katalogoa
John Bock
Susan Thompson
- Izenburua:
- John Bock
- Egilea:
- Susan Thompson
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
- Neurriak:
- 27 x 23 cm
- Orrialdeak:
- 207
- ISBN:
- 978-84-95216-67-0
- Erakusketa:
- Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
- Gaiak:
- Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Sorkuntza artistikoa | Kalifornia | Haluzinazioak | Hizkuntza | Ikerketa aeroespaziala | Zinema | Zinema-generoak | Zientzia-fikzioa | Zinema estatubatuarra
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Bideoa | Eskultura | Instalazioa | Performance
- Aipatutako artistak:
- Bock, John
Bere karreraren hasieran, John Bock-ek hitzaldi performatiboak ematen zituen; horietan eszentriko sorta bat erabiltzen zuen, eskuz egindako tresna batzuk alegia, maleta batean garraiatzen baitzituen. Ekitaldi hori grabazio bitartez dokumentatzean, eta sarritan alde batera utziz performancearen erregistrotzat erabilitako osagarriak, eskulturak eta instalazioak sortuko zituzten film eta bideo zinematikoak egiteko interesa hasi zen agertzen Bock. Obra horietan narrazio loturarik gabeak sortzen ditu, eskuz egindako objektuak eta hizkuntza-jokoak ere baliatzen dituela efektu enigmatikoa lortzeko. Hizkuntzak material gisa dituen mugak behartzen ditu, hitzak eta esaldiak distortsionatzen dituen diskurtso-mota bat erabiliz, hain zuzen ere horien esangura ezkutatzearren sarritan. Bocken pertsonaiek metafisikoa esploratzen dute, haluzinazioak izaten dituzte sarritan, denboran zehar bidaiatzen dute, eta erretolika filosofiko inkoherenteak jaurtitzen dituzte.
Palms (2007) obrak Los Angelesera misio batera bidalitako bi hiltzaile alemanen nondik norakoa segitzen du. Kalifornia hegoaldean zehar dabiltza Lincoln deskapotable batean, eta duten eginbeharra betetzeko prest daude, traje beltz ongi konbinatuak soinean. Bidaia horretan zehar bi arkitektura-gune modernotara iristen dira, Richard Neutra arkitektoak diseinatutako etxe bat baita lehena, eta Rudolf Schindler-ek diseinatu beste bat bigarrena. Han informazioa bildu, eta gero hil egiten dituzte ezertarako balio ez dieten anfitrioiak. Izenik gabeko gizon baten bila dabiltzala, “The Palms” izeneko taberna batera iritsi, eta han zerbitzari batek esaten die bila dabiltzan gizona ez dela han; hurrena, denboraren eta espazioaren inguruko gogoeta erritmiko batean murgiltzen da, rap edo ahozko poesia eran. “Orainaren denboraz” eta “geroaren denboraz” ari dela, zerbitzariaren diskurtsoak iradokitzen du bila dabiltzan gizona denbora-espazio plano paralelo batean aurki dezaketela. Tabernan eserita, hiltzaileetako batek buruan jartzen du alanbrez, jogurt-potoz eta arrautza-azalez egin buruko konplikatu bat; besteak, aldiz, hodi batzuk sartzen ditu sudur-zuloetan, eta zigarreta piztu batzuk dauzkan apal moduko batetik hasten da erretzen. Mahai-futbolean/billarrean “Big Point” lorturik zerbitzariaren eta “Champ”en kontrako partida irabazi ostean (Bockek berak interpretatzen du “Champ”), bikotea Joshua Tree National Park-era doa, eta bila segitzen du, baita autoa hondatzen zaienean ere. Filma era anbiguo batean amaitzen da, eta askaerarik gabe.
Pieza honen formak eta estiloak zinema estatubatuarreko ohiko zenbait gai gogorarazten dizkigute, esaterako errepidezko bidaia, lagun arteko komedia, westernak edo ekintza- eta hiltzaile-filmak. Palms-eko billar-jokoan, ikusleak azken dueluko klimaxaren erreferentziak ere aurki ditzake, ohiko elementua inolaz ere horrelako filmetan. Bockek dioenez, “genero-gatazka” hori material gisa erabiltzen du, “objektuak lotu eta para-zona batera transferitzearren interpretazioa, muntaketa edo soinua” erabiltzen dituen oso antzera. Filmaren osagarri, filmeko atrezzorako erabilitako elementu batzuekin egindako instalazioa. Filmean deskapotablea hondatzen denean, hiltzaileetako batek “motorreko parasitoari” egozten dio errua. Bockek instalaziora eramaten du kontzeptu hori, baina, horretan, “filmeko motorreko parasitoak mutazio bat du, eta obesitatearen parasito madarikatu horda bat bihurtzen da. Motorrari darizkio, eta objektuen gainean labaintzen dira”. Instalazioak “filmeko eszena birsortzen du, baina era berri eta itxuragabe batean kontatzen du”. Bockentzat garrantzitsua ez da “instalazioa erlikia-sorta baten irudikapen hutsa izatea, baizik eta instalazioak elkarrekin fusionatzea filmeko elementuak”. Atrezzoko era guztietako osagarriei dagokienez, Bockek dio bere “pertsonaiek beti dutela errepertorio bat, eta horretan ikertu egiten dutela bere eginkizunen inguruan, eta inprobisatu egiten dutela eskura dituzten materialekin, eginkizun horiek egoki burutu ahal izatearren. Objektuek izaera esperimentala dute, eta espazioan lausoki esekita daude emaitzak”.
Palms-en basamortua gurutzatzen duen hiltzaile parearen kasuan ez bezala, Astronauta (Astronaut, 2003) filmak, Bock du protagonista, astronauta bakarti bat aurkezten du, espazio-ontzi batean, egiaz kanpoaldean “lurreratze-pista” bat daukan soto ilun bat den arren. “Hegaldian zehar –dio Bockek—, astronautak zenbait objektu erabiltzen ditu lurreratze pistako elementuekin harremanetan jartzeko”. Haluzinazio- eta amets-sorta baten bitartez, base-estazioarekin interakzioan aritzen da, mentalki. Astronauta espazioan bakarrik dagoen figura bat izatearen ideia gustatzen zaio Bocki, zeren eta “zientzia-fikzioaren generoa esploratzeaz gain, beltz monokromoan kokatzen baitu Gorputz-Izakia”.
[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]