasunaganako maitasunarekiko obsesioa” eman nahi du aditzera. “[...] Nik nahi dut Kobazulogizakiagizakia espazio bat izatea, gutako bakoitzak berdintasunaren inguruko gogoeta egin ahal izan dezagun”.

Kobazuloko biztanleak aluminio-paperez bildutako giza irudiak dira, elkarrekin konektatuak buruan, lepoan eta gorputzeko beste atal batzuetan itsatsita dauzkaten material horrexekin egin kable-sistema baten bitartez. Kable horiek luzatu egiten dira, halaber, besteak beste demokrazia, berdintasuna eta komunitatea jorratzen dituzten liburuetara, eta baita aluminio-paperez egin lehergailuetara ere, pentsamenduaren eta informazioaren boterea iradokitzen duen konbinazioa eginez horrela. “Liburuek lehergailu baten indarra izan dezakete —esan du Hirshhornek—, liburuak zirraragarriak izan daitezke. Liburu baten balio eta garrantziaren gaineko adierazpen bat egin nahi nuen. [...] Liburu batek erabat eralda dezake pentsamenduaren formazioa”. Alabaina, han ez daude irakurriak izateko, baizik eta barnean daramatzaten ideia eraldatzaileen ordezkari gisa. “Kobazuloan, liburu guztiak iritsi ezindako moduko apaletan jarrita daudela espezifikoki, argi utzi nahi nuen irakurketatik beretik harago doala liburutegi horren boterea eta energia”.

Egungo errealitatearen aurrez aurre jartzeko ahaleginean, “formaren bitartez, mundu kaotiko honetako konplexutasuna, nahasmendua, kontraesanak bideratu” nahi zituen Hirschhornek. Obra honen inspirazio-iturri ugari-ugarien artean, artistak “suitzarrek ‘tunelak egiteko’ duten berezko joera” aipatzen du; “Lascaux II-k (1983) —Lascauxeko kobazulo (Frantzia, K.a. 17.000) faltsua— eragin liluramendua”; “‘Manhattango kobazulo-gizona’ deitua, Omar Torrez jauna, Manhattango Inwood Hill Park-eko kobazulo-etxe bihurtu batean bizi zen etxegabea”; eta “Afganistango Tora-Borako kobazuloak”. Beste erreferentzia bat Errepublika-ko (ca. K.a. 380–360) “Kobazuloaren alegoria” izan daiteke, Platonena, ilusioak atzean utzi eta munduaren ulerkuntza hobe bat bilatzen hastera gonbidatzen baititu irakurleak.

Bere obra guztietan bezala, Hirschhornek publikoaren eta obraren arteko lotura sustatzen du. “Interaktibitatearen kontra nago —esan du pentsamendu kritikorik gabeko parte hartzea behar duen artearen onarpenari buruz—. Aktibitatearen alde nago, pentsatzeko aktibitatearen alde! Ez dago ‘partaidetza’ ederragorik, boteretsuago edo garrantzitsuagorik, giza garunaren partaidetza baino”. Kobazulogizonagizona laneko giroak dena biltzen badu ere, asko baitago ikusteko eta esploratzeko, Hirschhornek bene-benetan akuilatu nahi du behatzaileen entelegua. “Espero dut, egiaz espero gainera —diosku—, Kobazulogizakiagizakia bisitatzen dutenek giza izaeraren gaineko gogoeta egitea, eta jolas-parke baten antzera baino sakonago ezagutzea obra. Baina pertsonak dibertitzea ere nahi dut. [...] Glamourra ez da dibertigarria, trukea bai ordea!”.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]