katalogoa
Gabriel Orozco
Susan Thompson
- Izenburua:
- Gabriel Orozco
- Egilea:
- Susan Thompson
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
- Neurriak:
- 27 x 23 cm
- Orrialdeak:
- 207
- ISBN:
- 978-84-95216-67-0
- Erakusketa:
- Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Lan-prozesua | Materiala | Marian Goodman Gallery | New York
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Teknikak:
- Ensanblajea
- Artelan motak:
- Argazkia | Eskultura | Performance | Ready-made
- Aipatutako artistak:
- Orozco, Gabriel
Bere obra multzo askotarikoan, Gabriel Orozco-k eguneroko materialak erabiltzen ditu artearen eta errealitatearen arteko potentzialtasun-espazio bat sortzen duten ekintzetan. Egiten dituen argazki, eskultura, instalazio, marrazki eta pinturetan gogokoen dituen egitura geometrikoak lantzen ditu, ausazko uneei ere tokia ematearekin batera.
1998an New Yorkeko Marian Goodman Galleryn egin zuen erakusketa inauguratu aurretiko lau astean, Orozcok New York hiriaren hegoaldean zehar bidaiatu zuen, Penske Corporation-i alokatutako kamioi batean, hondakin-edukiontzi handien aldamenean gelditzen zela zabor-materialen bila. Material batzuk aukeratu, eta hurrena manipulatu egiten zituen, tokian bertan eskultura inprobisatu bat egiteko. Eskultura jada osatua zegoela zeritzonean, argazkiak egiten zizkion, kontu handiz kamioiaren atzealdean kargatu eta gidatzen segitzen zuen, hurrengo edukiontzira heldu arte. Proiektu horretatik atera zen eskultura-multzoa Penske proiektua (Penske Work Project, 1998) izango zen.
Orozkorentzat lan hori berak planteatu zuen erronka ludiko bat izan zen; berak ezarri zituen erregelak, eta horien arabera aritu zen. Proiektu horri dagokionez, artistak honakoa esan zuen: “Kamioi hau hirian zehar gidatzea jolas moduko bat da; aurkitzen dudanarekin sortu behar dut obra, eta tokian bertan gainera. Beraz, lan pixka bat egiten dut, batzuetan hogeita hamar minutuz, bi orduz beste batzuetan, harik eta konklusio deritzodan eta gustatzen zaidan aukerara iristen naizen arte. Orduan Polaroid bat ateratzen dut”1.
Eraikitzen ari ziren aldirietako zonetan kokatutako zabortegi industrial handietara joaten zen batez ere Orozco, eskultura inprobisatuetan diren materialek ongi erakusten duten moduan, ezen pladur-zatiz, oihal metalikoz, pintura-ontzi hutsez, zur kontratxapatuz eta poliestireno-aparrez eginak dira, eraldaturik eta berritxuraturik noski horiek guztiak, artistaren ikuspegi estetikoaren arabera. Objektu horiek zahartzapenetik ateratzen dituelarik, arkitekturaren hondarrak hartu eta, bere esku-hartzearekin, eskulturaren esparruaren barnean eraberritzen ditu. Obretako batean pertsiana veneziar batzuk ebaki zituen, horien metalezko lamak tolestu eta gomazko alfonbra batean josi zituen, grapa erraldoiak balira bezala. Beste batean, zuloak eginda zeuzkaten zurezko hiru kontratxapatu zati aurkitu zituen, eta hiruki eran jarri zituen, batzuk besteen kontra oinarrituta. Batzuetan, beste objektu arrotz eta ez berez industrial batzuk agertu eta dagokien tokia aurkitzen dute eskulturetan. Kasu batean, poliestireno-aparrezko pieza handi batzuk sofa baten edo ohe baten antzera daude jarrita, eta Eguberrietako urre koloreko bola batzuk dituztelarik gainean jarrita, argi-distirak zabaltzen dituzte zabor hautsez betean.
Readymadearen eta mihiztaduraren artean, eta horietatik bietatik harago iritsiz, obra horiek material aurkitu, alteratuekin landutako eraikuntzak dira, eta denbora errealean eginak. Espazio publikoetan eta oinezkoek ikusteko moduan sortuak izanak performance-dimentsio bat ematen die, gainera. Sortze-prozesua behatzaileari zabalduz, Orozcok beste batzuei aukera eman zien, materialari forma emateko prozesua ikus zezaten.
[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]
Oharrak
- Gabriel Orozco, aipatua in Ann Temkin, Briony Fer eta Benjamin H. D. Buchloh, Gabriel Orozco, erak. kat., New York, Museum of Modern Art, 2009, 141. or. [itzuli]