Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Mike Kelley

Susan Thompson

Izenburua:
Mike Kelley
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Giza gorputza | Artea eta gizartea | Artea eta emozioa | Artea eta umorea | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Materiala | Kalifornia | Mark Rothko | Platon | Pribatutasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea | Kontzeptualismoa
Teknikak:
Kolore-eremuko pintura
Artelan motak:
Instalazioa | Performance | Pintura
Aipatutako artistak:
Kelley, Mike

Mike Kelley-k 1970eko hamarkadaren erdialdean Kalifornian sortu zen mugimendu kontzeptualistaren barruan garatu zuen bere artea, objektura bideratutako performanceetan bilduz nagusiki ahaleginak bere arte-ibilbidearen hasieran. Arteari babesgabearen ikuspegitik ekinez, behin eta berriro bilatu du arteko joera nagusiei azpia jatea, esaterako arte minimalistako maskulinotasun fetitxe bihurtuari edo kontzeptualismo mota jakin batzuen izaera lausoari eta murriztaileari. Kelleyk, eskulangintzarekiko konpromisoaren bitartez, forma eta material baztertuak eta izena galduak berreskuratzeko lana ere egin du.

1985ean Argiaren ibilbidea Platonen kobazuloan (The Trajectory of Light in Plato’s Cave) tituluko instalazioa sortu zuen, Platonen kobazuloa, Rothko-ren kapera, Lincoln-en profila (Plato’s Cave, Rothko’s Chapel, Lincoln’s Profile, 1985) izeneko proiektu handiago baten partetzat. “Neurri batean, partaidetzazko arteari buruz egin aipu” gisa deskribatzen du Kelleyk “artelan pseudomistiko” hori, zeren eta “artelanean sartzeko makurtu eta lau hankan ibili behar duzu, handitasun faltsu baten mendean jarriz”, pintura monokromo handiz betetako gela batera iristearren. Kolore Eremuzko pinturaren gaineko “txantxa moduko bat” zen, onartzen du artistak, azalduz era berean bazuela “paleta zuriari eta beltzari [berak] ezarri murrizketaren kontrako bere altxamenduaren kontzientzia”1. Monokromoen korridorearen amaieran errezel zuri handi bat zegoen zintzilik, alde bietan gorriz pintatutako ebaki bat zuela erdian, zenbait asoziazio sorrarazteko gonbidapentzat, Turingo izara ikus baikenezakeen bertan, Mark Rothkoren suizidioa, are bagina bat ere agian. Zauri loriatsua (Glorious Wound, 1986) lanean, Kelleyk izara horren forma erabiltzen du berriro, kolore anitzeko ileorde bat jarriz oraingoan gainean. Kobazulo monokromo mistikoaren testuingurutik aterata, eragin jostagarriagoa du, zeren eta ebaki gorria pailazo baten burua bihurtzen baita.

Bozgorailu pribatuen sistema (Private Address System, 1992) lanean, zenbait bozgorailuz eta bi mikrofonoz osatu sistema batez hornitu du komun eramangarri bat; mikrofono horietako bat ontzi barruan bertan dago jarrita. Megafonia-sistema baten aldaera gisa (bozgorailu publikoen sistema), pribatuari eta publikoari buruzko gogoeta bat da obra, zeren eta horretan sortzen den egoeran komun publiko baten barnealdeko soinu pribatuak kanpoko entzuleriari eman ahal izango bailitzaizkioke. Pribatutasunaren inbasio bat iradokitzen du, eta gizarteak zelatatzen gaituen horretan ageri den botere ziztatzaile, komiko eta potentzialki umiliagarria halaber. Egungo gizarteak dena neurriz gain partekatzeko duen joerari buruzko iruzkin sarkastikoa ere bada, nerabeek elkarren artean bere hesteetako mugimenduen zenbatekoaz bantatzen diren moduan egina.

Aurkibide testuraduna (Paisaia irudiaren kontra) [Textural Index (Landscape Contra Figure), 1990] lanean, une horretara arte egina duen obra multzoaren gaineko ikusizko errepaso bizkorra egiten du: pinturak Kelleyren idazkiei buruzko erreferentziak dauzka, eta zabor-marrazki, panpina-pintura, eskulangintzako obra eta zur kontratxapatuz egin eskulturei buruzkoak halaber. Ohiko paletaz, zuri-beltzekoaz, eginak izaki, pintura horretako elementuen eskala eta forma halako moduan doitu dira non hitz edo esaldi suerte bat eratzeko elkartzen diren karaktere alfabetikoak direla ematen baitu.

Irudi hierarkikoa (Hierarchical Figure, 1989) gorputz bat osatzeko moduan jarritako mihise multzo bat da; gorputz horrek hanka bakarra du, eta burezur irribarretsu batek egiten dio burua. Pinturako erdiko panelak identifikatu ezineko barne-organo mordo bat dauka, erdian sastakaiak zeharkatutako bihotz bat daukan mihise errektangular batean pilatuta. Gorputz morbidoari eta desartikulatuari ukitu femeninoa ematen dio, gozoro, zinta gorri handi batek, buru gainean baitu begizta eginez lotuta, gorputza panpina bihurturik horrela. Xehetasun horien bitartez, Kelleyk sarritan dramatismoa eta seriotasuna sartzen ditu, kolpe batez suntsitzearren hurrena.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]

Oharrak

  1. Mike Kelleyren aipu guztiak honetatik datoz: “Interview: Isabelle Graw in conversation with Mike Kelley”, in Mike Kelley, eds. John C. Welchman, Isabelle Graw eta Anthony Vidler, Londres, Phaidon, 1999, 16–20. or. [itzuli]