Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Kendell Geers

Susan Thompson

Izenburua:
Kendell Geers
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Artea eta politika | Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Sinbologia | Hegoafrika | Francis Ford Coppola | Dualtasuna | Apartheid | Indarkeria | Zinema
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Geers, Kendell

Kendell Geers-ek egiten dituen artelanek ekonomia politiko akastun baten kontrako kritika bat dute barnean, eta ikusleak sistema horren kide gisa erakusten duen konformitate taktikoa astintzen dute. Geersek desitxuratu egiten ditu idealismo politikoaren sinboloak, eta besteak beste indarkeria, errua eta boterea esploratzen ditu, historia geopolitikoan zehar.

Akropolia orain (Akropolis Now, 2004) obran alanbre-sare horzdunez egin hemezortzi panel bertikal lerrokatu dira, metalezko egitura modular baten barnean. Material horren historia oso garrantzitsua da Geersentzat, zeren eta enpresa hegoafrikar batek fabrikatzen zuen apartheidaren urteetan, eta gizakiak giltzaperatzeko produzitzen zuten berariaz (gaur egun, alanbre arantzaduna animalientzat erabiltzen da gehiago). Harrezkero, industria militar orokorrean sartu da, eta mundu osoko gune militarretan erabili da, esaterako Abu Ghraiben, Iraken, Gazan eta Guantanamon (Kuba). “Alanbre horzduna egungo politika definitzen duketen zatiketa politikoen sinbolo unibertsaltzat uler daiteke —dio Geersek—. Mundu osoan ikusten den produktu hegoafrikar tipikoa da”. Izan ere, New Yorkeko Salon 94 galerian erakusketa bat zela-eta Akropolia orain egiteko, Geersek “aste batzuetan itxaron behar izan zuen […] Irakeko gerra lasai zedin, banatzaile estatubatuarrak eman ziezazkion eskultura amaitzeko behar zituen erroiluak”.

Obra horrek gotortzea eta kartzelatzea iradokitzen ditu aldi berean, eta material horren izaera bikoak, “norbait kartzelatzeko edo norbaiti eraso egiteko zein norbait hori babestu edo defendatzeko erabil baitaiteke”, Geersek bere izaerarekin berarekin duen erlazio konplexua aipatzen du, bera hegoafrikar zuria baita eta, horrenbestez, denbora luzean zehar bere aberkide beltzak zapaldu zituen talde etnikoaren nahi gabeko kidea. Alanbre horzdunaren estetika-dualtasuna ere balioesten du Geersek, “argitan diz-diz egiten baitu, eta duen isla ederra eta hotza erakargarri baitzaio ikusmenari, arbuiagarri ordea bihotzarentzat, erakusten dituen aho ebakitzaileengatik”.

Obraren tituluak Atenasko akropolia aipatzen du (gerraren eta justiziaren jainkosa greziarraren tenplua den Partenoiaren kokapena), eta baita Francis Ford Coppola zuzendariaren Apocalipsis Now (1979) ere, Joseph Conrad-en Ilunpeen bihotzean eleberri laburraren zinemarako egokitzapena berau. Filmak Benjamin L. Willard kapitainaren biografia du muin, Vietnamgo Gerran zehar, eta eleberriak, berriz, Charles “Charlie” Marlow-ek Kongo kolonialean izan bizimodua. Geersek Willard/Marlow pertsonaiaren bidaia emozionala du interesgune, horri Kurtz aurkitzeko eginkizuna ematen diotenean; “Kurtz desertorea zen, militar eredugarri eta konpainiari fidel izana, eta orain kanibal zoro eta kontrol gabea bilakatu eta oihanaren bihotzean ezkutatua zegoen”. “Willard/Marlow oihanean gero eta barnerago, argi geratzen da barne-bidaia bat ere egiten ari dela, eta Kurtz hobeto ezagutzeko prozesuan bere baitan ezagutzen ditu haren ezaugarriak”. Geersek indarkeriak eta krudelkeriak pertsona bakoitzaren baitan duten potentzial iluna esploratu nahi du, “zerk eragiten duen gutako bakoitza aldatzeko eta eraldatzeko gai izan gaitezen, Willard/Marlow izateari laga eta Kurtz bihurtzeko”.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]