Edukira zuzenean joan

Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection

katalogoa

Kiki Smith

Susan Thompson

Izenburua:
Kiki Smith
Egilea:
Susan Thompson
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
Neurriak:
27 x 23 cm
Orrialdeak:
207
ISBN:
978-84-95216-67-0
Erakusketa:
Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
Gaiak:
Emakumea artean | Giza gorputza | Sorkuntza artistikoa | Materiala
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Smith, Kiki

Bitarte argitsuan erakusten den Kiki Smith-en obra-sorta 1990eko hamarkadakoa da, artista hau bere lanetan giza gorputza sartzen hasi zen garaikoa alegia. Pieza horien bitartez, Smithek gorputzaren forma esploratzen du, eta gorputzaren mugak, eta gorputzak ontzi iragazkor baten antzera funtzionatzen duen modua. Smithek, erreferentzia hartzen dituelarik “lengoaia eta malkoak, mukosa eta gorozkiak, eta jariatzen dugun hori guztia”, interesa erakusten du “espazio publikorako gure jariakina non amaitzen den, eta jariakin publikoa gugan barneratzen non hasten den” esploratzeko. Gure larruazala, mintz izaki, kanpo espaziora zabalik dago. Sareak gara ia-ia, zeharo porotsuak”.

Titulurik gabe (1992) lanean, zutikako irudi baten barne organoak, eskuz tindatutako paper nepaldarrez eginak, lurrean sakabanatuak daude. Bi urte geroago, artistak Titulurik gabe (1994) sortu zuen; horretako irudi batek, zutik dago eta gerri aldetik makurtuta, atzetik erortzen zaion kristalezko alezko gainjantzi bat dauka, bere eginkarien apaindurazko erregistro gisa. Gorozkigorputza (Shitbody, 1992) lanerako, Smithek maché paperezko irudi kuzkurtu bat egin zuen, fetu jarreran, eta pareta batean jarri, lurra ukitzerainoko gorozki-sorta bat zuela zintzilik. Obra horietan guztietan barnealdea kanpoalde bihurtzen da, giza gorputza mundurantz iragazi ahala.

Smithen obra horietan nagusi den gorputza emakumezkoa da. Emakumezkoaren irudia erabiltze horrek ez du zerikusirik generoaren edo sexualitatearen sotiltasunak analizatzeko inolako interes berezirekin, baizik eta giza arketipoa emakumearen bitartez ordezkatzeko desira batekin. “Sexu aldetik neutroa zen gorputz bat sortu nahi nuen —dio Smithek—. Garrantzitsua zen egoera ‘amorfo’ kontrolaezin batean egongo zen sexurik gabeko gorputz femenino bat sortzea. [...] Gorputz femenino batek gorputza irudikatu ahal izango luke haragi-masa formagabe gisa, gizateria irudikatzen duen gorputz maskulinoak ez bezala?

Smithek interes handia erakutsi du, halaber, gorputzaren eta dituen luzakinen arteko harremanarekiko. “Gorputza daukagu, horrek agentzia gaitasun bat du —bizitasuna du, mugikortasuna du, guztia du—, eta gero luzakin horiek, apendize horiek dauzkagu, titiak esaterako, edo zakil eroria, ilea, are beso bat ere”. Girlanda (Daisy Chain, 1992) obran, burua eta gorputz-adarrak objektu bereizi eta ebaki gisa ikusten ditugu, metalezko kate astun batez lotuta eta lurrean pilatuta. Smithen obretako askok “gorputz-masa eta gorputzaren luzakinak aipatzen dituzte, horietako bakoitzak energia-mota bat duela. Denak, funtsean (formalki), pieza bera dira”. Landa-operazioa (Field Operation, 1994) lanak miniaturazko zenbait mahai dauzka, eta sistema linfatiko txiki batzuk horien gainean; eta Ohe besoduna (Bed with Arms, 1996), berriz, bi besaurrez dago osatua, muskuluak eta odol-zainak agerian, ohe zuri baten gainean jarrita. Obra-multzo horretan, Smithi “gorputz bat sortzeko behar den informazio apurra interesatzen zitzaion”.

[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]