katalogoa
Damien Hirst
Susan Thompson
- Izenburua:
- Damien Hirst
- Egilea:
- Susan Thompson
- Argitalpena:
- Bilbo: The Solomon R. Guggenheim Foundation New York eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2011
- Neurriak:
- 27 x 23 cm
- Orrialdeak:
- 207
- ISBN:
- 978-84-95216-67-0
- Erakusketa:
- Bitarte argitsua: D. Daskalopoulos Collection
- Gaiak:
- Gizakia | Heriotza | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Beira | Erretratua eta autorretratua | Gogoeta | Ingurunea eta natura | Farmakologia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Hirst, Damien
Sarritan biologia, farmakologia eta entomologia harturik inspirazio-iturri, Damien Hirst-ek obra multzo askotarikoa sortu du, hilkortasunaren eta morbositatearen arteko harremanarekiko duen interes sakonak bultzatuta. Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, beirazko ontzi handietan formaldehidoan gordetako animaliak aurkezten hasi zen: Heriotzaren ezinezkotasun fisikoa bizi baten gogoan (The Physical Impossibility of Death in the Mind of Someone Living, 1991) ospetsuak 4 metro inguru luzeko tigre-marrazo bat erakusten digu, eta Ama eta semea zatituta (Mother and Child Divided, 1993) behi heldu bat eta txahal bat dira, erdibituak, erdiak elkarren ondoan jarrita daudela ontzi bereizi batzuetan.
Asmatikoak ihes egin du (The Asthmatic Escaped, 1992) lanean, Hirstek beste efektu bat lortzeko erabiltzen du beirazko ontzia: likido likatsu batean flotatzen ari den eta kontserbatuta dagoen gorputz bat erakutsi beharrean, gorputz absente bat aurkezten du, erakusmahaian geratu diren gauza pertsonalek uzten baitute agerian. Arropa pilatua, oinetakoak eta inhalagailu bat botata txoko batean, giza irudi bat espazio horretatik aienatu dela iradokiz. Hirstentzat, geratzen dena “atzean lagatako gauzek” osatu autorretratutzat interpreta daiteke. Figura desagertu hori bakeroak eta kirol-oinetakoak jantzitako ohiko artistatzat ulertzen du, eta nahi izaten du pentsatu “obra horiek ‘lanerako bidean den’ sortzailearen erretratu moduko bat direla, edo ‘lanetik etxera’ doanekoa. ‘Ezetz jakin zer gertatu zitzaidan lanera nindoala?’ moduko zerbaitez hasten diren txisteen antzekoa da”. “Artistaren iruditzat” ikusten du halaber Houdini, une oro iheskorra den eta bere artearen atzean aienatzen den norbanakotzat. Beira-arasaren beste erdian, tripode batean jarritako kamera batek arropa metaren norabidean begiratzen du, iradokiz ezen figurak, agian, ihes egingo zuela etengabe zaintzapean egotearen presiotik. Hirstek azaltzen du “une oro zelatatzen eta aztertzen gaituztela, nahiz gure irudimenaren fruitu den publikoa izan zelatari. [...] Behatzaile batek, erreala izan zein ez izan, gure portaera aldarazten du”. Zelatatua izate horretatik, ikusezin bihurtzeko desira betetzen da orain.
Maitaleak (Noizbehinkako bat-bateko maitaleak) (Maitale saiatuak) (Maitale h(arr)otzak) (Maitale estutzaileak) [The Lovers (The Spontaneous Lovers) (The Committed Lovers) (The Detached Lovers) (The Compromising Lovers), 1991] lanak Hirsten bi obra multzoren konfluentzia erakusten du: batetik animalia-gorputzen zatiak kristalezko ontzietan erakusten dituena dugu, eta farmakologiako produktuz hornitu erakusmahai gisa aurkezten dena bestea. Obra honetan, bi behiren barne-organoak formaldehidoz betetako flasko batzuetan kontserbatu dituzte, eta klinikako beira-arasentzako apaletan elkarren ondoan jarri. Hirstentzat, behi pare horrek erakutsi egiten ditu “lotura iraunkor bat eratzearren bi pertsona edo elementu lotzeko ahalegin modu desberdinak. Eskulturazko zerbait da eta, aldi berean, hunkigarria, erromantikoa”. Hirsten iritziz, “batasuna lortzeko egiten diren ahalegin askotarikoak, uneren batean porrot egitea beste paturik ez dutenak”, deskribatzen dituzte tituluko lau adjektiboek. “[...] Ez dio axola mozketak nolakoak diren, behien barne-organoak sekula ez dira erakusmahaian edo eskulturan sorburu dituzten behien gorputzetan bezain integratuta egongo; baina, artistak eta gizakiak izaki, ezin dugu ahaleginean etsi”. Horrelako obren atzean osagai emozionala ere badagoenez, Hirstek egiten duen aurkezpen klinikoak neutralizatu egiten du hori. “Beira-arasek sare baten antzera funtzionatzen dute beti niretzat —diosku—. Bitarteko ez hunkigarri baten lana egiten dute, objektu eta motibo hunkigarriak aurkezteko”.
[Itzultzailea: Luis Mª Larrañaga]